Egun batzuk behar izan ditu Tasio Martinek (Urduña, Bizkaia, 2000) lorpena barneratzeko, goraldia pausatzeko. Eskalada egin eta egun batzuk igaro arte ez dira atera komunikabideen plazara Villanueva eta biak. Martinek beste bi aste egingo ditu Patagonian, hango «bizitza patxadatsuan», baina ez du gehiago eskalatzeko asmorik. Paineko Dorreetako zeharkaldi osoaren eta Fitz Royko eskaladaren ondoren, «aski» du aurtengoz. «Buruak ere baditu bere erritmoak, eta orain hemen egon nahi dut, jendearekin, egindakoaz gozatzen, zeren oraindik ez gara guztiz jaitsi».
Paineko zeharkaldiari buruzko solasaldian aipatu zenuen Sean Villanueva ere Chaltenen zebilela, egunen batean elkarrekin eskalatu zenutela... Nola egosi zen Fitz Royko Ekialdeko Pilarerako asmoa?
Kuriosoa izan da. Azken asteotan lagun taldetxo bat dezente ibili gara blokean eskalatzen, matea hartzen, otorduak egiten... hemengo bizitza patxadatsuan. Eguraldi oneko tarte bat iragarri zuten, eta nik, berez, beste plan bat nuen, bakarrik, eta motxila harako prestatua nuen, baina bezperan, lagun batzuen etxean afaltzen, aldi bereko proposamena egin genion Seanek eta biok batak besteari: «Eta elkarrekin eskalatzen badugu, zer?». Biharamunerako utzi genuen helburua zehaztea.
Eta asmo handikoa aukeratu zenuten, zer eta Fitz Royko Ekialdeko Pilarea era askean eskalatzea.
Biok ezagutzen genituen bidearen lehen luzeak, bakoitzak bere aldetik El Corazón bidean saiakera egina genuelako Fitz Royko ekialdeko horma horretan. Nik joan den urtean egin nuen ahalegina Ibonekin [Mendia]. Seanek aspalditik zeukan buruan bide hau era askean saiatzea, eta nik ere duela bi urte Cerro Torre eskalatu nuenetik ametsen artean neukan Fitzeko ekialdeko horma eskalatzea. Ekialdeko Pilarea baino gehiago, El Corazón bidea neukan buruan, baina hau ere ikaragarri ederra da, eta, beraz, Seanek proposatu zuenean, «aurrera», esan nuen. Nik ez nukeen planteatuko era askean egitea dena; niretzat horma hori eskalatzea sekulakoa zen jada, baina, Sean hain motibatuta zegoenez, ni ere era askean saiatzera bultzatu ninduen, eta hor joan ginen, buruz buru.

Zenbat egunetarako zegoen iragarria eguraldi ona?
Chaltenera iritsi nintzenetik aurreikusitako tarterik onena zirudien. Hiru egun dezente ematen zituzten: lehen biak oso onak eta hirugarrena lainotua. Hiru egun aurreikusi genituen guk ere bidea eskalatzeko. Beraz, bazitekeen nahikoa izatea. Martxoaren 6an, 7an eta 8an egin genuen eskalada.
Nolakoa da Ekialdeko Pilarea?
Sekulako hormatzarra da, eta bideak 1.200 metro ditu. Oso bertikala da, eta ez dago erlaitz txiki bakar bat ere gaua igarotzeko eta etzanda lo egiteko. Big wall oso alpinoa da, Fitz Royn. Guztira 40 luze dira, eta zailtasunak, muturrekoak izan gabe ere, zazpigarren gradutik gorakoak dira askotan. Osorik era askean egin dugun honetan, eguneratu egin dugu krokisa libreko graduak zehazteko, eta hamabi luze atera zaizkigu zazpigarren gradutik gorakoak, horietako batzuk 7b+ eta 7c artean. Eta besteak ere seigarren gradutik gorakoak dira: 6b, 6c... Oso bide jarraitua eta gogorra da.
Bibaketarako erlaitzik ez zegoenez, beraz, hamakak hartuta eskalatzeko planteamendua egin behar izan zenuten, ezta?
Bide hau ireki eta gero, behin bakarrik egina zuten aurrez: Matteo Della Bordella eta David Bacci italiarrek egin zuten, duela hamar urte, eta lan ona egin zuten bidea garbitzen, zeren eskaileraz eta soka finkoz beteta zegoen. Bi saiakera egin zituzten italiarrek, lehena hamakekin eta bigarrena gabe, eta lortu zuten erlaitz txikietan eserita lo egitea, baina modu txarrean. Hortaz, hamakak eramatea erabaki genuen. Seanek, gainera, G7ko bi hamaka puzgarri ditu, kilo eta erdikoa bakoitza, eta asmatu genuen. Giltzarrietako bat izan zen hamaka, hormako edozein puntutan lo egin baikenezakeen, eta aukera eman zigun behar bezala atseden hartzeko. Horrelako bide gogor bat modu librean eskalatzeko, garrantzitsua da deskantsatuta eta bete-betean egotea.
«Seanen motibazioak ni ere izugarri motibatu ninduen, eta jabetu nintzen gauzak lor daitezkeela ikuspuntua aldatuta, benetan lor daitezkeela sinetsita»
Iritsi zinetenean nola zegoen horma?
Gaizki, baina espero genuen. Elur eta izotz dezente zegoen. Ekialdeko pareta horretan, goizean lehen orduan jotzen du eguzkiak, baina ezer gutxi. Ekialdeko pilarea diedro sistema zabal batek osatzen du, eta une oro eskuinean horma bat duzu, hegorantz begiratzen duen horma bat. Hemen, hego hemisferioan, hegoak gure iparrak bezala dira, eguzkirik ez da ia sartzen. Beraz, diedro sistema horiek gerizpean zeuden, eta izotzez beteta. Eskalada osoan, pioleta lepoan eskegita eraman genuen —arnesetik eskegita ezin genuen hain azkar atera—, egiten genuen pauso bakoitzean hurrengo mugimenduko izotza garbitzeko, eta friend bat sartzeko. Luze zailenak, bertikalenak, ez zeuden hain gaizki, baina 6c eta 7a arteko luze asko —bideko gehienak— baldintza zailetan zeuden. Gainerakoan eroso samar gaindituko genituzkeen luze batzuetan, den-dena eman behar izan genuen librean eskalatzeko, izotza garbitzen genuen bitartean eskegi gabe eta erori gabe eskalatzeko.

Hortaz, horma nola zegoen aintzat hartuta, bidea modu librean eskalatzeko asmo hori are zailagoa izan da.
Zailagoa, seguru. Ez dakidana da baldintza hobeagoetan aurkitzea posible ote den, hormaren orientazioagatik, eta Patagoniako baldintza bereziengatik. Hori ere ikasi diot Seani. Baldintza horietan, nik planteatu ere ez nukeen egingo bide hau modu librean eskalatzea, baina haren motibazioak ni ere izugarri motibatu ninduen, eta jabetu nintzen gauzak lor daitezkeela ikuspuntua aldatuta, benetan lor daitezkeela sinetsita. Errazena izango litzateke zera esatea, «ez dago modurik hau modu librean eskalatzeko», eta arrakaletako izotza garbitzeko seguruetatik eskegitzea eta artifizialean joatea zati horietan, baina benetan saiatuta, dena emanda, batzuetan lortzen dira gauzak. Oraingoan, horrela izan da.
Planteamendu psikologiko hori izan da gakoetako bat, beraz? Ahal zela sinestea?
Eskaladaren osagai garrantzitsuenetako bat izan da, bai. Motibatuta eta dena emateko prest joatea. Pentsamolde horrekin, abiapuntua jada beste bat da, eta, zaila izango dela jakin arren, bete-betean ahalegintzen zara. Seanen ikuspegi hori irakaspen garrantzitsua izan da niretzat. Jaitsitakoan, hala aitortu genion batak besteari: «Egia esaten badizut, nik ez nuen uste librean eskalatuko genuenik dena», Seanek ere horrela pentsatzen zuen, baina horretara joan ginen, eta luzez luze, gora eta gora, lortu genuen.
Eskalada egunez egun xehakatuz, lehen egunean zenbat luze eskalatu zenituzten?
Gehien eskalatu genuen eguna izan zen. Hamazazpi luze eskalatu genituen. Bidearen edo hormaren heren bat baino gehiago. Oso eguraldi ona izan genuen egun horretan: eguzkia, haizerik batere ez, kristoren eguna. Patagonian egin ditudan denboraldietan geruza bakar batekin, termikoarekin, eskalatu ahal izan dudan egun bakarra izan da, nik uste. Ondo aprobetxatu genuen eguna, eta azken luzea ia gauez egin genuen.
«Sean ikaragarri ona da, izugarri ondo eskalatzen du, baina oso umila da, eta idoloaren irudi urrun horri ihes egiten dio. Prozesu osoan lagunak izan gara. Konexio hori gabe oso zaila da horrelako jarduera bat bururaino eramatea»
Hortik aurrera, iragarpena ez zen guztiz bete, ordea, ez da hala?
Bigarren egunean haize askorik ez genuen izan, baina egun hodeitsuagoa izan zen. Egun horretan beste hamahiru luze egin genituen, eta 30. bilgunearen parean muntatu genuen hamaka. Hurrengo eguneko lehen bi luzeak oso zailak ziren. Italiarrek crux gisa markatuta zeukaten beren krokisean luze haietako bat. Hirugarren egun horretan, elur dezente egin zuen, eta ikuspena asko murriztu zen. Berez ez zen eskalatzeko eguna, baina hain goian egonik, jarraitzea erabaki genuen. Lortu genuen bi luze zail horiek modu librean eskalatzea, luzeetako bati pare bat joaldi emanda, eta handik gora jada mistoko luze errazagoetan sartu ginen. Elurra ari zuen, baina ez genion elkarri ezer esaten: ezer gertatzen ari ez zen itxurak egiten genituen. Gainera, behin haraino iritsi eta gero, goitik ateratzea zen aukera onena. 15:00etan heldu ginen tontorrera. Ordurako eguraldia asko okertu zen, eta ez zen garbi bereizten hura ote zen tontorra. Eskerrak Sean aurrez egona zen bospasei aldiz eta ezagutzen zituen gailurreko harri bereizgarri batzuk, gorenean ginela baieztatzeko.
Jaitsierako rappelak Franco-argentina bidetik egin zenituzten, ezta?
Hori da. Tontor azpian justu bibak txiki bat dago, leku babestuan, eta hor egon ginen tarte bat, lortutakoa barneratzen, zerbait jan eta edaten eta jaitsiera prestatzen. Ordutegiz nahiko ondo genbiltzan, baina eguraldi makur harekin gauzak ondo egin behar ziren. Ez zen batere ondo ikusten, pare bat lekutan galdu egin ginen... Muturrekoa izan gabe, jaitsiera serioa eta konpromiso handikoa izan zen, maniobra guztiak kontzentratuta eta tentuz egin beharrekoa. Hor asko eskertu genuen Seanen esperientzia guztia, nola ez, eta nik neuk hiru urte hauetan Patagonian barneratutako esperientzia guztia.
Nolako esperientzia izan da Sean Villanuevarekin eskalatzea?
[Barreak] Sekulakoa, bai; zer esan. Gaztetatik, erreferente handia izan da Sean. Nico Favrese eta bien jarduerak erreferentziazkoak izan dira niretzat, baita eskalada bizitzeko eta ulertzeko modua ere. Eta Seanekin parez pare eskalatzea, benetan bat garela sentitzea, soka bat, eta nork berea ematen duela ikustea, sekulakoa izan da. Jarduera honetan, inoiz ez dut izan benetako aditu batekin eskalatzen aritzearen sentipen hori. Bai, ikaragarri ona da, izugarri ondo eskalatzen du, izugarri, egundokoa da Sean eskalatzen ikustea, baina oso umila da, eta ez dizu sentiarazten gutxiago zarela. Idoloaren irudi urrun horri ihes egiten dio, eta oso erraza bihurtzen du dena. Prozesu guztian, prestakuntzan, luzez luzeko jardunean, hamakako uneetan, lagunak izan gara. Konexio hori gabe oso zaila da horrelako jarduera bat bururaino eramatea.

50 urte bete dira Casimiro Ferrari eta Vittorio Melesek ekialdeko pilarea lehen aldiz eskalatu zutenetik. Bide historikoa da Fitz Royn. Orain arte errepikapen bakarra egina zuten, eta zuena izan da bigarrena, era askean eginiko lehena. Zuek ere, hein batean, historia egin duzue Patagonian.
Ez dakit historia egin dugun, baina ekarpen bat bai, egin dugu. Rolok [Rolando Garibotti, Patagoniako eskaladaren historiagile eta erreferentzia nagusia] bere idatzian esan duen moduan, Fitz Royko bide honek merezi du arreta handiagoa, kalitate handiko bidea baita, oso jende gutxik probatutakoa. Beraz, horrelako bide historiko batean ekarpen hau egitea eta jendea horra animatzea polita da.
A zer nolako hiru denboraldi daramatzazun Patagonian. Cerro Torre lehen urtean; iaz hainbat irekiera Paineko Ipar Dorrean eta Mermoz Orratzean; aurten Paineko zeharkaldia eta orain Fitz Royko hau...
[Barreak] Pozik, bai: pozik egindako jarduerekin, pozik ikasitako guztiarekin, egin ditudan lagunekin, ezagutu dudan jende guztiarekin. Patagoniako eguraldia dela eta, helburuak bete gabe etxeratzea izaten da normalena, eta nire kasuan ere, kontuak ateratzen hasiz gero, gailurrera heltzea lortu dudan baino gehiagotan geratu naiz helburua bete. Inportantea da Patagoniara hori onartuta etortzea, eta aldi berean edozertarako prest, agian ez baituzu buruan zeneukana lortuko, baina agian ezusteko beste aukera bat sortuko zaizulako jarduera bereziren bat gauzatzeko. Niretzat horrela izan da. Esango nuke, Cerro Torreko eskaladarekin batera, aurtengo bi jarduerak oso bereziak izan direla.
leccoko 'armiarmen bide' historikoa, 50 urteren buruan
Fitz Royko ekialdeko horma sekulako pareta puska da, Patagoniako gutiziatuenetakoa, eta hormatzar hartan, ekialdeko pilarea da harribitxietako bat. 1.200 metroko bide itzel hori Casimiro Ferrari eta Vittorio Meles italiarrek eskalatu zuten aurrenekoz, justu duela 50 urte. Aurrez ere izan ziren saiakera batzuk. 1968an, talde frantziar indartsu batek egin zuen ahalegina, baina lurretik 500 metrora etsi egin behar izan zuten. 1974ko hasieran, talde suitzar bat gailurretik 200 metrora geratu zen, eguraldi txarraren eraginez. Lehen igoeraren merituaren zati handi bat haiena da.
Bi urte geroago, 1976ko otsailean, suitzarrek utzitako soka batzuk erabiliz, Ferrarik eta Melesek bidea burutzea lortu zuten. Ragni Di Lecco edo Leccoko armiarmak ziren talde hartako kideak: Casimiro Ferrari eta Vittorio Meles, Amabile Valsecchi, Gian Luigi Lanfranchi, Floriano Castelnuovo, Guerrino Cariboni, Giovanni Arrigoni, Giacomo Pattarini, Franco Baravalle eta Giani Stefanon. Cerro Torreren mendebaldeko aurpegian bezala, Ferrariren egoskorkeriak saria izan zuen Fitz Royn ere. Espedizioko kide batzuek saioa bertan behera uztea erabaki zutenean, Ferrarik eta Melesek aurrera egin zuten, eta sei egunen buruan gailurrera iristea lortu zuten. Gailurretik ez oso urrun, Ferrarik eroriko handi samarra izan zuen, eta hortz batzuk puskatu zituen; huskeria, Ferrari bezalako «tipo gogor» batentzat.
2015ean Matteo Della Bordella eta Luca Schiera italiarrek eta Sylvan Schupbach suitzarrak bidean zeuden kable, eskailera eta soka finko ugariak garbitu zituzten, eta bidea garbi utzi zuten, modu librean eskalatu ahal izateko. 2016 hasieran, David Baccik eta Matteo Della Bordellak, bidea zabaldu eta 40 urtera, lehen errepikapena egin zuten, estilo alpinoan baina zati batzuetan artifizialeko teknikak baliatuz. Orain, 50 urteren buruan, beste urrats bat egin dute Tasio Martinek eta Sean Villanuevak, bidea guztiz modu librean kateatuta.