Irati Cuadrado Euskal Herriko txapeldun esprintean eta distantzian

Eguraldi bikaina lagun, Larra-Belaguako estazioan jokatu dira bi probak. Esprintean, Lander Martin gailendu da. Distantziakoan, berriz, kataluniarrak izan dira garaile, eta Ibai Letona izan da lehen euskal eskiatzailea.

Iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketak Larra-Belaguan
Eskiatzaileak prest, probetako bati irteera emateko. BERRIA
ramon olasagasti
2026ko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketak jokatu dira asteburu honetan Larra-Belaguako estazioan, La Contiendako eremuan, eguraldi bikaina lagun. Larunbatean esprint modalitateko distantziako probak jokatu ziren, eta igandean distantziakoak, estilo klasikokoak. Berez, Nafarroako Negu Kiroletako Federazioa eta EAEkoa bi erkidegotan banaturik daudenez, txapelketak ere hala antolatuta zeuden, baina, Euskal Herriko osoko iraupen eskiatzaileak han zirela aintzat hartuta, Euskal Herriko Txapelketatzat har daitezke asteburukoak. Horrez gain, Espainiako Koparako proba puntuagarria izanik, Kataluniako, Aragoiko, Andorrako eta beste zenbait lekutako eskiatzaileak ere bertaratu ziren Belaguara. Nazioarteko FIS sailkapenerako ere puntuagarriak ziren bi lasterketak.

Larunbateko esprintaren adarreko distantziako probetan, Irrintzi taldeko eskiatzaileak gailendu ziren maila nagusian: Irati Cuadrado emakumezkoetan eta Lander Martin gizonezkoetan. Emakumezkoetan, Maddalen Ruiz de Galarreta Uharte taldeko eskiatzailea izan zen bigarren, eta Joana Puig kataluniarra hirugarren. Euskal Herriko Txapelketari begira, berriz, June Aranburu Alpino Uzturre taldekoa —laugarren sailkapenean— izan zen hirugarren.

Gizonezkoetan, Lander Martin beorburutarra (Nafarroa) gailendu zitzaien Guim Gabarro eta Jofre Puig kataluniar gazteei. Euskal Herriko Txapelketari begira, Mikel Portillo Uharte taldekoa izan zen bigarren eta Aitor Maeztu Irrintzikoa hirugarren.

Gazteen artean, 16 urtez azpikoetan, Libe Curras Alpino Uzturre taldeko eskiatzailea izan zen irabazle esprinteko proban. Finalean lehiakide izan zituen gainerako bostak kataluniarrak eta aragoiarrak izan ziren. Euskal Herriko Txapelketako sailkapenari dagokionez, beraz, Inge Arin izan zen bigarren —final-erdietan geratu zen hura—.

Mutiletan, 16 urtez azpiko maila horretan, Roc Albets kataluniarra izan zen irabazle proban, Andde Elizburu Ipar Irrintzi taldeko kidearen aurretik. Euskal Herriko Txapelketan, beraz, Elizburu bera izan zen lehena, Asier Galetx Erronkari taldekoa bigarren eta Oihan Capel Uhartekoa hirugarren.

14 urtez azpiko nesketan, Irrintzi taldeko Iradi Elvira izan zen lehen euskal eskiatzailea —proban hirugarren izan zen— eta mutiletan, Erronkari taldeko Atxer Bescos —nafarra bigarren izan zen proban—. Erronkari taldeko beste bi eskiatzaile sailkatu ziren Atxer Bescosen atzetik Euskal Herriko Txapelketan: Asier Aramendia izan zen bigarren, eta Beñat Irigoien hirugarren.

12 urtez azpiko nesken artean, Lur Elizburu Irrintzi taldekoa izan zen irabazle, eta, mutiletan, Urtzi Aramendia Erronkari taldekoa. 10 urtez azpikoetan, azkenik, Irati Garjon (Irrintzi) eta Uxue Aramendia (Erronkari) izan ziren aurreneko biak nesketan, eta Voytek eta Maciek Aldaz Radontxonska anaiak mutiletan, biak ere Erronkari taldekoak.

Iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketak Larra-Belaguan
Distantziako probetan, ehun eskiatzaile aritu ziren. IRRINTZI

Distantzian ere Irati Cuadrado

Igandean, distantziako txapelketan, berriro ere Irati Cuadrado gailendu zen emakumezkoetan. Maila nagusian 10 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten eskiatzaileek. Oraingoan, Joana Puig kataluniarrak aurrea hartu zion Maddalen Ruiz de Galarretari bigarren posturako lehian. June Aranburu izan zen laugarren, eta, beraz, Euskal Herriko Txapelketan hirugarren.

Gizonezkoetan, kataluniarrak eta andorratarrak gailendu ziren proban: Guim Gabarro, Jofre Puig eta Thomas Pereiro. Lehen euskal eskiatzailea, eta, beraz, Euskal Herriko txapelduna Irrintzi taldeko Ibai Letona izan zen, sailkapenean bosgarrena. Izei Irigoien izan zen bigarren euskal herritarra, eta Adur Redrado hirugarrena, bi horiek Erronkari taldekoak.

16 urtez azpikoetan, Libe Curras (Alpino Uzturre) izan zen irabazle distantziako proban ere. Kataluniako eta Aragoiko eskiatzaileak izan ziren gainerako bederatzi lehiakideak. Mutiletan, Asier Galetx (Erronkari) gailendu zen, Andde Elizburu (Ipar Irrintzi) izan zen bigarren, eta Roc Albets kataluniarra hirugarren. Euskal Herriko Txapelketari begira, Oihan Capel (Uharte) izan zen hirugarren.

14 urtez azpikoetan, Iradi Elvira Irrintzi taldeko eskiatzailea izan zen irabazle, Kataluniako, Frantziako eta Aragoiko lehiakide askori aurrea hartuta. Hamargarren Itzel Redrado (Erronkari) izan zen hamargarren, eta euskal eskiatzaileen artean bigarren, eta Xare Garcia-Fresca (Uharte) hirugarren —11. izan zen sailkapenean—.

12 urtez azpikoetan, mutiletan, Urtzi Aramendia izan zen garaile. Nesketan, Jara Diez kataluniarra gailendu zen, eta Lur Elizburu (Ipar Irrintzi) izan zen lehen euskal eskiatzailea. 10 urtez azpikoetan, azkenik, Uxue Aramendia (Erronkari) eta Irati Garjon (Irrintzi) izan ziren bi aurrenekoak nesketan, eta Voytek eta Maciek Aldaz Radontxonska anaiak (Erronkari) mutiletan.

Sailkapen guztiak Espainiako Negu Kiroletako Federazioaren webgunean, esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.