Adin nagusiko: ilusioz eta sasoiko

Bilboko XVIII. Mendi Film Jaialdia aurkeztu dute. Abenduaren 5etik 14ra, hainbat saio izango dira Bilboko Euskalduna jauregian: 55 film —Euskal Herriko hamabi ekoizpen tartean—, zortzi liburu aurkezpen, tailerrak eta bestelako hainbat ekitaldi.

2025eko Mendi Film jaialdiko Euskal Herriko ekoizpenen egileak
2025eko jaialdian aurkeztuko diren Euskal Herriko ekoizpenen egileak, taldeko argazkian. ENRIQUE MORENO ESQUIBEL
ramon olasagasti
2025eko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adin nagusiko egin da Bilboko XVIII. Mendi Film Jaialdia. Duela 18 urte Gasteizen oinez hasi zen jaialdi hura nazioarteko itzal handiko ekitaldia da gaur egun. Gaztea da oraindik, baina errotu da, sendotu da, eta horren erakusle dira jaialdiaren eragin ekonomikoa, soziala eta kulturala neurtzeko EHUk eta Cultumetria enpresak egin duten ikerketaren emaitzak. Ikerketa horren printzarik aipagarrienak nabarmendu zituen Jabier Baraiazarra zuzendariak atzoko aurkezpenenaren hasieran: «Arlo ekonomikoan, iazko edizioak ia milioi bat euroko eragin ekonomiko induzitua sortu zuen. Arlo kulturalean, galdeketari erantzun diotenek 9,2ko batezbestekoa ematen diote jaialdiari, eta 8,6koa filmen kalitateari...».

Baraiazarrak berak eta Aitor Elduaien komunikazio arduradunak xehatu zituzten atzo aurtengo ekitaldiaren edukiak eta egitaraua. Aurkezpenean, lagun izan zituzten, besteak beste, babesleak, jaialdian estreinatuko diren euskal filmen hainbat zuzendari, Juanito Oiarzabal alpinista eta Javier Alvaro zinemagilea. Hain zuzen, Alvarok zuzendutako Oiarzabal. Entre Juan y Juanito lana izango da irekiera ekitaldiko filma. Erakunde babesleetako ordekarien artean, hauek bildu ziren atzoko ekitaldian: Carlos Sergio, Bizkaiko Foru Aldundiko kirol zuzendaria; Koldo Bilbao, BBK fundazioko kultura arduraduna; Iñigo Iturrate, Euskaldunako zuzendari nagusia; Joselu Blanco, EITBko Programazio zuzendaria; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria; eta Anne Zufiaur, Ternuako Marketin eta Komunikazio arduraduna.

Euskalduna: kanpaleku nagusi bakarra

Euskalduna jauregia izango da aurten jaialdiaren egoitza bakarra; hori da hemezortzigarren ekitaldiko berrikuntza nagusietako bat. Hango aretoetan egingo dira emanaldi eta jarduera guztiak. Jaialdia bera abenduaren 5ean hasiko da, Mikel Urdangarinen Itsasora filmarekin, baina hasiera ekitaldia larunbatean izango da, abenduaren 6an. Euskaldunako aretoetan 55 pelikula aurkeztuko dira guztira, horietatik 45 Sail Ofizialean, eta beste hamarrak lehiaz kanpo, Zabalandi sailean.

MENDIFILM. ENRIQUE MORENO ESQUIBEL
Bilboko Mendi Film Jaialdiaren antolatzaileak, babesleak eta Euskal Herriko ekoizpenen zuzendariak, aurkezpenean. ENRIQUE MORENO ESQUIBEL

Lan azpimarragarrienetako batzuk aipatu zituen Jabier Baraiazarrak: Emily Harrington eskalatzaileari buruzko Girl climber; Afganistango gizartean eragin handia duen eski lehiaketa bati buruzko Champions of the Golden Valley, Oscar sarietarako hautagaitza lortzeko bidean den filma; AEBetan mendiko bizikleta egokitua oinarri duen komunitateari buruzko Best Day Ever, berriki Banffen (Kanada) ikusleen saria lortu duena; Junko Tabei japoniarrari buruzko Climbing for Life; Mikel Urdangarin musikariaren Itsasora, Unai Basurko nabigatzaileari eginiko aitortza eta itsasoari berari eginiko kantua...

Horiez gain, beste hiru film ere nabarmendu nahi izan ditu Baraiazarrak: Harri, orri, arkatz, Expocroquis proiektuaren ginga, Jon Herranz zinemagileak zuzendutako dokumentala; Sustraiak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Kirolak eta Euskara Sailak Mendi Filmekin batera sustatzen duten beka eskuratu duen filma, eta arestian aipatutako Juanito Oirzabali buruzko pelikula.

Mendiko euskal zinema

Zuzendaria, ekoizlea edo protagonistak euskal herritarrak direlako Euskal Herriko produkziotzat har daitezkeen hamabi film izango dira aurten Mendi Filmen, bostetik bat. Hain zuzen, dozena horretatik egile gehienak Bilbon elkartu ziren atzo, familia argazkian.

Hauek dira aurtengo ekitaldian izango diren Euskal Herriko ekoizpenak: aurrez aipatutako Sustraiak, Itsasora eta Harri, orri, arkatz; Nagore Ezeizaren Izarren zaunka; Jon Mendizabalen Aldabide, Itxinako barrunbeetako mundu miresgarria erakusten duen lana; Julen Elorzaren Cantos y flores, Karina Carsolio mendi korrikalariak Boliviako Andeetan duen ametsari buruzko pelikula; Ibon Gaztañazpiren Errio; Jesus Mari Lazkano margolariaren Natura fugit animaziozko lana; Gorka Ipiñazar eta Haizea Huegunen Sinkronia, naturak Gotzon Huegun eskultorearen sorkuntza prozesuan duen eragin sakonari buruzko filma; Iñigo Lamanaren The Road we Never Rode, ametsezko bizikleta bidaia bat Zeelanda Berrian barna; Unai Jauregibeitiaren Tras la huella noruega, iraupen eskiaren jatorritik gaur arteko historia, eta Alfonso Garciaren Un día al año, Atxarteko inauteriari buruzko lana.

Zinemaz harago, mendiko kultura

Mendi Film, zinema jaialdi hutsetik harago, «mendiko kulturaren erakusleiho zabala» da, antolatzaileen hitzetan. Halaxe da WOP Mendi Film saria ere, mendiko kulturaren eta balioen hedapenean nabarmentzen diren pertsona eta elkarteei WOP Fundazioak eta jaialdiak berak egiten dien aitortza. Aurten Catherine Destivelle alpinista frantziarrak jasoko du sari hori, «alpinista eta eskalatzaile gisa eta liburu editore eta dibulgatzaile gisa egin duen ibilbide oparoagatik».

Mendiko kulturaren adierazpide da Janire Etxabe dantzari eta eskalatzailearen Geure(r)a proiektua ere. Atzoko aurkezpenean izan ziren Etxabe bera eta Eli Azurmendi margolaria, asmoa aurkezten. Etxaberen dantza bertikalaren egitasmoak liburu eta performance itxura hartu du orain, eta Azurmendik egin ditu hartarako ilustrazioak. Azurmendik berak, berriz, erliebezko grabatuei buruzko tailer bat ere emango du aurtengo jaialdian.

2025eko Mendi Film jaialdiaren erakunde babesleetako ordezkariak
Erakunde babesleetako ordezkariak. aurkezpen ekitaldian. E. MORENO ESQUIBEL

Emakumeen eta mendiaren arteko lotura islatzen duten zenbait film aurkeztuko dira aurtengo Mendi Filmen ere, eta horren inguruko mahai inguru berezi bat ere antolatu da, oraintxe sortzen ari den nazioarteko ekinaldi bat ardatz hartuta: Laboratorio Donne. 9b+ Femenino Plural. Hizlariak: Riccarda de Eccher, Elena Goatelli, Gentzane Osaba, Lucia Guichot, Nieves Gil eta Irati Zabala eskalatzaileak. Abenduaren 13an izango da, larunbat arratsaldean.

Mendiko zinemagintza industriari buruzko Mendi Pro jardunaldian, Ben Sturgulewski eta Katie Stjernholm arituko dira. Abenduaren 12an, ostiral goizean.

Etxeko txikienentzat eta haurrak dituzten familientzat, Mendi magikoa saio berezia izango da aurten ere: film laburrak, antzerkia Les Bobe Bobe konpainiaren eskutik, Eriz magoa… Abenduaren 14an, igande eguerdian.

Bi erakusketa handi eskainiko ditu aurten Mendi Filmek: bat, CVCE Photo mendiko jardueren argazkilaritza lehiaketako lan sarituek osatutakoa, eta bestea, Poloniako Tatra museoaren Natura eta Kultura. Mendiak inspirazio iturri, Emmoa euskal mendizaletasunaren museoarekin elkarlanean.

Mendiko literaturak ere tarte nabarmena izango du aurtengo jaialdian, zortzi liburu aurkeztuko baitira. Horietako bat da Edurne Pasaban komikia, Sua argitaletxeak eta Mendi Filmek elkarrekin argitara emandako lana. Euskal mendizaletasunaren historia komiki formatuan jasotzen duen bildumaren laugarren titulua da Pasabanena. Hauek dira aurreko hiru komikiak: Everest, herri oso bat gailurrean; Iñurrategi Anaiak, mendiari bihotz emanak, eta Andres Espinosa, bakarrik eta libre. Abenduaren 6an, eguerdian egingo da Edurne Pasabanen komikiaren jendaurreko aurkezpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.