Chamonix-Zermatt zeharkaldia da, zalantzarik gabe, mendiko eskiko ibilbideen artean klasikoena eta ospetsuena. Alpinismoaren bi gune nagusiak lotzen ditu zeharbideak, Chamonix eta Zermatt. Edo beste modu batera esanda, Mont Blanceko mendigunea eta Matterhorn edo Cervinoko mendigunea. Chamonixeko elizatik abiatu eta Zermatteko elizara iritsi, 100 kilometro pasatxoko ibilbidea da, eta 8.300 metroko goranzko desnibela gainditu behar da batetik bestera, hainbat glaziar tartean. Eskiatzaile arruntek 6-7 egunean egiten dute Haute Route klasiko hori, baina 2008an Stephane Brosse handiak eta Lionel Bonnel lagunak 24 orduko langa hautsi zuten: 21 ordu eta 11 minutuan osatu zuten bidea, non stop edo gelditu gabe. Mugarri bat ezarri zuten, eta, geroztik, denbora hori murriztuz joan dira eskiatzaileak. Urteotan, muturreko errendimenduaren joko eremu bihurtzen ari da Chamonix eta Zermatt artekoa.
Udaberri honetan, astebete eskasean, hiru errekor gainditu dira Haute Route klasiko honetan. Apirilaren 5ean, gauerdian, Chamonixeko elizatik abiatu ziren Matheo Jacquemoud frantziarra eta William Boffelli italiarra. Jacquemoud ikaragarri indartsu zegoen: hogei egunean Alpeetako zeharkaldia (2.189 km eta 86.000 metroko goranzko desnibela) egitetik zetorren, eta iruditu zitzaion sasoi puntu egokian egon zitekeela 2023an Benjamin Vedrines eta Samuel Equy herrikideek egindako marka gainditzeko. 14 ordu eta 54 minutu, horixe zen hautsi beharrekoa.

Jacquemoudek eta Bofellik helburu argia zuten: 14 orduko langatik jaistea. Eta eguraldi eta elur baldintza oso onak izan zituzten hasieratik: gau epel antzekoa, haizerik ez, elurra baldintza onetan... «Azken jaitsieran, elurra itsaskorragoa zegoen, baina, oro har, baldintza bikainak izan ditugu. Talde ona osatu dugu, aspalditik ezagutzen dut William eta ondo hartu dugu elkar, erritmoari ondo eutsiz», adierazi zuen Jacquemoudek Zermatteko elizara iristean. 13 ordu, 27 minutu eta 49 segundoan geratu zuten ordularia. Ia ordu eta erdian (1.27) hobetu zuten Vedrinesen eta Equyren errekorra.
Emakumezkoen bi marka, hiru eguneko tartean
Bi egunen buruan, Hillary Gerardi estatubatuarra –aspaldi Frantzian bizi bada ere– eta Valentine Fabre frantsesa abiatu ziren Chamonixetik, emakumezkoen marka hausteko asmoarekin. Duela bost urte, 2021ean, Gerardi eta Fabre izan ziren lehen emakumeak zeharkaldi hori non stop egiten. Orduko hartan, apirilaren 4ko 14:00etan abiatu ziren Chamonixko elizatik eta apirilaren 5eko 16:21ean heldu ziren Zermattera. 26 ordu eta 21 ordu behar izan zituzten. Iaz, berriz, Gaëlle Perrier eta Clara Masserey bikote suitzarrak ondu zuen marka, eta lehen aldiz hautsi zuen 24 orduko langa: 23 ordu eta 36 minutu. Beraz, beren marka «berreskuratzeko asmoz», apirilaren 7an, eguerdian, Chamonixko elizatik abiatu ziren Gerardi eta Fabre.
Argentieren, Laetitia Roux batu zitzaien, hainbatetan mendiko eskiko munduko txapeldun izandakoa, eta Zermatteraino lagundu zien. Lehen kilometroetan, aldakako minez, Roux ez zen haiekin izan. Hainbat aste lehenago, hiru eskiatzaileek xehetasun osoz aztertu zuten zeharkaldia, eta glaziarrak eta zati teknikoak nola zeuden egiaztatu zuten. Bazekiten baldintzak ezin hobeak izan zitezkeela, eta horrela berretsi zuen haien ordulariak Zermatteko ailegaeran: 22 ordu, 35 minutu eta 20 segundo. Ordubete pasatxoan hobetu zuten aurreko marka.

Alabaina, gutxi iraun zien pozak Gerardi eta Fabreri. Baldintza on horiek adoreturik, Marie Pollet-Villard eta Laurie Renoton frantziarrak aurreko ostiralean, apirilak 10, abiatu ziren alpinismoaren hiriburutik,14:27an. Mendiko eskiko probetan elkarrekin aritzen dira Pollet-Villard eta Renoton –aurtengo Pierra Mentan, adibidez–, eta bikain moldatzen dira elkarren artean. Horren erakusle, Chamonixtik abiatu eta 20 ordu eta 34 minuturen buruan, larunbatean, apirilak 11, hamaiketakoa egiteko puntuan (11:01), Zermatten ziren. Beraz, ia bi orduz hobetu zuten Gerardi eta Fabreren aurreko marka.
«Dena ikaragarri ondo atera da», adierazi zuen Renotonek. «Oso sendo eutsi diogu, beheraldirik eta aparteko arazorik gabe. Gainera, anoa guneetan laguntza handia jaso dugu. Mendiko egun zoragarria izan da, amestutako horietakoa. Marka ona da, baina uste dut hobetu daitekeela. Beste emakume batzuk animatu nahi ditugu erronka honetara, abentura zoragarria baita».