Erori eta altxatu. Zartako on bat hartu, kalteen inbentario azkar bat egin, osorik zaudela haztatu, eta segi. Zer besterik da eskalada? Bide bat, zailtasunez eta arrakalaz josia, helduleku eta erlaitz txikiagoz edo handiagoz zizelkatua, naturako indarren eta norberaren gaitasunen arteko tenka, behin eta berriro erortzea —sokaren beste aldean normalean beti izaten da norbait eusten—, altxatzea, eta gora jarraitzea. Zer da eskalada, zer da bizitza, ez bada etengabe erori eta altxatzea.
Erori eta altxa, izen horixe du Ezkaurre mendiko (Zuriza, Pirinioak, Nafarroa) eskalada bide batek. Iker Urangak (Donostia, 1976) duela bi urte jakin zuen Luzio Egigurenek 2012an zabaldutako bide horren berri. Eroria, joa, zegoen Uranga garai hartan, altxatzeko premian. «Urte pare bat oso txarrak neramatzan fisikoki: egunero mina saihetsetan, hesteen alde horretan, bizpahiru urte medikuz mediku, gaixotasunaren beldur, bazela, ez zela... Xixku eginda nengoela iritsi zitzaidan Erori eta altxa bideari buruzko informazioa. Neure buruari esan nion: ‘Iker, atera hadi zulotik, joan hadi naturara’. Eta halaxe egin nuen». Eta eskalatu zuen bidea, Ander Uria sokalagun zuela.

Eta eskalada hari buruz kontakizun benazko bat ere libratu zuen hesteetatik, eta Desnivel aldizkarian argitara eman. Mina eremu minatua izan daiteke sormenerako, baina loratzen da ale politik. Altxatzen lagundu zion eskalada hark Urangari. Handik hilabete batzuetara, ordea, beste erorialdi bat izan zuen. Tratamendurako hartzen zuen pilula batek ia lehertu egin zion gibela, eta beste bi hilabetez eduki zuen ospitaleko gelara atxikita, arestiko beldur, kezka eta itzalei katigatuta. Ordea, Ezkaurreko lerro hark erakutsia zion bidea; pilula hark gaitz egiterako bazekien bestelako kimika bat behar zuela: karbonato kaltzioaren formula, kareharria, eskalada. Hala, ospitaleko gelan bertan idazten hasi zen, paperean goitika, behetik gorako bide bat irudikatzen. «Eta hor hasi zen mamitzen filmaren proiektua. Ez nuen lorik egiten, beldurrez. Beldurra nien emaitzei, uste bainuen minbizia neukala, beldurra nion goizetan berriro minarekin esnatzeari... Eta hortik ateratzeko istoriotxo bat, ibilbide bat, idatzi nuen».
Zirriborratutako istorio hartan, beheko zoko ospel hartatik Txindoki begiztatu zuen Urangak. Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da nobelako protagonistek Galibier mendatearen goialdetik itsasoa begiztatzeko duten esperantza berarekin. Bigarren Mundu Gerrako garai latz haietan itsasoak horixe irudikatzen baitzuen Gabiriaren liburuan: esperantza, irauteko euskarri bat. Eta Txindokik ere hala moduzko zerbait, Urangaren proiektuan. Hala, bere artean esan zuen: «Deitu behar zioat Mikel Saez de Urabaini, eskatu behar zioat eramateko bere Larrunarri maitera, bideren bat eskalatzera».
Txindokiko basajauna
Gutxi izango dira Aralar eta Txindokiko kareharria Mikel Saez de Urabainek (Ordizia, Gipuzkoa, 1968) bezain ongi ezagutzen dutenak. Galdetuta, berak ere ez daki zenbat bide dituen han zabalduak. Urangaren lehen dei hura bai, gogoan du: «Afaria prestatzen ari nintzen. Ikerren ahotsa eta azalpen haiek guztiak entzun nituenean, irratia itzali eta eseri egin nintzen proposamena lasai entzutera. Esan zidan nik sortutako bide bat eskalatu nahi zuela. Eskalatzaile gisa eta sortzaile gisa, handia da hori: norbaitek zuk sortutako zerbait eskalatu nahi izatea, non eta Txindokin, gainera». Ñabardura garrantzitsua da: Saez de Urabainek «sortu» esaten du, eta ez ireki. «Nik bideak denak azpitik egin ditut, eta horrela egiten duzunean, ez duzu bidea irekitzen, sortu baizik».
«Eskalada bat kontatzen da pelikulan, hondotik ateratzeko bide bat, baina ez eskaladaren epikatik kontatua. Nazkatuta nago 'extrem', 'free solo', 'everything is posible' mezu horiekin»
IKER URANGA Eskalatzailea
Nekezak dira sormenaren bideak sarri, ordea. Uranga ere, Txindokira baino lehen, bulegoetako korridore estuetan ibili zen ate joka, sos bila. «Bururatu zait, bada, niri film bat egitea», pentsatu zuen behin baino gehiagotan, baina oharkabean, bestelako pentsamenduetatik aldenduta zerabilen burua, soa Txindokin galduta. «Ate batzuk zabaldu zitzaizkidan, eta beste batzuk ez. Ondoren, Nagore Ezeizak baiezkoa eman zidan filma zuzentzeko, eta, hark Koldo Almandoz ezagutzen zuenez, harengana jo genuen gidoia lantzeko». Bi ordu luze egon zen Uranga Almandozekin. Erraietatik sortu ahala bota zion dena. «Hustu egin nintzen. Handik hilabetera, bi gidoi proposatu zizkidan, eta haietako bat asko gustatu zitzaidan; horrekin egin genuen aurrera».
Txindokira igotzeko garaia zen. Beheko zokoko terrala azpian utzi eta ospitaleko lau hormen artean oka egindakoa kareharrizko hormetan gauzatzeko garaia. Paretara bidean, beste hitz batzuekin agian, baina Txindoki beretzat zer den azaldu zion Saez de Urabainek Ikerri. «Mendi honetan beti dabil korrikalariren bat, edo oinezko bat edo eskalatzaile bat, nor bere Txindoki bilatzen. Nik ere lortu dut, hainbeste urteren ondoren, halako hartu-eman berezi bat mendi honekin. Udan, neguan, bide pila bat sortu ditut. Mila jarduera egin ditut. Alde horretatik, niretzat laborategi bat ere bada Txindoki, eta probaleku bat ere bai, gero hemendik kanpoko espedizioetarako prestatzeko. Oso kanpoeder gara orokorrean, baina etxekoa estimatzen ere jakin behar dugu».

Hasiera batean, beste bi bide ibili zituzten buruan filmaketarako, Purple Rain eta Escarlett O 'Lara —biak ala biak Saez de Urabainek sortuak— baina bata itzaltsuegia zela, eta bestea, agian, filmaketa egoki eramateko gogorregia, azkenean hirugarren bat hobetsi zuten: Izarren zaunka, Mikel Saez de Urabainek eta Xabier Artolak 2020ko ekainean sortutako lerroa. «Dinamikoagoa da beste biak baino», Saez de Urabainen arabera. Ikerren hitzetan, berriz, «bide ederra da, estilo finean irekitakoa, behetik, eta filmaketarako ere ederra: baditu zati gogorrak, eta babestu behar horretan baditu sormenerako tarteak ere».
Baina Txindokiren ongietorria ez zen gozoa izan. Uranga: «Lehen egunean ez nintzen gai mugitzeko. Irudikatu: 6c batean —ehunka egin ditut—, Mikel Saez de Urabain ezagutu berritan, bere terrenoan, plakako eskaladan, ustez ondo moldatzen naizen estiloan, eta ez nintzen gai mugitzeko. Hasi orduko, buruz behera erori eta zartako eder bat ere hartu nuen. Aupa hi!».
Baina jarri zen, hortzak estutu, eta moldatu zen Txindokiko kareharriaren zimur eta uhinetara. Eskaladan, tendoi, muskulu eta zuntz guztiak zukutu zituen Urangak. Burua ez beste gihar guztiak. Burua aurrez ere zukutua zuen nahikoa. Sarri errepikatzen dio bere buruari: «Iker, pentsa ezak gutxiago». «Burua ere muskulu bat da, eta beldurtuta zaudenean, gehiegi pentsatzen duzunean, dena ulertu eta arrazoitu nahi duzunean, jateko gehiegi ematen badiozu, zurrunbilo batean sartzen zara. Orduan, nire terapia horixe izan da: gutxiago pentsatu, gehiago eskalatu, konfiantza izan nire gorputzean eta buruan...».

Nagore Ezeizak filmatutako irudietan eta Iñigo Santiagoren argazkietan ez da tranparik, ez da errealitatea zuritzeko ahaleginik. Bizitzaren eta Txindokiko kareharriaren gris argiak eta ilunak agertzen dira bidea eskalatzeko ahalegin horretan: «Nik uste dut zintzoak izan garela, erorikoak, une etsigarriak, baldintza aldaketak, behe lainoa, oihuak, horiek denak agertzen direla. Ez dugu errealitate ideal bat edo filmaketa perfektu bat islatu nahi izan».
Pelikula Bilboko Mendi Film jaialdiko sail ofizialean estreinatuko da, abenduaren 13an, 12:00etan, Euskalduna jauregian.
Epikarik eta testosterona parrastadarik ez
Txindoki Gabiriaren liburuko itsasoaren modukoa izan da: ez da, berez, jomuga izan, «ez da film amerikarretako superazio istorio baten gailurra izan», Urangaren hitzetan. Izatekotan, probaleku moduko bat izan da, idiaren eramanez arrastan daramatzagun harriez arintzeko. Hau da, Larrunarri ez da mirarizko sendabidea izan; gehiago izan da norberaren larruan kareharriaren igurtzi lakarra sentitzeko probarria, pentsamenduak garbitzeko latsarria, kamuts antzean buruan zerabiltzan hausnarketen zorroztarria... «Azken batean, eskalada bat kontatzen da pelikulan, hondotik ateratzeko bide bat, baina ez eskaladaren epikatik kontatua. Nazkatuta nago extrem, free solo, everything is posible mezu horiekin. Ez nuen testosterona parrastada bat izaterik nahi, ez nuen Paulo Coelhoren errezetario bat izaterik nahi, ezta gutxiago ere. Ez nuen zuria saldu nahi, ez nuen beltzaren apologia egin nahi. Ez nekien oso garbi zer nahi nuen: bide bat ez beltz ez zuri».
«Eskalatzaile bezala eta sortzaile bezala, handia da hori: norbaitek zuk sortutako zerbait eskalatu nahi izatea, non eta Txindokin, gainera»
MIKEL SAEZ DE URABAIN Eskalatzailea
Alde horretatik, zaunka moduko bat ere bada Izarren zaunka. Zer adierazten duen zaunka horrek? Ez daki Urangak berak ere: «Zein da galduta egon eta bidean doan baten mezua? Ibilian noa. Nora? Ez dakit. Hortaz, irudipena dut ikusleek ere oso erreakzio desberdinak izango dituztela: eskalatzaile direnek eta ez direnek, gazteek eta adinekoek, eta batez ere bizitzan gorriak ikusi dituztenek eta ez dituztenek...».
Mikel Saez de Urabainek Txindokin sortutako bidea leiho bat da, «eta horrek iraun egingo du denboraren joanean, zu ere mendiaren parte bihurtzen baitzara», Saez de Urabainen beraren hitzetan. Eta gisa berean, filma «beste leiho bat da». Urangak bere buruari irekitako sormenezko leiho bat, ikusleei ere zabaldu nahi izan diena. Eta leiho horretatik, ez beti —izaten baitira egun grisak, lanbrotsuak, nahasiak...—, baina tarteka, Txindoki ere ikusten da, eta behetik gora egindako bideari ere antzematen zaio, eta bide horretan lagun egindakoak ere hor daude.
bhagirathi III mendiko bizipenen filma
Mikel Saez de Urabain, zuzenean edo zeharka, bi filmetako protagonista izango da aurtengo Mendi Film jaialdian: Izarren zaunka-ko sokakideetako bat ez ezik, Bhagirathi III pelikulako taldekideetako bat ere bada eskalatzaile ordiziarra. Film hori Zabalandi sailean emango dute, abenduaren 12an, 17:30ean. Duela bi urteko udan, Mikel Saez de Urabainek berak, Ruben Perez Ino-k, Jose Mari Andresek eta Alex Kammerlanderrek, lau alpinista beteranok, Indiako Garhwal mendiguneko Bhagirathi III (6.454 m) mendian eginiko eskalada kontatzen du filmak: ilusioaren iturrietara eginiko erromesaldi alpinoa.
Ruben Perez Ino-k zuzendu du pelikula, aurrez egindako lehen bertsioari beste jira bat emanda. «Inok hainbat herritan eman zuen lehen pelikula hura. Niri ikaragarri gustatzen zitzaidan: emozioa transmititzen zuen; ikusten nuen bakoitzean malkoak ateratzen zitzaizkidan. Bhagirathin bizi izan genuena ikaragarria izan zen, eta filmak aldiro berritzen zizkidan bizipen hunkigarri haiek», oroitu du Mikel Saez de Urabainek. Eta gailurreko saialdian gelditu gabe egindako 43 ordu haietatik une batzuk ekarri ditu: «6.000 metro inguruan ginela, gailurreko azken malda geratzen zitzaigun, eskisto hauskorrean, baina gaua etorri zitzaigun gainera. Hiru aukera genituen: zakurik eta ezer gabe han bertan bibak egitea, jaistea edo jarraitzea. Segitzea erabaki genuen: gau osoa lorik egin gabe eskalatzen jarraitu genuen, sekulako astindua hartu genuen. Irudiak daude. Eta horren ondoren gailurrean Alex [Kammerlander] malkotan esker ona adierazten ikustea hunkigarria izan zen».
Mendi Filmerako, gidoiari beste hari bat eman eta berregin, birsortu, egin du Ruben Perez Ino-k pelikula
.