ramon olasagasti

Etxe bat norberarena

2025eko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxe bat norberarena. Yolanda Arrietaren liburuaren oihartzuna ekarri dit Mendietxe museoak eta Euskal Mendizaletasunaren Museoa (Emmoa) fundazioak sinatutako hitzarmenak. Mereziko zukeen Euskal Mendizaletasunaren Museoak etxe bat norberarena, baina behin-behinean, beste etxe batean, Mendietxen, hartu du ostatu azken hamarkada hauetan Emmoa fundazioak bildutako ondareak. Hitzarmen horren bidez, beraz, gure mendizaletasunaren historiako piezarik esanguratsuenak Azpeitiko Esklaben Komentuan erakutsiko dira datozen hiru urteetan.

Aspaldikoa da museoaren egitasmoa. Pako Iriondok, Euskal Mendizale Federazioko presidente izandakoak, 1999an Elgetan, federazioaren 75. urteurrena ospatzeko ekitaldian, jada iragarri zuen «asmo handiko proiektu bat» ari zirela lantzen: Euskal Mendizaletasunaren Museoa. Geroztik, erromesaldi moduko bat izan da museo hori aterpetuko zuen egoitza aurkitzeko egindako bidea, eta denetariko aldiak izan dira bidean: nekaldiak, pozaldiak, etsialdiak... Egoitzaren bila eginiko erromesaldi neketsu horretan, hauek izan dira balizko aukeretako batzuk: Elgeta bera, nola ez; Arantzazuko Gandiaga eraikina, Durangoko Murueta Dorrea, Donostia, Berrobi, Urkiola... Ondo laburtu zuen bide hori Txomin Uriartek, Emmoako presidenteak, iaz federazioaren mendeurrenari buruz Pyrenaica aldizkarian argitaratutako monografikoan. En busca de la sede perdida izenburua jarri zion artikuluari.

Batzuetan lekuaren egokitasun falta, beste batzuetan tokian tokiko agintarien edo eraikinaren jabearen ezetza; arrazoi bat zela, bestea zela, aukera horiek ez ziren gauzatu. Ilusioz eta aldi berean zangotrabaz betetako harat-honat horretan, 2021ean Tolosako aukera sortu zen, eta indarra hartuz joan zen. 2022ko azaroan, Tolosako Udalbatza osoak, Olatz Peon alkatea (EAJ) buru zela, eta EH Bilduko Andu Martinez de Rituerto eta PSOEko Joxemari Villanueva ordezkari zirela, adostasun osoz, akordio historikoa izenpetu zuen Emmoarekin eta bi mendi federazioekin, Arkaute izeneko etxearen erabilera lagatzeko. Bazirudien zailena egina zegoela, eta 2024an ospatzekoa zen federazioaren mendeurrenean ospatzeko beste motibo bat izango zela.

Tolosako Udalak bi konpromiso hartu zituen: etxearen lagapena eta eraikina egokitzeko obren ardura. Hasieran, obren aurrekontua 600.000 euro ingurukoa zen. Ibilian-ibilian, ordea, erabateko desadostasuna sortu zen Emmoak kontratatutako arkitektoen eta udaleko arkitekto taldearen artean, eta, egoera bideratze aldera, Udaleko Hirigintza Sailak museoaren oinarrizko proiektua egiteko enpresa bat kontratatzea proposatu zuen. Enpresa horrek aurkeztutako aurrekontuak, ordea, beste kopuru batzuk erakutsi zituen: obrak gauzatzeko 1.500.000 euro beharko ziren, eta obra zuzentzeko beste 140.000 euro. Kopuru handiegiak herri bakar batek bere gain hartzeko. Are gehiago Euskal Mendizaletasunaren Museoa proiektu nazionala dela kontuan izanda. Hala adierazi du Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak sare sozialen bidez prozesu osoari buruzko argibideak emateko idatzian: «Nazio ikuspegiko proiektu bat ezin du udal batek bakarrik egin, beharrezkoa da maila handiagoko erakundeen babesa». Tolosako alkateak berak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailera —Kontseilariordetzara eta Kiroletako zuzendaritzara, zehazki—, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailera jo zuen babes horren eske, baina Martinez de Rituertok jakinarazi du gaur-gaurkoz ez dutela inolako erantzunik jaso.

Mendietxe museoaren eta EMMOAren arteko lankidetza hitzarmena
Astelehenean Mendietxe museoaren eta Emmoaren arteko lankidetza hitzarmenaren berri emateko bi aldeek eta erakunde babesleek eginiko agerraldia. JON URBE / FOKU

Bitarte horretan, Alex Txikonek Mendietxe museoa zabaldu zuen 2024ko azaroan Azpeitian, Soraluze Elorza familiaren jabetzako Esklaben Komentuan. Ikusgarria da eraikina; ikusgarria Mendietxen bildutako mendiko piezen bilduma. Ederra da museoa. Txikonek, hogei urteotako ibilian, ehunka, milaka pieza historiko bildu ditu eta jarraitzen du biltzen, lan nekaezinean. Oraintxe bertan, elizan, ehunka piolet, friend eta eskaladako tresna daude ikusgai, kirolaren eboluzioaren lekuko.

Soraluze familiaren eta inguruko enpresen laguntzarekin gauzatu zuen Txikonek Mendietxe museoaren lehen fasea, gau eta egun lan eginez. Eta museoaren inaugurazioan, erakundeen laguntza eskatu zuten bai Txikonek berak eta bai Soraluze familiak, proiektuak aurrera jarraitu ahal izateko. Orain, bigarren eta hirugarren faseetan lanean ari diren honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren babesa jasoko du Mendietxek. Euskal Mendizaletasunaren Museoaren proiektua, berriz, erakundeen babesari dagokionez, oraindik zurtz dago.

Mendietxe inauguratu zutenean aipatu genuen museo ikaragarri ederra dela, harrigarria dela han dauden milaka piezen bilduma, baina Mendietxe ez dela euskal mendizaletasunaren museoa. Orain, sinatu berri den hitzarmenaren bidez, 2026ko urtarriletik aurrera, Emmoak urtez urteko inurri lanean bildutako ondare hori guztia ikusgai izango da Mendietxen, datozen hiru urteetan gutxienez. Beraz, etxe hartara doazenek biez gozatu ahal izango dute: Azpeitiko museoko bilduma ikusgarriaz eta euskal mendizaletasunaren historiaren arima osatzen duten harribitxi guztiez.

Duela bost urte ere aztertu zen, Txikonen konplizitateari esker, Euskal Mendizaletasunaren Museoa Azpeitiko Esklaben Komentura eramateko aukera, baina, Emmoak eraikina birgaitzeko aurkeztutako aurrekontua ikusita, Soraluze familiak ezetz esan zuen orduan. Bost urte geroago, baliteke bide bateratu baten hasiera izatea hau. Hala adierazi zuen Txikonek astelehenean: «Teilatupe berean gaude. Mendietxe, niretzat, Emmoa da. Museoaren izena teknizismoa besterik ez da. Izen horrekin jaio zen, baina aldatu behar bada, aldatuko da, denok ados bagaude». Teilatupe berean izango dira 2026tik aurrera, bai, baina Emmoak 16.500 euroko alokairua ordaindu beharko du trukean. Nafarroako Federazioak eta EMFk ordainduko dute diru hori; hau da, Hegoaldeko 55.000 mendizale federatuek. Teilatupe berean izanik eta Mendietxek erakundeen aldetik jasoko duen babesa kontuan harturik, harrigarri samarra egiten da alokairuaren kontu hori.

Ez luke zentzu handirik hain herri txikian mendiari eskainitako bi museo izateak, bat Uzturreren magalean eta bestea Izarraitzen altzoan. Bi proiektuak nolabait uztartzea begitantzen da konponbide zentzuzkoena. Benetan uztartzea; biak bat izatea. Azpeitikoa zabalik dagoela, mendiarekiko interesa dutenek, eskoletan ikasten ari diren biharko mendizaleek ondare horretaz guztiaz leku berean eta osotasunean gozatu ahal izatea bide da egokiena. Mendietxe mendiaren etxea bada, euskal mendizaletasunaren historiak ere izatea etxe bat norberarena, teilatupe berean, sentitzea etxe hori berea ere baduela, beste inorenean apopilo izan gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.