«Inoiz baino hobeto sentitzen naiz, eta inoiz baino sasoi hobean»

Mikel Linazisoro denboraldiko garairik erabakigarrienari ekitekotan da, Munduko Kopako eta Europako Kopako probei. Berriki, bigarren izan da Espainiako Txapelketan, Alberto Ginesen atzetik. Gazteen mailan, Lur Guenetxea txapeldun izan da.

Mikel Linazisoro 2025eko Espainiako Txapelketan
Linzisoro San Marti de Touseko Espainiako Txapelketako finalean. FEDME
ramon olasagasti
2025eko ekainaren 9a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

San Marti de Tous herrian (Herrialde Katalanak) jokatu zen Espainiako Eskalada Txapelketa, ekaineko lehen asteburuan, zailtasuneko modalitatean. Garai batean Innsbrucken (Austria) Munduko Koparako paratu ohi zuten horman lehiatu ziren 200 eskalatzaile, tartean hainbat euskal herritar. Mikel Linazisoro (Bergara, Gipuzkoa, 2000) txapeldun izan zen iaz proba berean Arroyomolinos herrian (Madril), eta aurten koska bat beherago geratu da, Alberto Gines Tokioko urre olinpikoaren atzetik, baina aurtengoa ere «garaipen bat» izan da harentzat. «Alberto oraintxe ikaragarri ondo ari da: Munduko Kopan orain arte egin diren bi probetan podiumera igo da, eta bigarren doa sailkapen nagusian. Beraz, Albertorekin lehiatzen aritzea eta harengandik geroz eta gertuago egotea seinale oso ona da, eta oso pozik nago».

Medikuntzako karrera bukatu ondoren, pare bat urte gutxienez oso-osorik eskaladari eskaintzeko erabakia hartu zuen iaz Linazisorok, eta 2024ko udazkenetik Bartzelonan ari da entrenatzen, Sant Cugat del Valleseko CAR edo goi errendimenduko zentroan, Alberto Ginesekin berarekin, beste lauzpabost lagunekin eta David Macia entrenatzailearekin. Eta egonaldiaren emaitzak nabaritzen hasia da. Otsailean, harkaitzean, eskaladako 24 ordurik onenak bizi izan zituen Santa Linyako kobazuloan, eta geroztik hobera egin duela sentitzen du. «Espainiako Txapelketan bigarren geratu izana alde batera utzita, orain inoiz baino hobeto sentitzen naiz, inoiz baino sasoikoago, eta alde horretatik oso pozik nago».

«Alberto [Gines] oraintxe ikaragarri ondo ari da. Harekin lehiatzen aritzea eta harengandik geroz eta gertuago egotea seinale oso ona da»

MIKEL LINAZISOROEskalatzailea

Espainiako Txapelketan, Linazisororen postuaz gain, aipatzekoak izan ziren euskal eskalatzaileen beste hainbat emaitza ere. IFSC araudi berriak ezarritako kategorien arabera –U19, U17 eta U15– lehiatu ziren gaztetxoak. Lur Guenetxea txapeldun izan zen 15 urtez azpikoetan, Maddi Agirre podiumaren hirugarren mailara igo zen 19 urtez azpikoetan, eta Udane Mujika ere hirugarren izan zen 17 urtez azpikoetan. Hamazazpi urtez beherako maila horretan beste bi euskal eskalatzaile ere sartu ziren finalean: Ines Allende izan zen laugarren, eta Elene Otermin bosgarren. Maila nagusian, Maria Feo finalean sartu zen, eta seigarren izan zen azkenean.

Espainiako Txapelketako emaitza guztiak FEDMEren esteka honetan.

Denboraldiko garai erabakigarria

Espainiako Txapelketako emaitza on horrek hauspotuta, denboraldiko «garai erabakigarrian» sartzear da Mikel Linazisoro. Ekainaren 21eko 22ko asteburuan Europako Kopako proba batean lehiatuko da Campitello di Fassa herrian (Italia); eta, ondoren, Munduko Kopako hiru probatan ariko da: ekainaren 28-29an, Innsbrucken (Austria); uztailaren 11-12an, Chamonixen (Frantzia); eta uztailaren 18-19an, Madrilen (Espainia). «Proba horiei begira, azken 2-3 hilabeteak rokodromoan sartuta daramatzat ia atera gabe, arratoiak bezala. Astean 5-6 egunetan entrenatzen gara, goizez eta batzuetan arratsaldez ere bai», jakinarazi du Linazisorok. Irailaren hasieran, Munduko Kopako beste proba bat du Koper hirian (Eslovenia), eta esperantza du proba horietan lortutako emaitzen arabera irailaren amaieran Korean izango den Munduko Txapelketara ere joateko.

Txapelketetarako prestakuntza dela eta, harkaitzean gutxi ibili da azken hilabeteotan, baina bertan izan den asteburuetan, hatzak ederki urratuta itzuli da etxera. Esaterako, duela asteburu batzuk Etxaurin eskalatu zuen aspaldiko partez, eta Fuck the police (8c) bidea kateatu zuen flash eran, erregeleta txikietan eskalatu duen «biderik onenetakoa», eta Adi bidea (8a+) bistaz. Uda partean, kuadrillakoekin arrokara joateko egun batzuk hartuko ditu, eta txapelketak amaitzean, negu aldera, harkaitzean 9a zailtasunetik gorako «proiektu serio bati» heltzeko gogoa du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.