Jesus Aiestaran eskalatzaile aitzindaria hil da

1960ko hamarkadan, Pirinioetan eta Europako mendietan lehen eskalada asko egin zituen, eta Santa Barbara eskolan hainbat bide zabaldu. CVCE elkartean ‘Errimaia’ aldizkariaren lehen zuzendaria eta arima izan zen; irakurzale eta idazle amorratua ere bazen.

Jesus Aiestaran iazko irailean eginiko elkarrizketarako argazkian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jesus Aiestaran iazko irailean eginiko elkarrizketarako argazkian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ramon olasagasti
2026ko uztailaren 1a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jesus Aiestaran Suso eskalatzaileak duela bi urte eman zuen argitara bere azken liburua: Viejas historias (Istorio zaharrak). Liburu horretako azken olerkiak Ocaso du izenburua. Honela dio: «Erlojuak geldirik. Teilatupeko gelak itxita. Pianoa eta biolina mutu. Baratza, sastrakadi bat eginda. Urteak dira fruta arbolak desagertu zirela, txakurrak hil ziren, sokak eta espressak armairuan daude, eskiak garajean. Nire mundua izan zena, dena, hilda dago». Itzaltzen ari den egunari eta bizitzari buruz idatzitako poesia horrek zerbait iragarriko balu bezala, itzali da Suso Aiestaran ere (Donostia, 1936-2026). Iktus baten ondorioz zendu da, bart, 89 urte zituela 

Oso gazterik hasi zen mendian, 15 urte zituela, Txindokik liluratuta. Hala azaldu zion BERRIAri iazko urrian egindako elkarrizketan: «Ama Gaintzako baserri batekoa zen, eta, 15 urte nituenean, haren etxeko guztiek irteera bat antolatu zuten Txindokira. Denak bertan jaiotakoak ziren, eta parez pare zuten Txindoki. Baina inoiz igo gabe zeuden. Ni ere haiekin joan nintzen. Hura izan zen igo nuen lehen mendia. Guretzat egun handia izan zen hura!». 15 urterekin hasi zen eskalatzen ere, Santa Barbarako harkaitzetan (Hernani). Beste garai batzuk ziren: askotan oinez joaten ziren Donostiatik, eta sei edo zazpi bide besterik ez zegoen. Gaur egun, ehundik gora dira bideak, asko eta asko, Aiestaranek berak eta lagunek zabaldutakoak. Santa Barbaran azkenera arte jarraitu du eskalatzen: iaz, esaterako, 1961. urtean Juan Laredok eta biek Elutzetako harkaitzean eskalatutako bide bat errepikatu zuen, 50 urteren buruan.

Rebuffat, Terray, Heckmair, Herzog eta beste hainbat alpinista handiren irakurgaiekin liluratuta, Pirinioetara eta Europako mendietara jo zuten Suso Aiestaranek berak eta belaunaldikideek 1960ko hamarkadan, eta lehen eskalada asko egin zituzten bi mendikate horietako horma nagusietan. Aiestaranekin batera, belaunaldi hartan ziren, besteak beste, Julio Villar, Rodolfo Kirch, Pako Lusarreta, Juan Laredo, Patxi Berrio –horiek Donostia aldekoak– Angel Vallejo Rosen, Jose Maria Regil, Angel Landa, Pedro Udaondo eta beste hainbat.

VIGNEMALE - GAUBE KORRIDOREA
Vignemaleko Gaubeko mediartean, 1962an, Julio Villarrekin. Bi bibak egin zituzten.

Aiestaranek garai hartan egindako eskaladen artean hauek dira nabarmenenak: Gaubeko mendiartea, Villarrekin (1962); Tiro Llago Dorrearen ekialdeko aurpegiko lehen eskalada (1963), Villlar eta Rosenekin; Errolanen Arrailako Fourastie ezproia (1964), Kirchekin; Balaitouseko Deabruaren ertza (1964), Uli Hasse emaztearekin; Midi d’Osseauko Jean Sante bidea (1965), Villarrekin; Pique Longueko iparra, Piton Carre, Marboreko Zilindroa, Tozal de Mallo...

Euskal Herrian mendiko eskiak lehen pausoak eman zituen garaian ere han zen Suso: 1954ko Errege egunean, Auza Gaztelu tontorrera igo ziren Juan Laredo eta biak, eski oholen zolan soka batzuk lotuta.

Apala zen, ordea, Suso Aiestaran. «Beti esaten dut munta pixka bateko eskaladak egin baditut, maila handiko sokalagunak izan ditudalako egin ditudala; haiekin edonora joan nintekeen». Bere meritua eskalada horiek idatziz jasotzea izan dela azaldu izan zuen. «Horregatik geratu dira islatuta nire jarduerak. Idaztea maite dudanez, aintzat hartu izan naute. Hemen, Euskal Herrian, jende oso indartsua izan da, baina oharkabeagoan igaro da haien ibilbidea».

Uli Hasse emaztea eta eskalada askotan sokalaguna Donostian ezagutu zuen, baina alemaniarra zen eta Stuttgartera joan ziren bizitzera, Aiestaranek 29 urte zituela. Ezkondu ere han egin ziren. Alemanian, eskalatzaile «oso trebeekin» zaildu zen Aiestaran Saxonia inguruan. «Alemanian hura da eskalada eremurik ezagunena eta gogorrena gaur egun ere. Han debekatuta dago iltzeak erabiltzea! Sokarekin egiten dituzten lokarriak erabiltzen dituzte segurtatzeko». Zortzi urte egin zituzten Alemanian bizitzen, eta gero Donostiara itzuli ziren.

Orain ere ez zituen iltzeak askorik maite. Soka eta mazoaren garaikoa zen bera. Cuerda y maza, hala izena du haren libururik ezagunenak. «Gaur egun, berriz, zulagailua erabiltzen dute eskalatzaileek. Ez dut batere gustuko. Nik, behintzat, ez dut erabiltzen. Guk, ez erortzeko, iltzeak leku seguru batean sartu behar izaten genituen. Lekurik egokienak bilatu behar izaten genituen. Nonbaitera joan, eta iltzeren bat topatzen bagenuen, altxor bat bezala gordetzen genuen; are gehiago frantsesa bazen. Beste garai batzuk ziren! Pauso zail baten aurrean daudenean, egungo eskalatzaileek zera egiten dute: zulagailua atera, eta seguru bat ipini. Ez dute batere arriskatzen!».

Kilimanjaro, Denali, Aconcagua...

Mendian jarraitu zuen bere denboran. Uli Hasse emazteak eta biek Kilimanjaro igo zuten, Aconcagua hiru aldiz igo zuen, 56 urterekin lehen aldiz, eta 73 urterekin azkena (2010). Ojos del Salado mendia ere hirutan igo zuen, Alaskako Denali 62 urterekin... «Altuerara bikain egokitzen nintzen, eta ez nuen arazorik izaten mendi altuetan». Egindako ibilbidearen aitortza gisa, joan den urtean Espainiako Goi Mendi Taldeak ohorezko kide izendatu zituen Aiestaran bera, Julio Villar eta Jordi Corominas eta Joan Quintana kataluniarrak.

JESUS AIESTARAN - JULIO VILLAR
Jesus Aiestaran eta Julio Villar. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Mendizalea ez ezik irakurzale amorratua ere bazen; poesia irakurtzen zuen asko, eta idatzi ere bai. «Bizi izandako uneei eusteko idazten dut, gainerakoan desagertu egiten dira, errauts bihurtzen dira», zioen. Club Vasco de Camping bere elkarte kutunean Errimaia aldizkariaren lehen zuzendaria izan zen, erredakzio taldeko kidea eta azkenera arte kolaboratzaile leiala. Duela aste eta erdi eskas ere, ekainaren 19an, Club Vasco de Campingen egoitzan zen, Errimaia aldizkariaren 103. zenbakiaren aurkezpenean eta mendiko ipuinen lehiaketaren sari banaketan. Hura izan zen bere azken agerraldi publikoa.

Arestian aipatutako bere azken liburuko beste olerki batean, zoriontasunaren osagaien inbentarioa egin zuen Suso Aiestaranek: «Denbora bukatzen ari den honetan [...] pentsatzen dut zoriontsu bizitzeko gutxi behar dela: galberaz egindako ogi bat, ohantze gogor bat, buru ipurterre eta ekintzaile bat, zango ibilzale parea, duin samar bizitzeko moduko lana, dozena erdi pertsona on inguruan, beteko zaituen jardueraren bat (irakurtzea, idaztea, eskalatzea, eskiatzea, korrika egitea, oinez ibiltzea), osasuna eta barkatzen jakitea. Hainbeste gauza on daude bizitzan! Eta, hala ere, tristuraz beteko zara». Halaxe bete da gaur euskal mendizaletasuna ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA