Imanol Rojo eta Irati Cuadrado garaile Marxa Bereten

Iraupen eskiko herri proban 700 bat eskiatzaile bildu dira gaur, euskal herritarrak horietako asko eta asko. Tarteko distantzian Peio Añarbe gasteiztar gaztea nagusitu da, eta 10 kilometrokoan, June Aranburu tolosar gaztetxoa hirugarren izan da.

Imanol Rojo eta Irati Cuadrado 2024ko Marxa Bereteko txapeldunak
Imanol Rojo eta Irati Cuadrado, Marxa Bereteko proba nagusiko bi irabazleak. RFEDI
ramon olasagasti
2024ko otsailaren 4a
17:20
Entzun

Marxa Beret probaren 44. aldia jokatu da gaur goizean Pla de Bereteko pistetan (Val d’Aran, Katalunia), iraupen eskiko erreferentziazko lasterketa, herrikoia eta goi-mailakoa aldi berean. 700 eskiatzaile aritu dira lehian. Elur faltagatik Montgarrira jaistea ezinezkoa zenez, Pla de Bereteko lautadan moldatu behar izan dituzte ibilbideak antolatzaileek, eta, ondorioz, murriztu egin dituzte distantziak. Hala, 42 kilometroko proba nagusia 32 kilometrora mugatu dute, eta tarteko distantzia (21 km), 18,5 kilometrora. Ibilbide laburrak (10 eta 5 km), osorik egin ahal izan dira.

2024ko Marxa Beret
2 urtetik 84 urtera arteko eskiatzaileak aritu dira 700 partaideen artean. RFEDI

Egun asko izan dira tenperatura altuekin, prezipitaziorik gabe eta gauez izotzik egin gabe. Elur askorik ez zegoen Bereteko zelaigunean, baina partaide guztiek estazioak egindako lan eskerga goraipatu dute, eta elurra eskiatzeko «bikain» zegoela nabarmendu dute. Hala, beste behin, iraupen eskiaren festa herrikoia izan da Marxa Beret.

Proba nagusian, gizonezkoetan, nagusitasun osoz lortu du garaipena Imanol Rojok. Eskiatzaile tolosarrak 1.08.32an osatu du 32 kilometroko ibilbidea, eta sei minuturen aldea atera dio bigarrenari, Sadurni Betriu kataluniarrari. Hirugarren, Betriurekin lehia estuan ibili ondoren, Irrintzi taldeko Lander Martin nafarra izan da, kataluniarraren denbora berean. Proba ikusgarria egin du Beorburukoak. Jurgi Irureta Urdaburu taldekoa bederatzigarren izan da. Imanol Rojok nabarmendu du beretzat beti dela «berezia» Marxa Bereten parte hartzea, eta «etxean bezala» sentitzen dela. «Baldintzak kontuan hartuta, zirkuitua oso txukun zegoen, batez ere gainerako estazioekin alderatuta. Gainera, oso entrenamendu ona izan da etorkizuneko probei begira».

Imanol Rojo, 2024ko Marxa Bereten
Imanol Rojo, ahalegin betean. RFEDI

Nesketan, Irati Cuadrado nafarra gailendu da proba nagusian. Irrintzi taldeko eskiatzailea hamabigarren helmugaratu da partaide guztien artean. Hala adierazi du Cuadradok helmugan: «Oso pozik nago; izan ere, elur baldintzak direla eta, oso negu gogorra izaten ari da, baina lasterketa hau ondo egin ahal izan da. Hirugarren aldia nuen hemen: Marta [Cester] eta biok elkarrekin joan gara azken itzulira arte, eta hor erritmoa pixka bat bizitu egin dut. Jada esan dezaket irabazi dudala Marxa Beret entzutetsua».

Peio Añarbe tarteko distantzian

Tarteko distantzian, Peio Añarbe gaztea izan da irabazle. Gasteiztarrak hil honetan beteko ditu 18 urte, baina aise hartu die aurre gainerako partaide guztiei. Añarbek 42 minutu eta 43 segundoan osatu du 18,5 kilometroko ibilbidea, eta minutu baten aldea atera dio Pablo Moreno bigarrenari eta bi minuturena Pau Molins hirugarrenari. Bosgarren izan da Hodei Juaristi, Tolosako Uzturre taldeko kidea.

2024ko Marxa Beret
Elur askorik ez, baina zegoena baldintza onetan izan dute 2024ko Marxa Bereten. RFEDI

Hamar kilometroko distantzian, nabarmentzekoa June Aranbururen hirugarren postua (Tolosa, 2009), Joana Puig kataluniarraren eta Cordonnier Roman frantziarraren atzetik. Mutiletan, laugarren izan da Ibai Letona eta bosgarren Aitor Maeztu, Irrintzi taldekoak biak.

Sailkapen guztiak hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.