TASHI DELEK

Kata

Felipe Uriarte
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Kintoak ginen Portse herriko Gyaltzen zaharra eta biok; duela urte bi zendu zen Gyaltzen, biriketako gaitzak jota. Maiatzean, berriz, haren seme gazteena, Pemba Gyaltzen, minbiziak eraman zuen. Kolpe latza izan da familiarentzat.

Gyaltzen euskal talde askoren gidaria izandakoa zen. Eta Pemba Gyaltzen ere, 7 aldiz Chomolungma igotakoa, gidari indartsu eta alaia, maitea zuten euskal mendizale askok. Duela egun gutxi, etxeko sukaldean azaldu zen Ngima Zamtse, Pembaren alarguna, elkar besarkatu eta negar batean lehertu zitzaidan. 19 urteko Dawa xerpa seme zaharrena, duela urte bat hasi zen trekinetan lanean, eta beste semea, Lhakpa, 17 urterekin, aurten hasi da, eskola utzita. Ez bat ez bestea oraindik ez dira lan onak izatera iritsi.

Urriaren 31ko goizean, Sonam Dikiren ostatura etorri zitzaigun Ngima Zamtse, txang botila eta bi kata opari. Kata bat niretzat eta bestea emaztearentzat, nahiz eta hura hemen ez izan. Kata zetazko bufanda moduko zapi zuri bat da, haizea baino arinagoa, xerpek gonbidatuei lepoan ipintzen dietena, begirune, esker on eta agurraren adierazgarri. Une hunkigarria izaten da kata ipintzea, eskaintzen duenarentzat zein jasotzen duenarentzat. Ostatutik at Sonam Dikik bere katak jarri zizkigun. Khumjungerako bidean, Nawang Tenzing, Pemba Gyaltzenen anaia zaharrena, lasterka atera zitzaigun beste kata birekin. Beherago zain genuen Pembaren anai gor-mutua, Lhakpa, irribarretsu, hura ere kata banarekin.

Horrela gurutzatu genuen Portse herriko atari dotorea, 5 kata lepoan ipinita. Ataria gurutzatu, eta basoaren abaroan, katak bildu eta motxilan gorde genituen. Haizea baino arinagoak diren katak gorderik, askoz astunagoa egin zitzaidan motxila lepoan hartu nuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.