Indarberriturik dator 2026ko Mendi Duatloien Zirkuitua

Gaur aurkeztu dute 16. ekitaldia, Zarauzko kanpinean. Bederatzi proba izango dira, tartean bi berri: Zarauzkoa eta Bidania-Goiazkoa. Aurten, sailkapeneko puntuaketa sisteman ezingo da probarik alde batera utzi.

2026ko Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituaren (EHMDZ) aurkezpena.
Juan Zubia EHMDZko ordezkaria, Sandra Rodriguez Zarauzko Triatloi Taldeko ordezkaria, Maddi Olaetxea eta Josu Urrestarazu iazko irabazleak eta Idoia Alberdi Zarauzko kanpineko ordezkaria, aurkezpen ekitaldian. BERRIA
ramon olasagasti
Zarautz
2026ko uztailaren 16a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxan da aurten ere Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuitua (EHMDZ), hainbat berritasunekin. Gaur aurkeztu dute 16. ekitaldia, Zarauzko kanpinean, eta lekua ez da ausazkoa izan: Zirkuituaren babesle nagusia izango da 2026an Gran Camping Zarautz; izan ere, kanpinean eta Talai Mendi muinoaren inguruetan egingo da, aurten lehenbizikoz, egutegiko proba bat. Hain zuzen, bi proba batu dira aurten Zirkuitura: Zarauzkoa, irailaren 26an, eta Bidania-Goiazkoa, azaroaren 21ean. Guztira, bederatzi mendi duatloi izango dira 2026ko egutegian.

Atzera begira jarri da Juan Zubia EHMDZren antolatzaileetako bat: «Dagoeneko 16. ekitaldia da. Hasi ginenean jaio gabe zeuden gaztetxoak jada Zirkuituko probetan aritu daitezke aurten. Beraz, badira urte batzuk». Azken urteotan, berriro ere gora egiten hasi da parte-hartzea eta proba hauen inguruko giroa, eta aurtengoa indarberriturik dator. Giro horrek bultzatuta animatu dira Zarauzkoak ere. Oier Iruretak, Zarauzko Triatloi Elkarteko kideak, duela urte batzuk ezagutu zuen Zirkuitua, eta iaz, Adunako proban parte hartu ondoren, Siratz Aldanondo taldekideari esan zion halako proba bat Zarautzera ekartzea «latza» izango zela, eta lagunari ere begiak piztu zitzaizkion. «Zarauzko Triatloi Elkartean proposatu eta babes osoa jaso genuen. Non egin pentsatzen hasi ginenean, ikusi genuen kanpinaren ingurua izan zitekeela leku egokiena, jada mendian ginelako, eta kanpineko arduradunengana jo genuen, eta ateak parez pare zabaldu zizkiguten».

«Dagoeneko 16. ekitaldia da. Hasi ginenean jaio gabe zeuden gaztetxoak jada Zirkuituko probetan aritu daitezke aurten»

JUAN ZUBIA EHMDZren antolakuntzako kidea

Idoia Alberdik, Zarauzko kanpineko arduradunetako batek, oso begi onez hartu zuen proposamena, eta hark ere atzera begiratu du, eta oroitu du 1985etik 1993ra nola egin ziren ziklo-kroseko Superprestige probak kanpinean bertan. «Aurten, berriz, mendi duatloia izango dugu. Kanpina leku estrategikoan dago: Talaia Mendi muinoan, Zarautz gainean, eta mendia ere gertu daukagu. Uste dut ikusgarria izango dela».

Zarauzko kanpinak, kirolarekin beti izan duen harremana ere nabarmendu du Alberdik. «Talde askorekin daukagu babesletza akordioa sinatuta. Azken batean, herriko eragile bat gara, eta atzerriko jende asko hartzen badugu ere, bertakoak ere asko etortzen dira gurera. Herriarekin hartu-eman estua izan du betidanik kanpinak, eta emandako guztia herriari itzultzeko modu bat da kirol ekitaldi hauek babestea».

Aurtengo zirkuituan, bada beste berritasunik ere. Antolatzaileek leialtasuna eta egutegi osoa egitea sustatu nahi dute, eta, horri begira, sailkapenetan, aurten ezingo da proba bat alde batera utzi. «Nolanahi ere, puntuaketa sistema aldatu egin dugu. Irabazleak 25 puntu izango ditu, bigarrenak 20 eta horrela hurrenez hurren. Hau da, proba batean kale eginda ere, besteetan parte hartuz gero, ez da lehen adinako puntu alderik sortuko», zehaztu du Zubiak.

Iazko bi irabazleak eta lehen aldiz ariko direnak

Euskal Herriko Txapelketa Idiazabalen izango da aurten, azaroaren 14an. Txapela maila guztietan izango da jokoan. Bikote mistoetan ere bai, iaz bezala. «Aurten, berriz, Zirkuitu osoan ere bikote mistoen sailkapena aintzat hartuko da», jakinarazi du Zubiak.

Aurkezpenean izan dira zirkuituaren iazko bi irabazleak ere: Maddi Olaetxea (Usurbil, Gipuzkoa, 2003) eta Josu Urrestarazu (Idiazabal, Gipuzkoa, 1994). Olaetxea duela hiru urte hasi zen mendi duatloietan parte hartzen, eta iaz buru-belarri aritu zen Zirkuituan. Aurten ez daki oraindik zer martxa izango duen udazkenean: «Kirol asko ditut gustuko, eta ezin dut nahiko nukeen leku guztietara iritsi, baina saiatuko naiz ahalik eta proba gehien egiten», aurreratu du.

«Niretzat plazer handia da triatloian eta duatloietan geroz eta neska gehiago ari direla ikustea. Hortaz, animatu egin nahiko nituzke denak, baina batez ere neskak, probatzera»

SANDRA RODRIGUEZ Zarauzko Triatloi Elkarteko kidea

Josu Urrestarazu, berriz, 2012an hasi zen mendi duatloietan Beasaingo Arriaran auzoan (Gipuzkoa). Eta hasieratik ikusi zuen proba hauen ezaugarriak zein diren: «Lehia, noski, egon badago, baina ondoren partaideen artean oso giro ona sortzen da, euskal giroa eta herritartasuna ere oso nabarmena da...» 2018tik aurrera urtero saiatu da Urrestarazu mendi duatloiak egiten, eta geroztik hiru aldiz izan da Zirkuituan irabazle eta lau aldiz Euskal Herriko txapeldun. «Udazkenean, Behobia eta mendi duatloiak izan dira beti nire egutegiaren ardatza. Aurten, Behobian 1.10eko langa horretatik jaisteko apustua egin nahi dut, baina mendi duatloien egutegiko azken probak behintzat egingo ditut».

Sandra Rodriguez Zarauzko Triatloi Elkarteko kidea, berriz, lehen aldiz ariko da aurten mendi duatloi batean, herrikoan hain zuzen. «Lau urte dira triatloiaren munduan sartu nintzela, eta ikusi dut diziplina asko daudela. Mendian korrika ere horrela hasi nintzen, eta oraintxe nire zaletasun handienetakoa bihurtu da. Bestalde, niretzat plazer handia da triatloian eta duatloietan geroz eta neska gehiago ari direla ikustea. Hortaz, animatu egin nahiko nituzke denak, baina batez ere neskak, probatzera. Aukera asko daude, banaka, erreleboka... Gainera, Zarauzkoa, kanpinaren inguruetan, ederra izango da, sekulako ikuspegiak baitaude».

BERRIA Mendi Duatloi Zirkuituaren hedabide babesle izan da hasiera-hasieratik, eta 16. ekitaldian ere halaxe izango da. «Zirkuituaren filosofiarekin, euskaratik eta euskaraz aritzeko bultzada horrekin, herri txikien ekimenarekin, auzolan espiritu horrekin bat egiten du BERRIAk, eta horregatik, hasieratik babestu du proiektua», adierazi du Irati Azkuek, BERRIAren ordezkariak. Hala, kazeta honek jarraipen informatiboa egingo die Zirkuituko probei, eta sariekin ere lagunduko du.

2026ko EHMDZ-ko probak

  • Irailak 19, Asteasu
  • Irailak 26, Zarautz 
  • Urriak 3, Durango 
  • Urriak 17, Kanpezu
  • Urriak 24, Aia 
  • Urriak 31, Ibarra
  • Azaroak 14, Idiazabal (EHko Txapelketa) 
  • Azaroak 21, Bidania-Goiatz
  • Azaroak 28, Aduna

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA