Irati Cuadrado txapeldun eta Peio Añarbe bigarren gurpil gaineko eskiko Espainiako txapelketan

Candanchuko (Huesca, Espainia) Stadium pistetan jokatu dira esprint libreko probak, eta ehun partaidetik gora lehiatu dira, hainbat euskal herritar tartean. Gizonezkoetan, Jaime Pueyo kataluniarra nagusitu da.

Gurpil gaineko eskiko Espainiako txapelketa
Emakumezkoen podiuma: Angela Cajal bigarrena, Irati Cuadrado txapelduna eta Joana Puig hirugarrena. RFEDI
ramon olasagasti
2025eko irailaren 17a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neguko denboraldia ate joka den adierazle izaten dira gurpil gaineko eskiko txapelketak. Iraupen eskiatzaileek usu erabiltzen dituzte gurpildun eskiak elurra etorri aurreko entrenamenduetan, eta jada aparteko modalitatetzat ere hartzen da gurpil gaineko eskia. Aurreko asteburuan Espainiako Txapelketak jokatu ziren Candanchuko (Huesca, Espainia) Stadium Spainsnow zirkuituan, eta guztira ehun partaide baino gehiago aritu ziren lehian, tartean hainbat euskal herritar.

Emakumezkoetan, Irati Cuadrado (Burlata, Nafarroa, 2001) erabat gailendu zen goizean goizeko sailkapenetatik hasita. Finalean, beste bi euskal herritar ere izan ziren: Maddalen Ruiz de Galarreta (FNDI-UHRTE), eta June Aranburu (UZTUR-NKEF), eta haiekin batera Joana Puig, Angela Cajal eta Naia Gonzalez lehiatu ziren. Finalean ere besteen oso aurretik ibili zen Cuadrado. Bigarren Angela Cajal izan zen, eta hirugarren, Joana Puig. Maddalen Ruiz de Galarreta laugarren izan zen, eta June Aranburu, nagusien mailan lehen aldiz lehian, seigarren.

Irati Cuadrado «oso pozik» agertu zen egindako lasterketarekin: «Eguraldiak eutsi dio, eta sasoiko sentitu naiz egun osoan. Gogotsu nago eski denboraldiari ekiteko eta lehiatzen hasteko».

Roller Eskiko Espainiako Txapelketa
Gizonezkoen podiuma: Peio Añarbe bigarrena, Jaime Pueyo txapelduna eta Pablo Moreno hirugarrena. RFEDI

Gizonezkoetan, sailkapenetan, Peio Añarbe izan zen azkarrena (Gasteiz, 2006) (MGSTZ-NKEF), eta finalerako hauek sailkatu ziren: Añarbe bera, Jaume Pueyo, Pablo Moreno, Pau Molins, Marc Colell eta Manex Silva, brasildarra azken hori. Final estuan, Jaime Pueyo helmugako zuzengunean nagusitu zitzaion Añarberi. Hirugarren Pablo Moreno izan zen.

Hamasei urtez azpikoetan, Libe Curras bigarren izan zen, eta Inge Arin bosgarren. Maila berean, mutiletan, Andde Elizburu seigarren izan zen. Hamalau urtez azpikoetan, Iker Aranburu bigarren izan zen, eta Inhar Rosado bosgarren. Hamabi urtez azpikoetan, azkenik, Urtzi Aramendia bigarren izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.