Mendiko eskiko Espainiako txapelketak jokatu dira asteburuan Kataluniako Boi Taull estazioan: ostiralean, errelebo mistoko proba jokatu zen, eta, larunbatean, esprintekoa. Atzo, berriz, Espainiako Kopako banakako proba jokatu zen Boi Taullen bertan. Malen Osa eta Iñigo Martinez de Albornoz izan dira garaile nabarmenetako bi hala Espainiako Txapelketan nola Espainiako Kopako proban.
Larunbatean, esprinteko distantzian, Martinez de Albornoz izan zen txapeldun gizonezkoetan. Ikusgarria eta estua izan zen eskiatzaile donostiarraren eta Biel Pujol kataluniarraren arteko lehia. Azkenean, lau segundoko aldeaz gailendu zen Martinez de Albornoz. Marc Radua kataluniarra izan zen hirugarren.
Emakumezkoetan, Anna Huguet kataluniarra izan zen txapeldun, Maria Ordoñez andaluziarrarekin lehia estuan. Biak segundo berean helmugaratu ziren, eta ehunenetan erabaki zen auzia Hugueten alde. Ares Torra kataluniarra izan zen hirugarren.

Ostiralean, errelebo mistoko Espainiako Txapelketan, bikotea osatu zuten Osak eta Martinez de Albornozek, eta hirugarren egin zuten. Partaideek ondoz ondoko bi igoera izan zituzten —goranzko desnibeleko 68 eta 83 metro hurrenez hurren—, eta tartean irristatzeko eremuak, jaitsiera teknikoak eta oinezko zatiak. Akatsak zigortu eta bikotekideen arteko koordinazioa saritzen zuten ibilbide horretan. Huguet eta Albert Perez kataluniarrak izan ziren irabazle, eta Ordoñez eta Gonzalo Casares andaluziarrak, bigarren.
Atzo, azkenik, Espainiako Kopako banakako proba jokatu zen Boi Taullen bertan, eta Osak argi erakutsi zuen urrats handiak egiten ari dela kirol horretan ere. Orain arte, mendiko eskiko proba bertikaletan nabarmendu da, baina atzo banakakoan gailendu zen, jaitsiera teknikoak, oinezko zatiak eta igoerak konbinatzen dituen lasterketan. Partaideek 1.410 metroko desnibeleko ibilbidea izan zuten: lau igoera eta lau jaitsiera, eta oinezko zati bat, eskiak bizkarrean zituztela. Eskiatzaile oñatiarrak sei minutu eta erdiko aldea atera zion Ordoñez andaluziarrari, eta ia 11 minutukoa, Ares Torra kataluniarrari. Proba ikusgarria osatu zuen Osak.
Gizonezkoetan, Martinez de Albornoz izan zen lehen euskal eskiatzailea; bederatzigarren sailkatu zen. Ander de Miguel hamazazpigarren izan zen Boi Taulleko proban. Eskiatzaile iruindarra larunbatean Bandres-Karolo proban atera zen, baina, eskia apurtu, eta erretiratu beharrean izan zen. Larunbat arratsaldean bertan Boira joan, eta atzo goi mailan aritu zen. Aitor Ugarte aramaioarra hogeigarren izan zen. Perez kataluniarra izan zen irabazle banakako proban horretan.
Gazteen artean, 20 urtez azpikoetan, Hugo Robles laugarren izan zen, eta Markel Barrio, zazpigarren. 18 urtez azpikoetan, berriz, Ibai Hernani hamargarren izan zen.
Seniorren B finalean, Aitor Ugartek eta Jon Razkinek lehen postua lortu zuten. Eta gazteen B finalean, azkenik, Ibai Hernani eta Hugo Robles hirugarren postuan sailkatu ziren.
Sailkapen guztiak, FEDMEren webguneko esteka honetan.