Urte osoan Mendi Film jaialdirako sukalde lanean aritu ondoren, azken xehetasunak lotzen dabil asteotan Jabier Baraiazarra zuzendaria (Bilbo, 1961). Datozen hiru urteetarako berritu du kargua, gainera.
IKUSI GEHIAGO
Zer-nolako uzta topatuko dugu aurtengoan?
Oro har uzta oso polita izango da. Azken urteak ederrak izan dira, eta aurtengoa ere hala dator. Dokumental oso ezberdinak aurkeztu dira, baina aurten asko eta asko eskaladako pelikulak dira. Ikusten da eskalada puri-purian eta modan dagoela. Oso produkzio onak emango ditugu. Nabarmendu nahiko nuke emakume egileen kopurua eta haien kalitatea.
Hemezortzigarren ekitaldia izango da aurtengoa. Asko aldatu dira lanak azken urteetan?
Dokumental luzeak jorratzearen aldeko hautua egiten ari da jendea. Urte batzuetan, eta gehienbat markak aginduta, dokumentalen iraupena asko murriztu zen, baina gaur egungo joera beste bat da. Gero eta film luze gehiago iristen zaizkigu, eta gero eta kalitate handiagokoak, gainera.
Euskal ekoizpenen uzta ere urtetik urtera gero eta oparoagoa da. Aurten ere hala izan da, ezta?
Bai. Aurkeztutakoen kopurua handia izan da, eta hautatutakoena ere, inoizko handiena. Kalitate handiko filmak jaso ditugu. Halere, oraindik ere gehiago izatea gustatuko litzaiguke. Horretan zerikusi handia izan du Mendi Filmek. Dokumental dezente egin dira guk eskainitako beken bultzadari esker. Aurten, adibidez, aukeratuenen artean badira Euskal Irrati Telebistaren laguntza izan duten lau film. Euskal dokumentalen sarea asko egonkortu da azken urte hauetan guztietan.
Bilbon aurkeztutako euskal produkzio askok kanpoan ere arrakasta izan dute.
Bai, eta hori ere bada Mendi Filmen helburu handienetako bat. Geure nahia ez da bertako filmak Mendi Filmen edo Mendi Tourren bakarrik zabaltzea, baizik eta nazioartean proposatzea eta zabaltzea. Horren fruitua jasotzen ari gara jada. Esaterako, Janire Etxaberen Haize lerroak dokumentalak saria jaso zuen Rio de Janeiron (Brasil), eta Torellon (Herrialde Katalanak) eta Banskon (Bulgaria) ere aurkeztu dira euskal produkzioak. Mendi Filmentzat oso garrantzitsua da bertako produktua kanpora zabaltzea.
Aurtengo beste protagonistetako bat Edurne Pasaban izango da, hari buruz Sua argitaletxeak eta Mendi Filmek argitaratutako komikiaren harira.
Zalantzarik gabe! Edurne Pasaban erreferentea da gizarte mailan esparru askotan. Menditik ohiko bizimodura trantsizioa egiteko garaian eredu izan da eta eredu da gaur egun ere. Mendizaletasunaren balioak transmititzeko hartu dituen bideak nabarmenduko nituzke. Euskal mendizaletasunaren historia komiki formatuan jasotzeko egitasmoan laugarren lana da Edurnerena, eta haren aurretik bidea urratu duten beste hainbat emakumeren lekukotza ere jasotzen da liburuan.
Osasuntsu dago Mendi Film?
Baietz esango nuke. Oso egonkortuta dago, eta bai etxean eta bai kanpoan aintzat hartzen da gure jaialdia. Nahiz eta gu urtetik urtera gero eta zaharragoak izan, festibala bera urtero gaztetuz joan da. Osasuntsu dago, eta etorkizun ederra duela esango nuke.
Eta ekonomikoki zer egoeratan dago?
Ondo dago, eta kontuak ondo ateratzen dira. Baina diru gehiago sartuko balitz, festibalak oraindik ere maila handiagoa izango luke. Azken urteetan oreka handia lortu dugu, eta, urte osorako dirua segurtatzea lortu dugu lana fin eta sendo egiteko, eta emaitzetan nabaritu ditugu.
Mendi Film jaialdia munduko onenetakoa da gaur egun. Oraindik ere gauza asko ditu hobetzeko?
Bai. Gure estiloa ondo markatu dugu urtez urte, baina oraindik ere hainbat bide ditugu jorratzeko. Erronka asko ditugu aurretik. Horietako bat ikusle gazteagoak erakartzea izango da, eta bide horretan lan asko ari gara egiten. Etorkizunari begira hori izan daiteke helburu nagusietako bat. Bestalde, mendiko jardueren berri hainbat modutara eman daiteke: pelikulen bidez, literaturaren bidez, solasaldi edo margo tailerrak antolatuta... Aurten, esaterako, Andoni Ormazabalek eskaladako lesioen inguruko tailer bat emango du. Mendian emakumeen presentzia bultzatzeko laborategi moduko bat ere izango dugu. Etengabeko lanean ari gara gauzak hobetzeko.
Euskal Herrian mendirako dugun begirunea kontuan hartuta, euskal herritarrak beste lekuetako ikusleak baino exijenteagoak dira?
Nire ustez, hala izan behar dute. Hori garbi daukat! Jaialdiaren onerako, ikusleek serio hartu behar dute, eta exijenteak izan behar dute. Zinema oso aintzat hartzen da Euskal Herriko kulturaren esparruan: jendeak asko daki zinemari buruz, eta mendiko zinemari buruz ere zerbait ikasi du Mendi Filmen eskutik. Argi daukat Euskal Herrian badela jendea Mendi Filmeko antolakuntzako jendeak baino askoz gehiago dakiena mendiko zinemari buruz.