Mendi lasterketa ugari izan zen asteburuan. Ekitaldi nagusietako bat Lakuntza-Aralar mendi lasterketa izan zen (26 km, 1.200 m+), lineako Euskal Herriko Koparako proba puntuagarria. Lasterketaren XX. aldian, Durangaldeko korrikalariak izan ziren garaile: emakumezkoetan, Garazi Sampedro atxondarra gailendu zen (2.38.10), eta gizonezkoetan, berriz, Ander Jauregi durangarra (2.09.24).
Lakuntza-Aralar proba ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi zen, baten batek kendu egin baitzituen ibilbidearen goiko aldean zeuden balizak, eta, ondorioz, antolatzaileek berriro markatu behar izan zuten ibilbidearen zati hori.
Garazi Sampedrok hasiera-hasieratik hartu zuen aurrea, eta helmugaraino eutsi zion aldeari. Durangaldeko beste korrikalari bat izan zen bigarren, Leire Uribe durangarra (2.40.49), eta Izaskun Bereau leitzarra hirugarren (2.43.07).
Gizonezkoetan, Ander Jauregik atzetik aurrerako lasterketa egin zuen. Irumugarrieta tontorrean, Iñigo Gereta gasteiztarra zen aurrena; ondoren, Mikel Unda bilbotarra ibili zen lasterketaren buruan, baina, azken kilometroetan, Jauregik hartu zien aurrea biei. Unda izan zen bigarren (2.09.57), eta Gereta hirugarren (2.10.41).
Lakuntza-Aralar lasterketa berean, (13 km, 650 m+) Lola Oiarzabal gasteiztarra (1.14.32) eta Beñat Katarain lakuntzarra (59.43) izan ziren garaile proba laburrean. Emakumezkoetan, Guratz Azpiroz uitziarra izan zen bigarren, eta Norah Muzas donostiarra hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, Mikel Beunza alkoztarra igo zen podiumeko bigarren mailara, eta eta Iñigo Lasarte lekunberritarra hirugarrenera.
Lakuntza-Aralar probako sailkapen guztiak, esteka honetan.
Euskal Herriko Kopako hirugarren proba izan zen Lakuntzakoa, lineako lasterketen egutegiaren barruan. Beste bost geratzen dira: Galdames mendi bira larunbat honetan bertan; Baztandarrak Trail, uztailaren 19an; Agoizko Mendi Lasterketa, irailaren 14an; Sorginen Lasterketa, urriaren 5ean, eta Kolitza Balmatrail, azaroaren 2an.
Gaur-gaurkoz, emakumeen sailkapen nagusiko lehenengo hirurak Durangaldekoak dira: Oihane Unzalu da liderra, 293 puntu bilduta; Garazi Sampedro bigarren, 290 puntu lortuta, eta Leire Uribe hirugarren, 284 puntu eskuratuta. Gizonezkoetan, Mestafa Mahfoud da behin-behineko liderra, 257 punturekin; Ander Jauregi bigarren, 235 punturekin, eta Mikel Unda hirugarren, 204 punturekin.
Aragon eta Ugarte nagusi Araia-Aratz bertikalean
Euskal Herriko Koparekin lotuta, bazen beste ekitaldi garrantzitsu bat asteburuan, bertikalen modalitatekoa, hain zuzen: Araia-Aratz proba. Kopako bigarren lasterketa zen Txindokiko bertikalaren ondoren. Araiatik Aratz tontorrerako igoeran, korrikalariek 4,8 kilometroko distantzia eta 850 metroko goranzko desnibela gainditu behar zituzten.
Emakumezkoetan, Larraitz Aragon durangarra gailendu zen (47.12); Leire Elola tolosarra izan zen bigarren, 28 segundora, eta Maialen Artiach elorriarra hirugarren, 31 segundora.
Gizonezkoetan, Txindokiko bertikalean bezala, Aitor Ugarte aramaioarrak erakutsi zuen sasoi betean dagoela, eta alde nabarmenarekin lortu zuen garaipena (36.31). Hodei Samaniego sestaoarra izan zen bigarren (37.09), eta Ibon Badiola ondarroar gaztea hirugarren (38.49).

Lasterketa bertikalen Euskal Herriko Kopan, Larraitz Aragon eta Aitor Ugarte dira behin-behineko liderrak. Hurrengo proba Izaban (Nafarroa) izango da, ekainaren 13an: Ardibidepikua bertikala.
Araia-Araitz bertikaleko sailkapen guztiak, esteka honetan.
Espainiako Txapelketan, brontzea
Euskal Herritik kanpo, ultra distantziako Espainiako Txapelketa jokatu zen Jaenen (Andaluzia), Cazorlako mendilerroan, FEDME Eskaladako eta Mendiko Kiroletako Espainiako Federazioak antolatuta. Partaideek 70 kilometro eta 3.700 metroko goranzko desnibela gainditu behar izan zituzten, eta bero zakarrari aurre egin.
Emakumezkoetan, Gemma Arenas gailendu zen, erraz antzean, eta gizonezkoetan, Jose Angel Gimenez izan zen irabazle, Claudio Diazi aurrea hartuta lasterketaren azken txanpan. Euskal ordezkaritzari dagokionez, gizonezkoen euskal selekzioak brontzea eskuratu zuen taldeka. Banakako sailkapenean, Sandra Sevillano izan zen bosgarren, eta Ainara Arkarazo zortzigarren. Gizonezkoetan, berriz, Pello Berrizbeitia izan zen lehen euskal ordezkaria, zazpigarren, eta Iraitz Legorburu zortzigarren izan zen.