Atzo goizean egin zen Zestoan Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren hamargarren aldia. Lehen gizakiaren bideetatik barrena ibili ziren 406 korrikalariek euripean egin behar izan zuten lasterka, bide lokaztuetan. Nolanahi ere, eguraldia ez zen oztopo izan, eta lasterkariek eta haiek animatzera bildutako senide, lagun eta ikusleek herria goraino bete zuten beste behin.
Zaldei proba luzean (30 kilometro), Jone Zenitagoia elorriarra (2.55.41) eta Jokin Etxabe bergararra (2.26.18) izan ziren irabazle. Emakumezkoetan, bi azpeitiar izan ziren bigarren eta hirugarren, Eneritz Aramendi (3.06.01) eta Naroa Uria (3.15.32). Gizonezkoetan, berriz, bigarren posturako lehian, orpoz orpo ibili ziren lasterketa osoan Amets Aranberri zestoarra eta Unai Martinez azpeitiarra. Azkenik, herriko semea izan zen bigarren (2.27.42), eta Martinez hirugarren (2.28.01).
Artzei bidean (15 kilometro), berriz, Nerea Urteaga zumaiarra (1.29.48) eta Ibai Angulo urrestildarra (1:11:18) izan ziren garaile. Emakumezkoetan, Irati Larrañaga usurbildarra izan zen bigarren (1.31.39), eta Jule Olaizola zumaiarra hirugarren (1.37.11). Gizonezkoetan, berriz, Mikel Usandizaga aiarra eta Xuban Muniozguren markinarra sailkatu ziren bigarren (1.12.15) eta hirugarren (1:12:24), haiek ere lehia estuan ibili eta gero.
Probaren antolatzaileek, hots, Zestoako Udalak, Agiro mendi klubak eta Arazi IKT taldeak esker ona adierazi diete aurreko hilabete eta asteetan eta egunean bertan lanean eskuzabal aritu diren boluntario guztiei. «Aurreko egunetik ibilbidea dagokion moduan seinaleztatuta utzi dute, eta lasterketa egunean hainbat puntutan lanean jardun dira: herriko plazari itxura ematen, kiroldegi guneko dortsal banaketan, kontsigna zerbitzuan, hamaiketakoan, aparkalekuan eta baita ibilbidean zeharreko anoa gune eta bidegurutzeetan ere. Haiei guztiei eskerrik asko!».
Lasterketaren ondoren, likidoen anoa gunea izan zuten korrikalariek helmugan, eta bertako kalitatezko produktuekin eginiko hamaiketakoa gozatu ahal izan zuten kiroldegi gunean, baita herriko hainbat interesgune bisitatzeko aukera ere.
Sailkapen guztiak Kirolprobak webgunean daude, eta lasterketaren laburpen bideoa, Guka-n.