Igandean, eguraldi iragarpen onak lagun, hainbat eta hainbat mendizale elkartuko dira beste behin Euskal Herriko erdigune geografikora urtero egin ohi den ibilaldian. Andia mendilerroan (Nafarroa), Beriain tontorretik Goñiko gainetara bidean dago Olibesarioko saroia; 1.236 metrotan dago, Lezizagoa tontorretik gertu, eta sakonune hori da Euskal Herriaren epizentroa.
Felix Isasa ingeniariak zehaztu zuen, duela 25 bat urte, zein den gure lurraldearen konpasaren erpina. Barizentroaren kontzeptuan oinarrituta, masa zentroaren propietatea erabili zuen horretarako. Ondoren, 2004an, Isasak berak metro erdiko zutarri bat jarri zuen Andiako eremu hartan, eta zirkulu zentrokide batzuk inguruan, harrespila modura. Geroztik badakigu, geografia aldetik behintzat, huraxe dela gure herriaren bihotza.

Horren ondoren, duela 21 urte, Irurtzungo Iratxo elkartekoak erdigunera joateko ibilaldi bat antolatzen hasi ziren, eta lekua ezagutarazten. Igandean berrituko da ohitura, beste behin. Erdigunerako ibilaldia lurraldetasunaren aldarriari loturik egon da beti, eta, alde horretatik, iazkoa berezia izan zen, bi mendi federazioek elkarturik ospatu baitzuten iaz beren mendeurrena. Aurten ere han izango dira Euskal Herriko Mendi Biltzarreko ordezkariak. Aurten, bederatzi elkarte edo erakunde hauek aritu dira antolaketa lanetan: Euskal Herriko Mendi Biltzarra, Iratxo mendi elkartea, Sakanako Mendizaleak, Altsasuko Mendizaleak, Atarratze mendi taldea, Gure Esku, Gu Ere Bai taldea eta Irañetako Udala.
Bi irteera izango dira: 08:45ean Senosiaindik eta 09:30ean Irañetako bordatik. Hitzorduak horiek dira, baina irteera nork bere kabuz eta beste edozein abiapuntutatik ere egin dezake. Ekitaldi nagusia 11:30ean izango da, erdigunean, eta 13:30etik aurrera, pintxo-potea, bertsolariak (Idoia Granizo eta Sahats Karasatorre) eta bazkaria izango dira, Irañetako bordan. Bazkarirako, izena eman behar da 620 19 02 77 telefonoan.