Mendietxe museoak Emmoaren ondarea aterpetuko du datozen hiru urteetan

Bi aldeen arteko lankidetza hitzarmenaren bidez, 2026ko urtarriletik aurrera Emmoaren funtsak ikusgai izango dira Esklaboen Komentuko bigarren solairuan. Museoaren bigarren faserako, Gipuzkoako Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren babesa jaso du Mendietxek.

Mendietxe museoaren eta Emmoaren arteko lankidetza hitzarmena
Bi aldeetako, federazioetako eta erakunde babesleetako ordezkariak hitzarmenaren berri emateko agerraldian. JON URBE / FOKU
ramon olasagasti
Azpeitia
2025eko maiatzaren 26a
16:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak (Emmoa) azken hamarkadetan bildutako ondare historikoa Azpeitiko Mendietxe museoan izango da ikusgai datozen hiru urteetan. Bi aldeek gaur eman dute horretarako sinatutako hitzarmenaren berri, Mendietxen bertan. Museoaren bigarren faseko lanetan ari dira orain, Azpeitiko Esklaboen Komentuaren bigarren solairua egokitzen –hor erakutsiko dira, besteak beste, Emmoaren funtsak–, eta, fase horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren laguntza izango du Mendietxek.

Alex Txikonek adierazi du Mendietxe zabaldu zenetiko «egunik zoriontsuena» dela gaurkoa. «Mendietxe eta Emmoa bide beretik doaz. Ez dugu hau eraiki biharko egunean desagertzen uzteko. Hitzarmen honen bidez eta Gipuzkoako Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren babes ekonomikoari esker, hau aurrera aterako dugu. Teilatupe berean gaude, eta hau ezkontza moduko bat da. Sokaldi bat. Pausoz pauso joango gara. Gu joango gara, baina hau epe luzerako proiektua da. Mendietxe, niretzat, Emmoa da. Museoaren izena teknizismoa besterik ez da. Izen horrekin jaio zen, baina aldatu behar bada, aldatuko da, denon adostasunez, bi aldeok bide berean jarraitu nahi baitugu. Hutsegiteak egingo ditugu, bai, baina zuzenduko ditugu».

«Gure ondare hori guztia erakusteko bi areto izango ditugu. Hala, Emmoak, bere nortasunari eutsiz, osatu egingo du Mendietxe museoa»

TXOMIN URIARTEEmmoa fundazioko presidentea

Emmoa fundazioaren izenean, Txomin Uriarte presidenteak adierazi du «ilusioz» hartu dutela fase berri hau, azken hamalau urteotan euskal mendizaletasunaren ondare historikoa berreskuratzeko, mantentzeko eta zabaltzeko egindako ibilbidean. Egindako lan horren guztiaren aitortza izan da, esaterako, Mendiko Museoen Nazioarteko Elkargoan kide gisa onartu izana Euskal Mendizaletasunaren Museoa. «Orain, Alex Txikonekin eta Soraluze familiarekin sinatutako hitzarmenari esker –eraikinaren jabea da Soraluze familia–, gure ondare hori guztia erakusteko bi areto izango ditugu datozen hiru urteetan modu iraunkorrean. Hala, Emmoak, bere nortasunari eutsiz, osatu egingo du Mendietxe museoa», adierazi du Uriartek. Era berean, azpimarratu du erabilera horrengatik Emmoak urtean 16.500 euroko alokairua ordaindu beharko diola Mendietxeri, eta EMFk eta Nafarroako Federazioak ordainduko dutela diru hori. Gaur egun Hego Euskal Herriko bi federazioetan dauden 55.000 mendizale federatuek, alegia.

Miren Eizmendik, Nafarroako Mendi Federazioko presidenteak, Euskal Herriko Mendi Biltzarraren izenean –Biltzar horrek biltzen ditu Hegoaldeko bi federazioak– adierazi du egokiera ezin hobea dela Mendietxen Euskal Herriko mendizaletasunaren historia sartzeko. «Federatu guztiontzat aukera aparta da. Adibidez, Euskal Herriko emakume alpinista eta eskalatzaile aitzindariei buruzko Gailurretan izan gaitun erakusketa hemen izango da, eta hemen geratuko da. Hortaz, federazioen aldetik, elkarlan horri eta bide horri jarraitu nahi diogu». Hari beretik, Koldo Aldazek, Nafarroako Federazioaren izenean, adierazi du bikote baten moduan elkar ezagutzen ari direla eta oraingoz hiru urtekoa dela konpromisoa.

«Teilatupe berean gaude, eta hau ezkontza moduko bat da. Mendietxe, niretzat, Emmoa da. Museoaren izena teknizismoa besterik ez da. Bi aldeok bide berean jarraitu nahi dugu»

ALEX TXIKONMendietxe museoaren sustatzailea

Goizane Alvarezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirola diputatuak, bi aldeek «eskuzabaltasunez kultur ondarea bateratzeko erakutsitako gaitasuna» nabarmendu du. «Gure ondarearentzako oso egun zoriontsua da gaurkoa, ondarea memoria baita, eta memoriak gure nortasuna elikatzen baitu. Emmoaren funts horiek, lehendik Mendietxen dauden pieza horiek guztiek, kontakizun bat osatzen dute, iraganetik eraikia, oraina aintzat hartzen duena eta etorkizunera begirakoa. Eta bai Mendietxek eta bai Emmoak zerbait erakutsi baduzue, horixe da, eraiki ditzakegula narrazio berriak lankidetzaren eta eskuzabaltasunaren bidez».

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak adierazi du udalak ere bidelagun izan nahi duela asmo honetan, eta 20.000 euroko ekarpena egingo duela datozen faseei begira. «Beti esaten dugu mendia ez dela paisaia bakarrik, gure nortasunaren parte ere badela, Azpeitia herri mendizalea baita, eta, alde horretatik, pozgarria da horrelako museo bat hemen izatea, eta are gehiago Emmoarekin lankidetza hau sinatu ondoren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.