Mendia

Euskal korrikalariak, onenen artean Transgrancanarian

Leire Agirrezabala, Elena Calvillo eta Zigor Iturrieta podiumera igo dira; Javi Dominguez 7. izan da proba nagusian

Leire Agirrezabala korrikalaria, Transgrancanaria txapelketan. TRANSGRANCANARIA 2014.
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Martxoko lehen asteburuan jokatu da urteko lehen ultra-trail handia: Transgrancanaria (Kanaria uharteak, Espainia). Euskal korrikalari askok hartu zuten parte lasterketan, eta batzuk goren-gorenean ibili ziren. 80 kilometroko proban, esaterako, euskal selekzioko kide Leire Agirrezabala izan zen azkarrena. 125 kilometroko proba nagusian, berriz, Javi Dominguez gasteiztarra zazpigarren izan zen.

Uhartearen orografiak eta hegotik iparrerako klima aldaketak berezi eta gogor egiten dute proba, eta aurten ere munduko lasterkari onenak bildu dira Kanarietan, 125 kilometroko lasterketan eta gainerako lau distantzietan parte hartzeko.

Ostiralean, 00:00etan hasi zen proba nagusia. Lehen kilometroetan, Yeray Duran kanariarra izan zen lasterketaburu, baina, kilometroek aurrera egin ahala, larunbat goizean, mugimendu handia egon zen lehen postuetan.

Agirrezabala garaile

Azkenean, Ryan Sandes hegoafrikarra iritsi zen lehenengo helmugara, 14 ordu eta 27 minutuko lanaren ostean. Javi Dominguez gasteiztarra izan zen euskal ordezkari onena gizonezkoetan. Kilometro askoan 16. postuari eutsi ostean, azken kilometroetan aurrera egin, eta zazpigarren egin zuen helmugan.

Emakumezkoetan, Nuria Picas katalana izan zen onena. Euskal emakumezkoak ere oso fin ibili ziren, eta Uxue Fraile donostiarra eta Nerea Martinez iruindarra 5. eta 6. izan ziren helmugan, hurrenez hurren.

80 kilometroko proban, bestalde, Leire Agirrezabala Euskal Selekzioko kidea zen faborito eta hark eraman zuen garaipena. Sufrituta baina 9 ordu eta 51 minuturen ostean, Agirrezabalak jantzi zuen txapela. «Lasterketa polita izan da, lehen 50 kilometroak batez ere. Azken kilometroak, ordea, nahiko astunak izan dira, eta, bero handia izan dugunez, azkenean gogorra izan da», esan du. Ibartarrak bigarren ultratraila izan du eta sentipen gazi-gozoak izan ditu: «Ongi sentitu naiz, baina distantzia luzetxo egin zitzaidan azkenean, eta konturatu naiz ikasteko gauza asko ditudala. Helmugatik 14 kilometrora zorabioa izan nuen, baina azkenean iritsi ginen, eta pozik!», esan du. Lasterketa berean, Elena Calvillo beasaindarra bigarren izan zen.

44 kilometroko proba ere beste euskal korrikalari batek irabazi zuen, Zigor Iturrieta eubarrak. Hainbat astez min hartuta egon ostean, azken 12 kilometroetan hortzak estutu eta lehen postuan iritsi zen helmugara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.