Iñigo Martinez de Albornozi amaitu zaio Milan-Cortina d'Ampezzoko Jokoetarako ametsa

Hamabigarren izan da asteburuan 2026ko Mendiko Eskiko Munduko Kopako lehen proban, Solituden (AEB). Espainiako selekzioan, Maria Costa eta Ot Ferrer kataluniarrentzat izan dira erabakitzeko zeuden bi txartelak.

Iñigo Martinez de Albornoz
Iñigo Martinez de Albornoz Solitudeko helmugan. SKIMOSTATS
ramon olasagasti
2025eko abenduaren 9a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteburu honetan Mendiko Eskiko Munduko Kopako proba jokatu da Solituden (AEB), esprint modalitatean; 2026ko lehen proba izan da. Garrantzitsua zen lehia, lortutako postuen arabera zehaztekoak baitziren Milan-Cortina d'Ampezzoko Neguko Olinpiar Jokoetarako azken txartelak. Iñigo Martinez de Albornoz eskiatzaile donostiarrak aukera zuen txartela lortzeko, baina atarian geratu da: hamabigarren izan da Solitudeko esprintean, eta, zorte txarra eta akats batzuk tarteko, ez da finalean sartu.

Mendiko eskiko modalitate hau lehen aldiz izango da olinpikoa Milan-Cortina d'Ampezzon, eta Espainiako selekziotik lau ordezkari izango dira bertan, bi emakumezko eta beste bi gizonezko. Bi postu erabakita zeuden: Oriol Cardona eta Ana Alonso lehendik zeuden txartela lortuta, eta ez ziren Solituden lehiatu. Beste bi postuak Maria Costa Diez eta Ot Ferrer kataluniarrentzat izan dira, AEBetako proban finalean sartzea lortu ondoren. Martinez de Albornozek Ferrerrekin zuen barne lehia Espainiako selekzioan, eta, azkenean, kataluniarrak eskuratu du txartela.

Basque Teamen egiturako kirolaria da Martinez de Albornoz. Donostiarra penatuta agertu da Olinpiar Jokoetako bide horretan kanpoan geratu ondoren, baina «harro» ere bai. «Prozesuari eta ikasitako guztiari ere eman behar zaie garrantzia», nabarmendu du Basque Teamen sare sozialetan.

Hogeita lau herrialdetako eskiatzaileak lehiatu dira asteburuan Solitudeko proban. Emakumezkoetan, Margot Ravinel frantziarrak garaipen argia eskuratu du, Giulia Murada eta Katia Mascherona italiarren aurretik. Gizonezkoetan, Jon Kistler suitzarrak lortu du garaipena, eta Arno Lietha herrikideak bigarren postua. Maximilien Drion du Chapois belgikarrak, berriz, atzetik aurrerako lasterketa egin, eta hirugarren amaitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.