Udaberria iritsi da jada, eta ibiltariak prest daude EMF Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen ibilaldi luzeen denboraldia irekitzeko. Neguaren hotzak eta paisaia lehorrak baztertu eta urtaroak eskaintzen duen ibilaldiak egiteko abagunea aprobetxatuko dute mendizaleek. Igande honetan egingo dute lehenengo irteera ofiziala, Villabonako (Gipuzkoa) Aizkardi mendi elkarteak antolatuta.Urriaren 9an izango dira zirkuituko azken bi ibilaldiak, Makean (Lapurdi) eta Orozkon (Bizkaia). Bien bitartean, Euskal Herriko lurralde guztietatik igaroko diren 22 ibilaldietan parte hartzeko aukera izango dute. Abuztuan eta irailean izango dute ibiltariek deskantsurako aukera, ez baita irteerarik egingo.
Egun berean bi ibilaldik bat egingo duten asteburuak izango dira, maiatzaren 14a eta urriaren 9a, esaterako. Ibiltariek bata edo bestearen arteko aukera egin beharko dute, beraz.
Urtero izan ohi da Villabonakoa lehenengo irteera. Aurten ere, bi ibilaldi prestatu dituzte. Bata luzea izango da, 43 kilometrokoa eta Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien zirkuiturako baliagarria. 07:00etan —argi ordu aldaketarekin— aterako dira mendigoizaleak eliza ondoko Aizkardi Mendizale Elkarteak duen egoitzatik. Bigarren ibilaldia laburragoa izango da, 24 kilometrokoa, eta leku beretik aterako dira mendizaleak, ibilaldi luzekoak baino ordubete beranduago, 08:00etan.
Urrutitik datozen ibiltariengan pentsatu duantolakuntzak, eta gela bat prestatuko du puzgarriekin; nahi izanez gero, bezperan iritsi eta han lo egiteko. Zerbitzu hori erabiltzeko, antolakuntzari jakinarazi beharko zaio aldez aurretik telefono honetan: (0034) 649-71 71 82.
EMFak ematen duen Shebe Peña sarirako hautagaia izateko, derrigorrean zortzi iraupen luzeko ibilaldi egin beharko dira, lau lurraldeetatik bana gutxienez. 119 lagunek lortu zuten iaz saria eskuratzeko hautagaitza. Erregulartasuna, ahalegina eta elkarren arteko adiskidetasuna sustatzeko xedearekin antolatzen ditu EMFak iraupen luzeko ibilaldiak. Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko mendizale elkarteekin elkarlanean prestatu ditu Zirkuitua 2011 osatzen duten 22 ibilaldi luzeak.
Nafarroan laugarren aldiz antolatu dute Nafarroako Mendi Ibilaldien Zirkuitua. Aurten, hamar ibilaldi edukiko ditu, iazko zirkuituak baino bi gehiago. Euskal Herriko zirkuituko hiru ibilaldi hartzen ditu. Otsailaren 20an ireki zuten denboraldia, Corellan, baina oraindik beste zortzi ibilaldi geratzen dira. Hurrengoa apirilaren 2an izango da, Altsasuko IV. mendi ibilaldia.
Antolakuntzak gogorarazi du ez direla lehiarako ibilbideak, eta Nafarroako lurraldea ezagutzeko proposamena egin du ibilaldien bitartez.
Mendia. Ibilaldi luzeak
Ibiltariak prest mendiaz gozatzeko
Igandean irekiko dute iraupen luzeko ibilaldien zirkuitua. Antolatzaileek eskaintzen duten babesaz mendiaz gozatu eta Euskal Herria ezagutzeko parada eskaintzen dute martxek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu