Alex Txikon. Alpinista

«Gero eta gehiago kostatzen zait amari agur esatea»

Nanga Parbateko neguko hotzetik Euskal Herriko udaberriko epelera bueltatu da Alex Txikon. Nekatuta eta amorratuta, baina egindako lanarekin eta izandako bidaideekin pozik. Hurrengo neguan itzuli egin nahi du.

Unai Ugartemendia.
Lemoa
2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pakistandik Euskal Herrira itzuli denetik ia ez du denbora librerik izan. Eguneko hogeita lau orduak motz geratzen zaizkio Alex Txikon alpinistari (Lemoa, Bizkaia, 1981) egin nahi eta egin behar dituen gauza guztiak egiteko. Hala ere, BERRIAri tartetxo bat egin dio, Hegoafrikara joan aurretik. Bere aurpegiaren koloreak erakusten du espedizio gogor batetik itzuli berri dela. Etxe aurreko lasaitasunean, badu zer kontatua azken bi hilabeteei buruz.

Nanga Parbatetik itzuli zarenetik haserre zaudela esan izan duzu. Haserre norekin? Zeure buruarekin, bide zuzenarekin asmatu ez zenuelako? Ali Sadpararekin, okertu egin zelako eta bere ondoezaren berri eman ez zizuelako? Edo beste norbaitekin?

Gauza askoren nahasketa da. Lehenik, amorratuta eta haserre nago neure buruarekin. Amorratuta nago, bidearekin asmatu ez nuelako. Nanga Parbat igotzeko baldintza onak genituen, primerako eguna atera zen, eta uste dut egin behar genuen guztia egin genuela. Etsipen pixka bat ere badaukat, tontorretik hain gertu egonda ezin izan genuelako gorago joan. Ez daukat inolako kexarik Aliri buruz, oso tipo indartsua da, eta egin behar zen guztia ederki egin zuen.

Zuek daukazuen eskarmentua eta espedizioen prestakuntza kontuan izanda, nola azal dezakezu bidez okertu izana?

Agian komunikazio falta izan zen. Euskal hiztun batekin joan izan banintz, errazagoa izango zen. 7.800-7.900 metrora iritsiko ginen gutxi gorabehera, eta ordura arte Alirekin ingelesez hitz egiten joan nintzen. Erabat nahasi nuela pentsatzen dut. Momentu batean, [Daniele] Nardirekin gelditu nintzen argazki bat ateratzeko, eta Ali pixka bat aurrerago zegoen. Guregana etortzeko esan genion, beherago hitz egingo genuela. Konturatzerako ehun metro egin zituen behera, eta orduan konturatu nintzen erabat nahastu ginela. Nik Alirekin ikasi nuen bidea, eta une horretan orientazioa galdu zuela nabaritu nuen. Ez dakit altueragatik izan zen. Agian, orduan walkie-talkiea hartu eta beheko kanpalekura deitu behar nuen, ea korridorean ondo abiatu ginen edo ez jakiteko.

Zehaztu al duzue zein altueratara iritsi zineten? Zergatik sortu da hainbesteko istilua altuerarekin?

Altuerarena argazki baten ondorioz izan zen. Gutxi gorabehera 8.000 metroan geundela esan ziguten, beheko kanpalekuarekin izan genuen elkarrizketa batean. Guk ez genion garrantzirik eman, egia esan. Istilua, berriz, ezjakintasunagatik sortu dela uste dut.

Urtea joan, urtea etorri, hainbat espedizio saiatzen dira Nanga Parbat neguan igotzen. Zuek ia gailurreraino iritsi zarete. Zergatik?

Asko arriskatu dugulako eta eskarmentu handiko jendea garelako. Hemen jendeak errazegi gindoazela pentsatzen zuen arren, lan handia egitea tokatu zaigu. Pentsa, udan bi ordutan egiten da beheko kanpalekutik lehen kanpalekura arteko bidea; guk, berriz, hamar ordu pasatu ditugu, bertan pilatuta zegoen elurrarengatik. Gainera, hara iritsi ginenean, han utziak genituen gauzak bilatu behar izan genituen, ia bi metroko elurraren azpian baitzeuden. Palak hartu, eta denbora pila bat pasatu genuen. Aurkitu eta gero, gainera, kanpadendak muntatu behar genituen. Denera, hamasei ordu pasatu genituen; hurrengo egunean, beste hamar; eta hurrengoan, beste hamar.

Laugarren kanpalekuraino egindako lan astunak izan al zuen eraginik tontorrera ez iristeko?

Noski. Asko baldintzatu gintuzten, bai Aliren egoerak, bai egindako lanak. Hala ere, gehien baldintzatu gintuena zera izan zen:gailurrera igotzen saiatu aurretik gau bat baino pasatu ez izana hirugarren kanpalekuan (6.700 metro), eta gau horretatik azken ahalegina egin arte hiru aste eta erdi igaro ziren. Gainera, Nanga Parbaten berezitasunetariko bat zera da, beheko kanpalekua 4.200 metrora soilik dagoela eta lan handia egin behar dela goiko kanpalekuetara iristeko.

Ali Sadpara izan duzu sokalagun, alpinista pakistandarra. Ez da ohikoa Mendebaldeko alpinista batek espedizioa Pakistango batekin partekatzea. Zergatik Ali Sadpara?

Ali 2004. urtetik ezagutzen dut, eta ordutik espedizio askotan egin dugu topo. Elkarrekin eskalatu genuen 2012an Gasherbrum 1 (G1) eta 2013an K2. G1ean, poloniarrekin zegoen, eta izugarrizko lana egin zuen haientzat. Espedizio hartan, izozte batzuk izan zituen, eta helikopteroan jaistea lortu nuen. Urte berean, Nissar hil zen, haren herrian bizi zen laguna, eta nik kontatu behar izan nien familiakoei etxeko gizona galdu zutela. Alik asko eskertu zidan, eta geroztik harreman estua dugu. Berari asko gustatzen zaio eskalatzea, eta honetan oso berandu hasitakoa izateko, ikaragarri sufritzen dakien pertsona da.

Muhammad Kanen ikuspuntua, berriz, ezberdina da. Berak, Pakistango bost zortzimilakoak igotzeko, Nanga Parbat bakarrik falta du, eta Nanga Parbateko laugarren kanpalekuraino iritsi da. Nik Kan eramatea nahi zuen haren lehengusuak, eta, azkenean, espedizioan eramatea erabaki nuen. 46 urte ditu, eta eskarmentu handia, baina hasieratik atzean gelditzen hasi zen. Zenbait gauzatan lagundu digun arren, gehiago egin zezakeen arantzarekin gelditu naiz.

Nola daude Sadpararen izozteak?

Hobeto daudela esaten dit. Argazkiren bat bidaltzeko esaten diodanean barre egiten dit. Hala ere, oso zaila da hona ekartzea, pasaporterik ere ez duelako. Berarekin han bost egun pasatu nituen botika guztiak erosten eta izozteak nola zaindu behar zituen erakusten.

Nola sortu zen Daniele Nardirekin gailurrera igotzen saiatzeko harremana?

Daniele Nardi azken bi urteetan han egona da. Nik, aurretik idatzia nion, ni ere Nanga Parbatera joatekoa nintzela. Bertan geundela, bera hurreratu zitzaidan, eta pixkana-pixkana harremana sortu zen. Bihotz onekoa iruditu zitzaidan, eta mendira irten ginen batean, gainera, ausarta zela konturatu nintzen. Denborarekin, batera igotzeko erabakia hartu genuen, eta horrela saiatu ginen.

Nolakoa da Daniele Nardi?

Nardi orain ezagutu dut, eta hitz onak besterik ez dut berari buruz. Nanga Parbaten ondo ezagutzeko aukera izan dut eta hango jendearekin izan zuen tratua bikaina izan zen. Oso bihotz onekoa da, eta nik hori asko baloratzen dut.

Arriskatu egin behar izan duzue. Inoiz zure bizitza arriskuan ikusi al duzu?

Arrisku larrian, ez. Beheko kanpalekutik lehenengora gindoazen batean, izugarrizko elur-jausi bat ikusi genuen guregandik gertu. Harrapatu izan bagintu, ez ginen hemen egongo. Gero, beste behin, lehen kanpalekutik bigarrenera igotzeko sokak ezkutatuta zeuden elurraren ondorioz, eta intuizioarekin jokatu behar izan genuen, horrek daukan arriskuarekin.

Nanga Parbat igo nahi duten alpinistei zuek egindako bidea «errespeta» dezatela eskatu diezu. Horrek zer esan nahi du? Inor ez dadila saia bide horretatik?

Ez, ez, ez dut hori esan nahi. Nik ezin dut hori egin. Irango espediziokoek esan zidaten aurten guk ez bagenuen igotzen Nanga Parbat, datorren urtean beraiek itzuliko direla. Hala ere, nahiago nuke beste bideren batetik saiatuko balira. Alik eta nik egin dugun lana ikaragarria izan da, eta Nardiri berari ere esan nion bere laguntza eskertuko genukeela bigarren kanpalekura arteko bidea egiteko.

Berriro ere Nanga Parbatera joango bazina, jende berarekin joango zinateke?

Dudarik gabe. Beheko kanpalekura jaitsi ginenean, Ali berak esan zidan berriro ere itzuli behar genuela. Esaten dizudan bezala, berari ikaragarri gustatzen zaio eskalatzea eta izugarrizko amorruarekin dago.

Zergatik ez zenuten K2rako prestatua zenuten logistika guztia aprobetxatu? Zergatik ez zara Denis Urubkorekin eta Adam Bieleckirekin joan Nanga Parbatera?

Denis Urubkok argi dauka ez dela berriro Pakistanera joango, segurtasun faltagatik. Adam Bielecki, ordea, aurki aita izango da, eta emazteak ez zion aukera handirik eman [barrez]. Diru asko galdu dugu espedizio ahalegin honekin, 30.000 euro gutxi gorabehera. Jada ordainduta geneuzkan hegaldiak, bisak eta beste gauza asko oraindik atxikita dauzkagu Txinan. Pentsa, sei poloniar ere etortzekoak ziren hurreratze lanak egiten laguntzera, eta bakoitzaren hegaldiak 1.800 euro balio du, bisak aparte.

Neguan K2 egiteko proiektuak aurrera sgitzen du?

Neguan itzultzekotan, Nanga Parbatera itzultzea gustatuko litzaidake. Hala ere, izugarrizko dirutza da neguan joatea.

Merezi du neguan espedizio bat egitea?

Bai, merezi du. Eta ez K2ra edo Nanga Parbatera bakarrik, nahiz eta agian horiek diren erakargarrienak, inork igo ez dituelako. Udan ehun pertsonatik gora egon daitezke, eta neguan, berriz, bakoitzaren lana bakoitzarentzat izaten da, oso jende gutxi izaten delako. Han ez dago denbora galtzerik, denok konpromiso bera izan behar dugu, eta ez dago istiluetarako denborarik; bestela, ez dago iritsi garen lekura iristerik. Niri asko gustatzen zait neguko espedizioen gogortasun hori, eta merezi du; baina ekonomikoki oso garestia da neguan joatea.

Nolakoa da K2 mendiarekin duzun amodio-gorroto harremana?

Egia esan, zortzimilakoez nahiko nekatua nago. Hamalau mendien beheko kanpalekuetan egona naiz, hamar igo ere bai, Shisha Pagma bi aldiz... Denbora gehiegi pasatu dut bertan, eta beste fase batean nago, nahiz eta, alderdi ekonomikoari begiratuz gero, zortzimilakoek duten begirunea gaur egun. Orain gehien motibatzen nauena da udan 6.000 edo 7.000 metroko mendiren bat egitea, zerbait ezberdin, jende ezberdinarekin..., eta neguan Nanga Parbatera itzultzea. Ez zen nire asmoetan sartzen Nanga Parbat ez igotzea. Zortzimilakoetatik, K2 eta Makalu errepikatzea gustatuko litzaidake, nahiz eta pertsona gehienek Everest igo nahi duten.

Sartuko al zara hamalau zortzimilakoak egiteko lehian?

Interes ekonomikoengatik bultzatuta bakarrik egingo nituzke hamalauak. Egunen batean, norbait etorri, dirua jarri eta proiektua proposatuko balit bakarrik egingo nituzke. Bestela, ez daukat horrelako ideiarik. Euskal Herrian jada baditugu denak osatu dituzten nahikoa alpinista. Herrialde txikia gara, baina hiru dauzkagu: Juanito Oiarzabal lehena, Alberto Iñurrategi eta Edurne Pasaban. Eta bidean gelditu ziren, hamalauak gertu zituztela, Felix Iñurrategi eta Iñaki Otxoa de Olza.

Errepikatzekotan, Makalu egingo nuke berriro. Oso oroitzapen onak ditut, eta argazki polit bat ere bai Jean Christophe Lafaille, Iñaki Otxoa de Olza eta Ricardo Valenciarekin. Hirurak hilda daude.

Zenbateko aurrekontua izan du Nanga Parbateko espedizioak?

Gastu guztiak aintzat hartuta, 40.000 euro inguru. Kopuru horren barruan daude Aliren eta Kanen gastu guztiak. Geroz eta zailagoa da diru laguntzak lortzea.

Nola agurtzen ditu Alex Txikonek etxekoak espedizio batera joan aurretik?

Ama agurtzeak mina egiten dit, eta gero eta gehiago kostatzen zait agur esatea. Aita orain urte batzuk hil zen, eta haien logelara joan eta argazki batzuk ikustea gustatzen zait. Ez zait gustatzen lagunei eta gertukoei agur esatea. Etxera bueltatzen naizenean ere ez dut bandoa jotzen.

Pertsona mediatikoa bihurtu zara Euskal Herrian, eta agian horrek lausotu egiten ditu zure lorpenak. Behar bezain baloratua sentitzen zara?

Baloratua sentitzen naiz etxean eta kanpoan, baina, agian, gehiago baloratzen naute kanpoan. Azkenaldian, Poloniatik, Txekiatik, Irandik eta Malaysiatik dei asko jaso ditut, bertara joateko. Sare sozialetan jarraitzaile gehienak erdaldunak dira; gero, ingelesez jarraitzen nautenak, eta atzetik daude euskaldunak. Horrek amorru pixka bat ematen dit, egia esan.

Non ikusten du bere burua Alex Txikonek 30 urte barru?

Zortzimilakoetan ez behintzat! Ez Carlos Soriaren [76 urte ditu] edota Juanito Oiarzabalen [59 urte] moduan. Kirolariak eta pertsona orok jakin behar du bizitzaren aldiak zeintzuk diren. Egunen batean munduari bira ematea gustatuko litzaidake.

Zer egingo duzu udan?

Aste honetan Hegoafrikara noa. Eskalatzeko, mendira joateko eta herrialdea ezagutzeko aukera aprobetxatu nahi dut. Handik bueltan, Zegama-Aizkorri mendi maratoia egitea gustatuko litzaidake, dortsala lortu, eta behatzak uzten badit behintzat. Bizikletan Titan Desert egiteko aukera ere izan dut Lea-Artibaiko lagun batzuekin, baina ezin naiz joan. Gero, berriro ere Pakistanera edo Indiara joan nahi nuke. Neguan berriro Pakistanera itzultzeko proiektu bat daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.