Jan Novak argazkilariaren ‘Tough Enough’ irudiak irabazi du CVCE Photo lehiaketaren hamabigarren ekitaldiko sari nagusia

Madagaskarren, Tsaranoroko Karombony horman Nico Fravresse eskalatzaileari eginiko argazkia da irudi saritua. Mendi Film jaialdiaren 2026ko kartelaren saria, berriz, Lei Bao txinatarrarentzat izan da, 'tiankeng' batean ateratako argazkiari esker.

JAN NOVAK-EN 'TOUG ENOUGH' ARGAZKIA
Sari nagusia: Nico Favrese, Tsaranoroko Karombony horman eskalatzen (8b+). JAN NOVAK
ramon olasagasti
2026ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nico Favresse eskalatzaile belgikarra ageri da argazkian, besoak gurutze, Tsaranoroko (Madagaskar) Karombony horma ikusgarriari itsatsita, hatzekin hormako zimur txikiena haztatu nahian, bidean gora egin ahal izateko. Horma marroizta horretako biderik zailenetako bat eskalatzen ari da Favresse, Gecko izeneko luzea (8b+), hain zuzen. Melissa Le Neve lagunarekin batera egin duen hamar eguneko espedizioaren unerik bizienetako bat da Jan Novak argazkilariak irudian betikotua. Tough enough, behar bezain gogorra, izenburu hori jarri dio Novakek argazkiari, eta horrekin irabazi du Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak antolatzen duen CVCE Photo lehiaketa entzutetsuaren hamabigarren ekitaldiko sari nagusia. Epaimahaiko kideek nabarmendu dutenez, «eszenaren indar bisualak eta ingurune ikusgarriaren handitasunak argi transmititzen dute horma handietako erronka mota honek eskatzen duen ahalegin fisiko eta mentala».

Mendi Filmeko kartela eta beste sari bereziak

Sari nagusiaz gain, beste zenbait sari berezi ere izaten dira lehiaketa honetan. Horietako bat, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren kartelerako irudia izaten da. 2026an, Lei Bao argazkilariak Txinako Guangxi eskualdeko tiankeng edo putzu sakon batean ateratako argazkia izango da jaialdiaren 19. ekitaldiko kartela. Abenduaren 4tik 13ra egingo da aurten jaialdia. Honela aurkezten du Lei Bao argazkilariak bere obra: «Eguzkiaren argiak tiankeng-aren kupula zeharkatzen du, urrezko Tyndall habe batzuk zizelkatuz paisaia karstikoaren sakonera ilunetan. Hautsak argiaren ardatzen barruan flotatzen du, ehunka milioi urtetan eratutako lur azpiko erreinu horren gainean distira sakratua isuriz. Goroldioz estalitako harkaitzezko erlaitzaren gainean, naturaren handitasunak apalduta eta argiaren eta itzalaren elkar-jotzeak besarkatuta sentitzen da bat. Tiankeng-etik kanpo, baso subtropikal oparoek egiten dute aurrera zeru irekiaren azpian; barrualdean, itsaslabar isilek eta boulder sakabanatuek eusten diote geologia karstikoaren eskulangintzarik bikainenari. Lurraren bihotzean sartzen den eguzki-argi izpi bakoitza naturari idatzitako maitasun gutun erromantiko bat da».

CVCPHOTO lehiaketako sari berezia: Lei Bao argazkilari txinatarraren 'Quantum Cave Chronicles' irudia
Lei Bao argazkilari txinatarraren 'Quantum Cave Chronicles' irudia izango da aurten Mendi Film jaialdiaren kartela. LEI BAI

EITB Saria Kevin Youngentzat izan da, Zulotik ateratzen argazkiagatik. Esplorazio espeleologikoko eszena bat da, eta irudian espeleologo bat azalera igotzen ageri da Galdamesen (Bizkaia), meategi mailen arteko lotura lanaldi baten ondoren. «Argiztapen zainduak eta plangintza teknikoak sakontasunaren eta hutsaren sentsazioa indartzen dute», epaimahaiaren arabera. Euskal Mendizale Federazioaren Saria Chechu Arribasek eskuratu du, Rider of Storm argazkiari esker. Irudiak mendiko ertz baten gogortasuna erakusten du hotz, laino eta haize baldintza muturrekoetan, eta ematen du protagonista zaldiz doala ekaitzaren begian. Epaimahaiaren Sari Berezia Yhabril Mororentzat izan da, White Dance lanagatik. «Konposizio delikatu horretan, Pirinioetako ur jauzi elurtu baten jaitsiera koreografia bisual bihurtzen da naturaren, ekintzaren eta pazientziaren arteko dantzan.

Ohorezko aipamenak

Sari nagusiak alde batera utzita, epaimahaiak ohorezko aipamena eman die munduko hainbat lekutako egileek egindako 15 argazkiri. Hauek dira egileak eta argazkiak: Patricia Valero (Awesome), Chechu Arribas (The next summit), Kevin Young (Espeleo o Barranco), Jordi Rullo (Mt Shiribetsu), Yhabril Moro (La Sala), JB Liautard (Las Ánimas), Susana Siscart (Pedriza al Alba), Aritz Gordo (Iluminando el camino), Yhabril Moro (Gates of Steel), Aritz Gordo (Iluminando el camino), Mikel Iraeta (Donde empieza el horizonte), Julia Roger-Veyer (Coeur), Anthony Chenot (Cosmique), Iñaki Larrea (Admirando el vacío) eta Javier Urbon (Guadarrama blanco).

Sari banaketa urriaren 24an egingo da, Donostiako Aquariumean. Ekitaldi horren harira, saritutako lanen eta lehiaketarako hautatutako beste argazki nabarmen batzuen erakusketa egingo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA