Euskal Mendizaletasunaren 30. Gala egingo dute ostiralean, urriak 16, 18:30ean, Arrigorriagako Lonbo aretoan. Euskal Mendizale Federazioak (EMF), ekitaldi horretan, aitortza egingo die euskal mendizaletasunaren esparruan nabarmendu diren hainbat mendizaleri, beren ibilbideagatik, jarduerengatik eta ekarpenengatik.
Aurten, Club Alpino Padura Mendi Taldeak antolatu du gala, klubaren 75. urteurrenarekin bat eginez. Ostiralean, beraz, euskal mendizaletasunaren hainbat belaunaldi elkartuko dira berriro. Ekitaldian, Pyrenaica aldizkariaren urteko sariak ere banatuko dituzte. Blog, argazki eta artikulu lehiaketetako lan nabarmenenak sarituko dituzte, baita aldizkariaren mendeurreneko kontakizun lehiaketako lan sarituak ere.

EMFk aurten lehen aldiz iragarri du zein izango diren sarituak. Sari nagusia, Euskal Mendizale onenaren Andres Espinosa saria, Mikel eta Jon Inoriza anaiek jasoko dute, alpinismoan eta eskaladan orain arte egindako ibilbide oparoagatik.
Emakume Mendizaleari dagokion Loli Lopez Goñi saria Oihana Kortazar Aranzeta mendiko lasterkariak jasoko du, Euskal Herrian eta nazioartean lortutako garaipen ugariengatik eta ibilbideagatik.

Jarduerarik Interesgarrienari dagokion Antxon Bandres saria Eñaut Izagirre glaziologoak jasoko du, Patagoniako eta Pirinioetako glaziarren esplorazioan eta ikerketan egindako lanagatik.
Ibilbidearen Saria Baltasar Zapatero eta Jose Nieto Madrid mendizaleek jasoko dute, ex aequo. Mendizaletasunarekin urte luzez izandako lotura eta egindako ibilbidea aitortuko zaie sari horren bidez.

Euskal Mendizaletasunaren Lagunak saria Txema Noval mendizale amorratuak jasoko du, urte luzez hainbat kiroletan eta boluntariotzan eginiko lanagatik.