Erin McNeice eta Alberto Gines Munduko Kopako txapeldun

Britainiarrak eta espainiarrak lehen aldiz lortu dute titulua zailtasuneko modalitatean: McNeice bi probatan izan da garaile, eta Gines, probarik irabazi gabe, podiumera igo da sei lehietan.

ERIN McNEICE ESKALATZAILEA
Erin McNeice Baliko proban (Indonesia) garaile. EFE/EPA/MADE NAGI
ramon olasagasti
2025eko irailaren 8a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteburu honetan bukatu da Koper hirian (Eslovenia) Kirol Eskaladako Munduko Kopa zailtasuneko modalitatean. Sei proba izan dira guztira, eta erregularrenak izan dira irabazle: Erin McNeice britainiarra eta Alberto Gines espainiarra. Koperreko proban, nesketan, etxeko idoloa gailendu da, Janja Garnbret, esloveniar guztien gozagarri. Mutiletan, berriz, Sorato Anraku japoniarra izan da irabazle.

Erin McNeice britainiarra indartsu hasi zen Munduko Kopan, irabazle izan zen lehen bi probetan, Wujiangen (Txina) eta Balin (Indonesia), eta, hein handi batean, garaipen horiei esker izan da Munduko Kopan ere txapeldun, hurrengoetan tartea higatuz joan baitzaio Chaehyun Seo korearra, eta asko gerturatu zaio azkenerako. Innsbrucken (Austria) hirugarren izan zen, Chamonixen (Frantzia) hirugarren, Madrilen (Espainia) laugarren, eta Koperren ere laugarren izan da asteburuan.

Munduko Kopako podiumean, Chaehyun Seo izan da bigarren, eta Laura Rogora italiarra hirugarren.

ALBERTO GINES
Alberto Gines Munduko Kopako Indonesiako proban. EFE/EPA/MADE NAGI

Gizonezkoetan, Alberto Gines oso erregularra izan da denboraldi osoan: espainiarra podiumean izan da sei probetan, hirutan bigarren koskan eta beste hirutan, hirugarrenean. Agian garaipen baten distira falta izan zaio, baina Munduko Kopan lortutako garaipena bera da, finean, garrantzitsuena. Koperreko probako podiumean, Kopako aurreko bi txapeldunak izan ditu ondoan: Sorato Anraku japoniarra izan da irabazle, eta Toby Roberts britainiarra hirugarren.

Koperreko azken proba horretan, Ginesek ondo kudeatu du aurkarien presioa. Munduko Kopako sailkapen nagusian, bi japoniar izan ditu ondoan: Sorato Anraku bigarren, eta Satone Yoshida hirugarren.

Mikel Linazisoro Europan jokatu diren probetan lehiatu da Munduko Kopan, eta 70. izan da sailkapen nagusian.

Emaitza guztiak, IFSC-ren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.