Ricardo Mejia (San Juan Bautista Coixtlahuaca, Mexiko, 1963) mendi lasterketen historiako korrikalari handienetako bat da. Mendiko erregea da haren ezizena. Lasterketa ugari irabazi arren, Euskal Herrian duela hogei urte egin zen ezagun, 2006an Zegama-Aizkorri mendi maratoia irabazi baitzuen. Garaipen hark Europako ateak ireki zizkion, eta Skyrunner World Series munduko zirkuitua irabazi ahal izan zuen. Aurten ere Zegaman (Gipuzkoa) izan da. Antolakuntzak emandako sari bat jaso ez ezik, kilometro bertikalean parte hartu zuen.
Mendian hasi aurretik, pistan lehiatu zinen. Nondik datorkizu zaletasuna?
17 urte nituela hasi nintzen pistan korrika. Lehenik, 1.500 metroko proban aritu nintzen, eta ondoren 3.000 metroko oztopodunetan, 5.000 metrokoan eta 10.000 metrokoan. Gero, errepidean hasi nintzen lasterketa, eta hamar eta hogei kilometroko probak eta maratoiak egin nituen. 1984an korritu nuen lehen maratoia Mexikon, 2.200 metroko altueran. 2 ordu eta 28 minutu behar izan nituen 42 kilometroak egiteko. Baina 1985ean mendian entrenatzen hasi nintzen. Nire indarguneak eta genetika kontuan hartuta, mendian hobeto ibil nintekeela pentsatzen zuten ordura arte nirekin pistan ibiltzen zirenek. 24 urte nituela, mendian lehiatzen hastea erabaki nuen. Arazo bakarra nuen: lasterketa bakarra zegoen garai hartan Mexiko osoan. Mendi korrikalaririk ere ez zegoen orduan gure herrialdean. 1990ean hasi ziren lasterketak antolatzen eta ezagunak egiten.
Zer zen zuretzat mendia garai hartan?
Ez nuen batere esperientziarik mendian. Bertan korrika hasi nintzenean horretarako ezaugarri onak nituela esan zidaten. Nik ere nabaritu nuen. Pixkanaka distantzia luzeagoetan korrika hasi nintzen, eta gusturago sentitzen. 1986an Mexikon korritzen zen mendi lasterketa bakarrean parte hartu nuen, eta irabazi egin nuen. Oso gaztea nintzen, eta garai hartako korrikalari beteranoenek ezin izan zioten nik jarritako erritmoari eutsi. Lasterketa hartan konturatu nintzen mendian korritzeko gaitasuna nuela. Dena den, pistan korritzen jarraitu behar izan nuen, bertan jokatzen baitziren lasterketa guztiak.
Noiz irten zinen lehen aldiz nazioartera korritzera?
Mexikotik kanpo korritu nuen lehen lasterketa AEBetan izan zen: Pikes Peak maratoia. Bost aldiz irabazi nuen lasterketa hura: 1990ean, 1992an, 1995ean, 1996an eta 1997an. Hurrengo urtean, Mexikon, nazioartean lehiatzera joateko lasterketa bat antolatu zuten, 5.200 metroan. Irabazi egin nuen, eta Cervinian, Italian, jokatzen zen Skyrunning Serieseko munduko txapelketa jokatzeko aukera izan nuen. Orduan lehiatu nintzen lehen aldiz Europan. Bertako korrikalari onenekin lehiatu nintzen: Matt Carpenter, Bruno Brunod, Fabio Meraldi…

Zer-nolako esperientzia izan zen hura?
Niretzat dena berria zen. Orduan ez zen desnibel positiboaz hitz egiten, eta izugarrizko maldak igo behar izan genituen. Brunodek irabazi zuen lasterketa, eta nik bigarren amaitu nuen. Orduan hura zen mendi korrikalaririk onena. Lasterketaren zati askotan lehen postuan joan nintzen, eta lanak eman nizkion. Orduan hasi nintzen ezagun egiten. Handik hilabete eta erdira Sierre-Zinal lasterketa korritu nuen Suitzan. Dortsala lortu ahal izateko antolatzaileekin jarri nintzen harremanetan, eta, nire izena esan bezain laster, gonbidatu egin ninduten. Gainera, zera esan zidaten: nik deitu aurretik, nirekin harremanetan jartzen saiatu zirela. Baina orduan ez zegoen sakelako telefonorik [barrez].
Nola uztartu zenituen lana eta mendiko lasterketak?
Porlanezko, hareazko eta karezko fardelak kargatzen egin izan dut lan beti. 50 urte daramatzat horretan, eta oso lan astuna da. Baina nire negozioa da, eta nik egin behar dut dena. Astoen pare egin dut beti lan.
Europara iritsitakoan, zer alde nabaritu zenituen Mexikoko eta Europako mendien artean?
Guk Mexikon ez dugu ia elurrik ezagutu; 5.000 metroan dugu elurra. Europako klima askoz euritsuagoa da, eta mendietako gailurrek ere ez dute zerikusirik Mexikokoekin. Europara iritsi nintzen arte, ez nituen halako mendiak ezagutzen. Mexikon, mendian entrenatzen nintzen arren, eremu nahiko lauetan korritzen nuen. Gerora ezagutu nituen mendi teknikoagoak eta gogorragoak Mexikon. Europan irabazi nituen lasterketa gehienak goraka bikain moldatzen nintzelako irabazi nituen. Jaisten ez nintzen ondo moldatzen, eta Europako korrikalariak nola jaisten ziren aztertu behar izan nuen, haien teknika ikasi.
«Jaisten ez nintzen ondo moldatzen, eta Europako korrikalariak nola jaisten ziren aztertu behar izan nuen, haien teknika ikasi»
Europan lasterketa batzuk jokatu ondoren iritsi zinen lehenbizikoz Zegamara. Noiz izan zenuen lehen aldiz Zegama-Aizkorriren berri?
2006an izan zen. Nik orduan nahiago nuen lasterketak Italian edo Suitzan jokatu. Urte hartan Skyrunning Serieseko lehen bi lasterketak Mexikon eta Costa Rican jokatu ziren, eta biak irabazi nituen. Hirugarren proba Zegamakoa zen. Nik Munduko Txapelketa irabazi nahi nuen. Kasualitatez, garai hartan, Balmasedatik deitu ninduten, Kolitza mendiko errekorra egiten saiatzeko. Tartean zebilen Pedro Galartza, Galarleiz mendi maratoiko antolatzailea. Hark ordaindu zidan hegazkin txartela. Hala, Zegaman parte hartzeko aprobetxatu nuen. Hura korritu eta bost egunera Kolitzako errekorra ezarri nuen.

Nola oroitzen duzu 2006ko Zegama-Aizkorri?
Ni igotzailea izan naiz beti, eta banekien azken hamabi kilometroak aldapa behera zirela. Lehen tokian doan korrikalariak inoiz ez du atzekoen erreferentziarik izaten. Nik ere ez nekien zenbateko aldea ateratzen nion bigarrenari. Gogoan daukat behin herrira iritsi ginenean jendea oihuka hasi zela, eta atzera begiratu nuenean Rob Jebb parean nuela. Indar gehixeago izan balu, berak irabaziko zuen lasterketa. Baina nire parera iritsi zenean indarrez hustuta zetorren, eta esprintean irabazi nion. Lau segundoko tartea besterik ez genuen izan helmugan. 43 urte nituen orduan, eta uste dut oraindik ere Zegama-Aizkorriko garailerik zaharrena naizela. Handik bi urtera hirugarren amaitu nuen. Hirugarren aldian bosgarren sailkatu nintzen, 46 urterekin. Oso harro nago 2006ko garaipen hartaz.
«Oso harro nago 2006an Zegaman lortutako garaipenaz. 43 urte nituen lortu nuenean, eta oraindik garailerik zaharrena naizela uste dut»
Urte hauetan guztietan harremanari eutsi diozu Zegamako jendearekin?
Bai, oraindik ere harreman handia dut hango jendearekin. Orain ere bertan egon naiz, eta jende askorekin atera ditut argazkiak. Ez nuen uste hainbeste oroituko zirenik nirekin.
Zure kirol ibilbidean hainbat lasterketatan aritu zara Kilian Jornetekin. Noiz ezagutu zenuen?
2002an edo 2003an izango zen, Valmalenco-Valposchiavo lasterketan, Italian. Oso-oso gaztea zen. Nik irabazi nuen lasterketa hura, eta hura zazpigarren postuan sailkatu zen. Asko gerturatzen zitzaidan orduan. Urte batzuk geroago aitortu zidan ni izan nintzela, besteak beste, bere ereduetako bat. Askotan lehiatu ginen parez pare. Batzuetan berak irabazten zuen, eta beste batzuetan, nik.
Halako beste korrikalaririk ezagutu duzu?
Ez, eta urte asko igaro beharko dira hura bezalako besteren bat azaltzeko. Hamabost kilometrotik aurrera, distantzia guztiak menderatu ditu. Ez dago inorekin alderatzerik. Halere, zaila izango da haren antzeko inor agertzea. Kirol hau eraldatzeko gai izan da, eta bera da eredu nagusia, zalantzarik gabe.
Jornetek eta zuk historia egin zenuten, besteak beste, Sierre-Zinal lasterketan. Jornetek hamar garaipen ditu bertan; zuk, berriz, bost. Biak sasoirik onenean egonez gero, nork irabaziko luke lasterketa hori?
Zaila da hori erantzutea! Nik gonbidatu nuen Kilian Sierre-Zinalen parte hartzera. Ordurako, bai Frantzian, bai Italian, lasterketak irabazten ari zen. Suitzan korritu behar zuela esaten nion urtero, bertan biltzen baitziren munduko korrikalaririk onenak. Kasu egin zidan! 2009an joan zen, eta irabazi egin zuen. Nik bederatzigarren amaitu nuen.

Zure garaian ez zegoen ez prestatzailerik, ez nutrizionistarik, ez psikologorik…
Pistan aritu nintzenean baino ez nuen izan entrenatzailea. Lehen esan dudan moduan, ni hasi nintzenean oso informazio gutxi zegoen mendi lasterketen inguruan. Nik inoiz ez dut horrelakorik izan mendian. Gaur egun, aldiz, dena eskura daukate gazteek. Kirol hau garatzen eta eboluzionatzen ari da urtez urte, eta hori ona da. Laguntza handiak daude gaur egun. Gure garaian ahal genuen moduan moldatu behar izaten genuen. Lagungarria den guztia ongietorria izango da kirol honetan.
Egun ba al dago izen handiko mendi lasterkaririk Mexikon?
Bai, badira, eta ez gutxi. Lasterkari onak daude, eta haietako batzuk Europara ere etorri dira. Baina ez dituzte esperotako emaitzak lortu. Ez dakit zergatik. Oraindik ere ez daude munduko korrikalari onenen parean. Talentua badago, eta itxaropena dugu etorkizunera begira.
Belaunaldi berriek ezagutzen zaituzte. Baina nola nahiko zenuke gogoratzea?
Orain arte bezala. Mexikon nagoenean eta Europara etorri naizenean jende askok ezagutzen nau. Orain dela hogei urte ezagunagoa nintzen Europan Mexikon baino, nahiz eta garai hartako lasterketarik ezagunenak irabaziak nituen. Orduan ez zegoen sare sozialik! Askok orain jakin dute 2006an Zegama-Aizkorri irabazi nuela. Asko pozten nau jendeak ezagutzeak.
Motzean
Mendiko lasterketetan egindako lagunik onena? Asko dira! Bruno Brunod, Jean Pellicier, Agusti Roc, Kilian Jornet…Lasterketa bat? Sierre-Zinal.
Egiteko duzun bat? Gaur egun UTMBn jokatzen den OCC lasterketa [60 kilometro, +3.500 metro].
Mendi korrikalari bat? Kilian Jornet.
Aurkaririk gogorrena? Matt Carpenter.