Irati Ortiz de Anda eta Stefano Rinaldi garaile UTT Erronkan

Lezamarra eta italiarra gailendu dira Tolosaldeko Ultra Trailaren lehen ekitaldian. Bikote ez-mistoetan Amets Uzkudun eta Iñaki Olano nagusitu dira, eta mistoetan, Noelia Lataburu eta Xabier Irazusta.

Irati Ortiz de Anda
Irati Ortiz de Anda, Irurako helmugan. ATARIA
Ataria
2025eko irailaren 13a
18:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irati Ortiz de Anda lezamarra (Bizkaia) eta Stefano Rinaldi italiarra izan dira garaile Tolosaldea Ultra Trail Erronkaren lehen ekitaldian (UTT Erronka). Ortiz de Andak hamar ordu eta erdi pasatxo (10.30.23) behar izan ditu 77 kilometroko ibilbidea eta 4.600 metroko desnibela osatzeko. Bigarren Izaskun Sanz getzearra izan da (Nafarroa), eta hirugarren, Eva Lizarralde oiartzuarra (Gipuzkoa).

Gizonezkoetan, Stefano Rinaldi italiarrak irabazi du UTT Erronka bakarkako lasterketan (8.16.49). Joan den astean eman zuen izena proban, eta «eroso» aritu dela adierazi du. Igor Olalde aretxabaletarra (Gipuzkoa) eta Julen Garmendia donostiarra (Gipuzkoa) izan dira bigarren eta hirugarren. Tolosaldeko lehena Xabier Mujika alkizarra izan da (Gipuzkoa), laugarren.

Stefano Rinaldi UTT Erronkaren irabazlea
Stefano Rinaldi italiarra, UTT Erronkaren irabazlea. ATARIA

Lehen bikote ez-mistoa Amets Uzkudun eta Iñaki Olano lehengusu altzotarrek (Gipuzkoa) osatutakoa izan da, eta lehen bikote mistoa, Noelia Lataburu eta Xabier Irazusta irurarrek (Gipuzkoa) osatutakoa.

Irakurri Tolosaldeko Atarian kronika osoa eta ultraren herriz herriko jarraipen zabala.

Tolosaldeko Ultra Trail Erronkako sariez gain, Euskal Herriko Ultren Kopako sariak banatu dituzte. BERRIAk eta ATARIAk ere, probako babesle izan diren aldetik, sariak banatu dituzte.

SAILKAPENAK

Gizonezkoak
1.- Stefano Rinaldi (Cassano Magnago, Italia) 8.16.49
2.- Igor Olalde (Aretxabaleta) 8.41.58
3.- Julen Garmendia (Donostia) 9.10.49

Emakumezkoak
1.- Irati Ortiz de Anda (Lezama) 10.30.23
2.- Izaskun Sanz (Getze) 10.43.03
3.- Eva Lizarralde (Oiartzun) 10.54.38

Bikote ez-mistoak
1.- Amets Uzkudun eta Iñaki Olano (Altzo) 7.32.26
2.- Josu Urrutia eta Iñigo Arantzamendi (Ondarroa) 7.46.25
3.- Ion Intxausti eta Arkaitz Iraeta (Azpeitia-Azkoitia) 8.03.06

Bikote mistoak
1.- Noelia Lataburu eta Xabier Irazusta (Irura) 9.22.26
2.- Lide Fernandez eta Unai Salinas (Donostia-Iruña) 10.48.13
3.- Ania Beltran de Otalora eta Oier Urrutia (Gasteiz-Eskoriatza) 10.51.53

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.