Espedizio «gazi-gozoa» kondorren begiradapean

Eneko eta Iker Pou anaiek ‘Kuntur’ bidea zabaldu dute Huayhuash mendilerroko Jurau mendian, Churup mendia igo dute eta 'Karma de Condores' bidea eskalatu dute bistaz. Alabaina, bederatzi lagun galdu dituzte udan, eta horrek hausnartzera eraman ditu.

Iker eta Eneko Pou Jurau A mendian (5.520 m, Huayhuash mendigunea, Peru) 'Kuntur' bidea zabaltzen
Poutarrak 'Kuntur' bidearen pasarteetako batean. POU ANAIAK
ramon olasagasti
2025eko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zorigaiztokoa, lazgarria izan zen espedizioaren hasiera Iker eta Eneko Pourentzat: Ishinca haitzartera bidean zirela, Cesar Vicuña mendi gidariak deitu zien, Huarazko lagun batek:

– Mutilak, mendi gidari izateko prestakuntza jasotzen ari diren hiru gazte desagertu dira Artesonraju mendian. Jende zaildua behar da erreskatean lagundu eta ahalik eta azkarren bilatzeko. Ez dakigu bizirik dauden, eta, beraz, azkar mugitu behar dugu.

Taxia geldiarazi, eta elkarri begiratu hutsarekin hartu zuten erabakia Enekok eta Ikerrek: «Dena prest genuen, mandazainak zain Ishuncan gure asmoari heltzeko, baina asmoa bertan behera utzi genuen, eta Huarazera itzuli ginen, erreskatean laguntzera». Hainbat urtetako ibilian, hirugarren erreskatea zuten Peruko Cordillera Blancan; hiru egun egin zituzten Artesonrajun, ia lorik egin gabe eta jan gabe, baina zoritxarrez, gidarigaien arrastorik ez zuten aurkitu salbamenduan parte hartu zuten taldeek. Zorigaitzaren gordina hogei egunen buruan baieztatu zen: droneen bidez bistaratu zituzten Efrain Hommer Pretel Alonzo eta Jesus Picon Huerta perutarren eta Edson Vandeira Costa brasildarraren gorpuak. Elur jausi batek hartu zituen azpian.

Artesonrajuko erreskate ahaleginaren ondoren, gorputza eta gogoa artean abailduta, Churup mendira (5.493 m) jo zuten poutarrek. Huaraztik bertatik bistara daiteke gailur hori, baina igotzeko zeukaten artean. «1980ko eta 1990eko hamarkadetan klasiko bat zen, baina orduan askoz elur eta izotz gehiago izaten zuen mendiak. Gaur egun, klima aldaketaren eta tenperatura igoeren ondorioz, harkaitza bistan geratu da, oso-oso apurtua, eta, beraz, ez da jende asko joaten hara. Aurten, ordea, elur gehiago zuen, eta saiatzea erabaki genuen», azaldu du Enekok. Haren altzoan Churupita aintzira ederrean jarri zuten kanpaleku nagusia, eta mendiaren hego-mendebaldetik egin zuten igoera, hamazazpi orduko jardun etenik gabean. «Ez dakigu gure igoerako lerroak bide berriren bati jarraitzen dion ala ez. Aurreko hamarkadetan mendi klasikoa zen Churup, baina erreferentziarik ez dugu aurkitu; hala ere, ez dugu ziurtasun erabatekorik». Bideak 1.000 metro inguru ditu. Zailtasuna: M5+/V+/65º.

Iker eta Eneko Pou anaiek Churup mendian (5.493 m, Peruko Cordillera Blanca), hego-mendebaldeko horman igotako bidea
Churup mendiaren (5.493 m) hego-mendebaldeko horman igotako bidea. POU ANAIAK

Churupekoa aurtengo espedizioaren asmo nagusiaren atarikoa izan zen. Egun batzuen buruan, Huayhuash mendilerrora joan ziren anaia gasteiztarrak lehen aldiz, eta harri eta zur geratu ziren hango naturaren izaera basarekin: «Cordillera Blancan zazpi denboraldi egin eta gero, halakorik ikusi gabeak ginen. Lekua zoragarria da, oso basatia. Aspaldi Huarazen bizi den Aritza Monasteriok azaldu zigun bera 80ko hamarkadaren hasieran egon zela lehen aldiz, eta, urteak igaro ahala, gero eta jende gehiago doala hara, baina, hala eta guztiz ere, bakardade hori sentitzen duzu», Enekoren arabera. Cordillera Blanca eta Huayhuash mendiguneak alderatzeko, Pirinioak eta Europako mendiak jarri ditu adibidetzat: «Bat handiagoa eta jendetsuagoa da, eta bestea txikia, basa eta autentikoagoa».

«Sekulako luxua izan zen kondorrak gainean genituela eskalatzea. Eskalada asko egin eta bide asko ireki ditugu, baina horrelakoak oso gutxitan bizi izan ditugu»

ENEKO POU Eskalatzailea

Huayhuash mendilerroan, Siula mendien multzoa aztertu zuten hasiera batean, ea han bideren bat ireki zezaketen, baina goi mendirako baldintzak «txarrak» zirela azaldu dute, elur asko zegoela, eta, ondorioz, altuera apalagoko harkaitzezko horma bati bota zioten begia: Jurau A mendiaren ekialdeko hormari. «Harkaitza kalitate handikoa da, oso ona. Kareharria. Ez da ohikoa. Azken batean, Andeetan, Himalaian eta Alpeetan granitoa da gehiena, eta gu kareharrrian zailduagoak gaude. Beraz, abantaila izan zen hori», nabarmendu du Eneko Pouk.

Bi egun egin zituzten horman. Lehen egunaren azken hatsean, 5.000 metro parean, bibaka egin behar zuten, erlaitz ezdeus batean. Bigarren egunean ere eguneko argiak –«eta indarrak!»– agortuta iritsi ziren gailurrera, hamahiru orduko ahalegin jarraituaren ondoren. Bigarren egun horretan, hormaren amaieran, mistoko eta elurretako hainbat luze eskalatu behar izan zituzten. «Ilunbistan, tontorretik pare bat ordu egin genituen rappel egiten, 5.250 metrora arte, eta han beste bibak bat egin genuen. Lehertuta ginen: bezperan hamabi orduko jarduna, gailurreko egunean hamahiru ordukoa, bi egun lehenago ere ia bost ordukoa...». Hirugarren egunean, rappelari rappela, zazpi orduan heldu ziren hormapera, bidea garbi-garbi utzita; izan ere, material higigarrien bidez babestu zuten beren burua eskalada osoan.

Iker eta Eneko Pou Jurau A mendian (5.520 m, Huayhuash mendigunea, Peru) 'Kuntur' bidea zabaltzen
'Kuntur' bidearen azken zatian, elurrezko luzeetan. POU ANAIAK 

Igoerako lerroa luzea geratu zaie, 1.575 metrokoa. Zailtasunak: 6c harkaitzean, 70º elur eta izotzean eta M5 eskalada mistoan. «Harkaitzezko bidea da batez ere, La Esfinge-ren antzekoa (horixe da Cordillera Blancako ikurra), baina hura baino altuagoa eta luzeagoa. Azkeneko luzeak, gainera, elur eta izotzetan dira, eta, beraz, igoera osoagoa da. Luze giltzarriak ez dira muturrekoak, baina bai esposizio handikoak, babesteko zailak», jakinarazi du Enekok. Horman ez zuten segururik iltzatu, zulagailurik eraman ere ez zuten egin, eta horrek «are serioagoa» egiten du eskalada, Enekoren irudiko. «Bibakerako materialarekin eta pisuarekin eskalatu beharrak, berriz, fisikoagoa eta logistika aldetik zailagoa bihurtu zuen igoera. Graduak —6c gehienez— ez dio justiziarik egiten lerroari: aseguru higigarriekin eta esposizio dezenterekin, ez da batere erraza sekzio horiek egitea».

«Aurrez ere lagun asko galdu izan ditugu, baina adinean gora goaz, eta gazteak bidean gelditzen direnean, beste modu batera ikusten dituzu gauzak. Azken batean, bizitza galtzea jolasaren bukaera da, bai zuretzat eta batez ere maite zaituen jende guztiarentzat»

ENEKO POU Eskalatzailea

Perun zabaldu duten hogeigarren bidea izan da Kuntur, kondorra kitxuaz. «Sekulako luxua izan zen kondorrak gainean genituela eskalatzea. Zazpi sasoi Cordillera Blancan eta behin baino ez genituen ikusi kondorrak: Rurek haitzartean Zerain bidea ireki genuenean, hain zuzen, baina orduan oso urrun, eta oraingo honetan gure gainean izan genituen etengabe bueltak ematen. Eskalada asko egin ditugu, bide asko ireki ditugu, baina horrelakoak oso gutxitan bizi izan ditugu».

Galderak eta hausnarketak

Peruko egonaldiko azken egunetan ere kondorren artean jarraitu zuten hegan, eta Cordillera Blancan ospe berezia duen beste bide bat eskalatu zuten Ishincako haitzartean: Karma de Condores (350 m, 9 luze, 5.11+R). Eskalatu, gainera, bistaz eskalatu zuten bidea, aurrez inolako saiakerarik egin gabe. «Pitzaduretako eskaladetan mendilerroko biderik ezagunena izango da; ez genuen espero hain bide jarraitua eta gogorra. Yosemiteko granitozko zenbait bide ekarri zizkigun gogora, Astroman esaterako. Aldea da Karma de Condores 4.000 metrora dagoela, eta hego aurpegian, hau da, egun osoa ospelean. Pozik gaude egun bakarrean lortu genuelako: Cochapampatik autoz abiatu eta autora iritsi, 13 ordu egin genituen guztira, friend-ekin babestuta. Graduazioa oso estua dela iruditu zaigu, batez ere arrakaletan eskalatu ez duen jendearentzat. Bide bikaina da, luzez luze kalitate handikoa. Espedizioa bukatzeko jarduera ederra izan zen», nabarmendu dute poutarrek.

Iker eta Eneko Pou Peruko Cordillera Blancako 'Karma de Condores' bidea eskalatzen
'Karma de Condores' bidearen arrakaletan eskalatzen. POU ANAIAK

Artesonrajun hildako hiru mendizaleez gain, Enekok eta Ikerrek beste sei kide ere galdu dituzte aurtengo udan mendian. Alde horretatik, «espedizio gogorra eta gazi-gozoa» izan dela aitortu dute. «Kirol aldetik gauza politak egin ditugu, baina hainbeste jende galdu izana oso gogorra da. Jende asko izan da, gehiegi. Gu ez gara robotak. Aurrez ere lagun asko galdu izan ditugu, gazteagoak ginela, baina adinean gora goaz, 50etik gora nire kasuan, eta, jende gaztea bidean gelditzen denean, beste modu batera ikusten dituzu gauzak. Azken batean, bizitza galtzea jolasaren bukaera da, bai zuretzat eta batez ere aldamenean maite zaituen jende guztiarentzat. Orain beste modu batera bizi dugu, eta gogorragoa egiten zaigu hau guztia onartzea», aitortu dute Eneko eta Iker Pouk.

Hausnartu izan dute horri buruz aurrez ere. Iazko abenduan, haien bigarren liburuaren harira eginiko elkarrizketan ere adierazi zuten, esaterako, saiatzen direla alpinismoko erronka gogorrei heltzen, bai, baina segurtasuna ere asko zaintzen dutela, ikusten dutelako Urrezko Pioleta jaso duten asko, zoritxarrez, ez daudela jada gure artean. «Gaur egun alpinista gazteek maila ikaragarria dute, baina bide klasiko gehienak irekita daude, eta eskalada edo jarduera handiak egiteko asko arriskatu beharra dago, edo arrisku objektiboak handi samarrak diren lekuetatik sartu beharra dago. Zalantza asko sorrarazten digu horrek guztiak, eta geure buruari galdetzen diogu ea merezi duen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.