EMFk 2.000 euroko ekarpena egingo dio Xabier Ormazabal Bekari, materialean erabiltzeko

Martxoaren 26an amaituko da proiektuak aurkezteko epea. EMFren ekarpena kontuan hartuta, 9.000 eurokoa da laguntza. Maiatzaren 23an izango da aurten mendizale urretxuarraren oroimenezko mendi festa eta hor jakinaraziko da beka nork jasoko duen.

Ainhoa Unanue Xabier Ormazabal Bekaren irabazlea
Ainhoa Unanuek jaso zuen azken beka. Irudian, Andoni Ormazabal eta Unanue bera iazko ekitaldian. ALEX AREIZAGA
ramon olasagasti
2026ko martxoaren 2a
07:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

25 urtetik beherako mendizale gazteei, 2001. urtetik aurrera jaiotakoei hain zuzen, mendiko proiektuak gauzatzen laguntzea da Xabier Ormazabal bekaren helburua. Lehendik ere laguntza sendoa zen, 7.000 eurokoa, eta orain, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) beste 2.000 euroko ekarpena egingo du, mendiko materialean gastatzeko eta segurtasunean inbertitzeko.

Urretxuko Udalak duela bederatzi urte egin zuen bekaren lehen deialdia, eta hasieratik 3.000 euro jarri zituen mendizale gazteen ekimenak bultzatzeko, eta, bide batez, Xabier Ormazabalen oroimenari bizirik eusteko. Joan den urtean WOP-The Walk On Project fundazioak eta Mendi Film jaialdiak bat egin zuten bekaren egitasmoarekin, eta bakoitzak 2.000 euroko ekarpena egin zuen. Eta orain, EMFk egindako ekarria aintzat hartuta, guztira 9.000 eurokoa izango da laguntza.

«Interesgarria da Euskal Mendizale Federazioaren ekarpena, beka sendotzen duelako baina batez ere segurtasunaren ikuspegitik, gazteek materiala berritu dezaten, segurtasunean inbertitu dezaten, onenak emanda dagoen arnes hori alde batera utzi eta berria eros dezaten, soka zaharkituak berritu ditzaten....», nabarmendu du Andoni Ormazabalek, Xabierren anaiak eta ekimenaren sustatzaile nagusiak.

«Beka honen esentzia gazteei laguntzea da, Xabi bezalakoei, eta asko eskertzen diot udalari, beti eman izan digun babesagatik, eta nola ez, geroztik batu zaizkigunei: WOP fundazioari, Mendi Film jaialdiari eta orain Euskal Mendizale Federazioari. Aurtengoa bosgarren deialdia da, eta oso pozik gaude bekak hartu duen sendotasuna ikusita», adierazi du Ormazabalek.

Jendetza Xabier Ormazabalen oroimeneko mendi festan
Jendetza Urretxun, Xabier Ormazabalen oroimeneko azken mendi festan.

2024. urteko maiatzaren 30ean egin zuten Urretxun (Gipuzkoa) Xabier Ormazabal bekaren berri emateko topaketa eta ekitaldia, eta han iragarri zen moduan, aurtengo martxoaren 26an amaituko da proiektuak aurkezteko epea. Ormazabalen urtebetetze egunean, hain zuzen. Aurten, maiatzaren 23an egingo da haren oroimenezko mendi festa Urretxun. Urtero, mendizale eta eskalatzaile komunitate zabala biltzen da ekitaldi horretan.

Xabier Ormazabal Aristegi (Urretxu, 1981-Cho Oyu, 2004) Sobietar Batasun ohian zeuden bost zazpimilakoetara —Komunismo, Lenin, Korgenewskaya, Khan Tengri eta Poveda— igo zen lehen euskal mendizalea izan zen. Elurretako lehen euskal lehoinabarra, titulu eta ohore hori ematen baitzaie Pamir eta Tien Shan mendiguneetako bost gailur gotor horietara igotzen direnei. Azken bi zazpimilakoetara, Lenin eta Korgenewskayara, espedizio berean igo zen Ormazabal, 2004ko udan. Tajikistandik bueltan, apenas egin zuen hamabostaldi bat Urretxun, eta Shisha Pangma zortzimilakora (8.046 m) jo zuen segidan. Eta hara igo ondoren, Cho Oyura. Han hil zen, 2004ko urrian.

Bekaren oinarriak Urretxuko Udalaren webgunean daude. Duela bi urte egindako deialdian, bost proiektu aurkeztu ziren, eta Ainhoa Unanue Bereziartua zumarragarraren egitasmoak jaso zuen beka. Bi zati zituen Unanueren asmoak: lehenbizi, Alaska hegoaldean eski zeharkaldi bat eginez itsasora iristea, eta itsasontziz Valdez-era (Alaska); eta, ondoren, Valdezetik Anchoragera bizikletaz joan eta eski gainean beste zeharkaldi bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.