Uda bukatu berri, iraupen eskiatzaileak hasiak dira elurrari begira prestakuntza doitzen. Haietako asko gurpil gaineko eskiekin entrenatzen dira neguaren atariko hilabeteetan, eta lehiaketak ere orain izaten dira. Aurreko asteburuan, gurpil gaineko eskiko Espainiako eta Kataluniako Txapelketak jokatu ziren Lles herrian (Katalunia), eta Euskal Herriko iraupen eskiatzaileek emaitza oso onak lortu zituzten.
Maila nagusian, emakumezkoetan, euskal eskiatzaileek osatu zuten podiuma: Irati Cuadrado (Irrintzi) izan zen garaile, June Aranburu (Alpino Uzturre) bigarren, eta Maddalen Ruiz de Galarreta (Uharte) hirugarren. Maila nagusi horretan, eskiatzaileek 10 kilometroko distantzia osatu behar zuten estilo klasikoan.
Gizonezkoetan, Ibai Letona (Irrintzi) podiumaren atarian geratu zen, laugarren. Kataluniarrak izan ziren jaun eta jabe: Pau Molins txapeldun, Bernat Cadena bigarren eta Guim Gabarro hirugarren. Letonaz gain, hamar aurrenekoen artean helmugaratu ziren Izei Irigoien (Erronkari), Unai Sanz (Uharte), Luka Garcia-Fresca (Uharte) eta Aitor Maeztu ere (Irrintzi).
Mailaz maila, 18 urtez azpikoetan, June Aranburu eta Izei Irigoien izan ziren txapeldun. 16 urtez azpikoetan, Libe Curras (Alpino Uzturre) bigarren izan zen, eta mutiletan, Oihan Capel ere (Uharte) podiumaren bigarren koskara igo zen. 16 urtez azpikoetan, Elvira Iradi laugarren izan zen, Iker Aranburu (Alpino Uzturre) seigarren, eta Inhar Rosado zortzigarren.