Fitz Royn elkartzekotan

Nieves Gilek eta Lucia Guichotek Patagoniako mendi horretako 'Supercanaleta' bidea eskalatu zuten abenduan, gaur urtebete han geratu ziren Amaia Agirre lagunaren eta Iker Bilbaoren omenez. Beherakoan, momentu hunkigarriak bizi izan zituzten.

Nieves Gil eta Lucia Guichot Fitz Royn
Nieves Gil eta Lucia Guichot, Fitz Roy eskalatu ondoren. NIEVES GIL
ramon olasagasti
2024ko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Mendira lagun onekin joatea izan liteke ukendu mendian joandako lagun on baten mina, apurtxo bat bada ere, leuntzeko. Eta mendi hori lagun mina joan den mendi bera bada, mendia gerta liteke mingarri, baina mendimin hori izan liteke, taupaka-taupaka, sendagarri ere. «Zalantza izan genuen: zertarako igo nahi dugu horra gora? Batetik, ez genuen oso argi benetan Fitz Royra joan nahi genuen ala ez, baina, bestetik, barruko zerbaitek hara bultzatzen gintuen». Nieves Gil (Hecho, Aragoi, 1991) eta Lucia Guichot (Madril, 1990) ezbai horretan abiatu ziren abenduan Fitz Royra. Gaur urtebete Patagoniako mendi eder hartan geratu zen lagun minaren oroitzapenak oldeka zetozkiela, harekin elkartzekoak ziren.

Gaur da urtebete Amaia Agirre urnietarra eta Iker Bilbao durangarra Fitz Royn desagertu zirela. Biek eta Josu Linaza igorreztarrak (Bizkaia) Afanassieff bidea eskalatu zuten mendiaren ipar-ekialdeko isurian. Ondoren, Franco-Argentina bidetik egin zuten rappel, eta, italiarren arraila atzean utzi eta zailtasun guztiak gaindituak zituztela, elur jausi batek harrapatu zituen ezustean. Linaza onik atera zen; Agirre eta Bilbao arrakala erraldoi baten hondoan lurperatu zituen elur jausiak.

Espainiako Federazioko Emakumezko Alpinisten Taldean kide izan ziren Gil, Guichot eta Agirre 2017-2021eko tartean, eta lau urtean mendian bizi izandakoak estu elkartu zituen betirako. Fitz Royn, Supercanaleta bidetik igotzea erabaki zuten Gilek eta Guichotek: «Ez genuen aldarterik Afanasieff bidean sartzeko. Harkaitzezko bideak bustita zeuden, eta Supercanaleta zegoen baldintzarik onenetan». Badaezpada, sei egunetarako janaria hartuta sartu ziren. Inguratze bidea, eguraldi txarra zela eta, bi egunetan egin zuten, eta bigarren egunaren bukaeran bidearen oinarrian egon ziren aldi bat, ea harririk edo elur jausirik erortzen zen ikusten. «Ikusi genuen dena lasai zegoela, eta goizeko 01:00etan bidean sartu ginen. Lehen egunean erdiraino eskalatu genuen, eta biharamunean bidea bukatu eta Supercanaleta-ren amaieran lo egin genuen». Izan ere, 1.600 metroko bide luzea da kanal hori. Bibak hura mendian eginiko inoizko ederrenetakoa oroitzen dute.

Nieves Gil eta Lucia Guichot Fitz Royko Supercanaleta bidean
Lucia Guichot eta Nieves Gil, Fitz Royko 'Supercanaleta' bideko bibaketako batean. Atzean, Cerro Torreren multzoa. NIEVES GIL

Momentu hunkigarriak

Biharamunean, jaisteko, Franco-Argentina bidetik rappel egin zuten, bost bat ordutan, eta italiarren arrailaren gainean geratu ziren lotan. «Ekialdeko aurpegia da, eta harri asko eta elur jausiak eror daitezke. Hori dela eta, arraila horretatik behera goizean goiz egin behar rappela. Gu goizeko 5:00etan hasi ginen, eta oso goiz igaro ginen glaziarretik, Amaiak eta Ikerrek istripua izan zuten leku beretik...», gogoratu du Gilek, eta, ondoren, lagunarekin elkartzea nolakoa izan zen azaldu du: «Sentitu genuen han zegoela, arrakala erraldoi hartan. Hotzikara handi batek zeharkatu zigun gorputz osoa. Aldi bat egon ginen han, elkar besarkatu genuen, begira egon ginen, pentsatzen... Zirrara handiko momentua izan zen. Ez genekien nola erreakzionatuko genuen, eta, egia esan, polita izan zen. Ulertu genuen gertatutakoa, edonori gerta zekiokeela... Hango mendiak oso handiak dira, jarduerak luzeak, eta edozein unetan gerta daiteke ustekabe bat. Zori kontua da askotan».

«Zirrara handiko momentua izan zen. Ez genekien nola erreakzionatuko genuen, eta, egia esan, polita izan zen. Ulertu genuen gertatutakoa, edonori gerta zekiokeela...».

NIEVES GILAlpinista

Fitz Royko hitzorduan ez ezik, egunerokoan ere oso gogoan dute Gilek eta Guichotek laguna: «Oso argia eta adimentsua zen, oso zuhurra... Ez zen anbiziotsua. Mendira joatea gustatzen zitzaion, ondo pasatzea, lagunekin egotea... Ez zen bere ahalaren gaineko ezer egiten saiatzen. Oso indartsua zen, ez zuen inor kritikatzen gauzak gaizki eginagatik; kontrakoa, beti bere burua eskaintzen zuen laguntzeko, edozein lan egiteko... Seguru sentiarazten zizun. Mediku bezala urte osoan lan egin zezakeen, lan egonkor batean, baina berak mendia zuen pasio, eta ahal zuen denbora gehiena mendian egin nahi zuen».

Lucia Guichot mendizalea Fitz Roy mendian
Lucia Guichot, Fitz Roy mendiari eta iaz istripua gertatu zen lekuari begira. NIEVES GIL

Familiek eta lagunek urteurrenerako prestatu duten oroigarrian, Eli Azurmendiren akuarela ederrari laguntzen dioten hitzak minaren eta desiraren arteko arraildura horretatik sortuak dira: «Naturak tinko eta goizegi bere magalean jaso zaituzte. Zuen bizi indarra eta poztasuna gugan bizigai bilaka dadila». Eta hitz horien uberan, arraildura horretan, halako hitzordu eta hitz gehiagoren oihartzuna sumatzen da. Duela hainbat urte, Miriam Garcia Pascualen ama, esaterako, alaba desagertu zen mendira joan zen, Merura, eta Ganges ibaiaren magal hartan baketu zen bere barrua: «Geroztik zoriontsuagoa naiz. Badakit non atseden hartzen duen nire alabak. Badakit munduan den mendirik ederrenean datzala. Lehen, ekarri egin nahi nuen. Gaur, ez. Ondo dago dagoen lekuan. Gauetan jada ez dut pentsatu beharrik izaten non dagoen, badakit eta. Oso polita da lekua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.