Ghulam Murtaza. Zamaketaria

«Kolpe oso gogorra izan zen hatzak galduko nituela esan zidatenean»

Bi mendizale mexikarrek zamaketari lanak egiteko kontratatu zuten Murtaza, baina bakarrik utzi zuten Broad Peakeko malda malkartsuetan. Uztailaren 17an izan zen. Orain, Euskal Herrian ari da osatzen hatzetan izandako izozketetatik.

UNAI UGARTEMENDIA.
Unai Ugartemendia.
Azpeitia
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Azpeitian (Gipuzkoa) da hitzordua Ghulam Murtaza zamaketariarekin, Lagun Onak Mendi Bazkunak haren alde prestatu duen elkartasun ekitaldia aprobetxatuz. Ondoan hiru lagun dituela azaldu da bertara, besteak beste, Lemoan (Bizkaia) bizi eta Bilbon jatetxe bat duen Akhond Ishaq sukaldari pakistandarrarekin. Elkarrizketak iraun duen ordubetean hatzei begira egon da une oro, negar malkoei ezin eutsita. Etorkizuna beltz ikusten du.

Hamar egun igaro dira hatzetako ebakuntza egin zizutenetik. Nola daramatzazu osatze aldiaren lehen egunak?

Ebakuntzaren hurrengo egunean depresio moduko bat izan nuen. Oso pentsamendu negatiboak izan nituen lehen ordu haietan. Etxekoak milaka kilometrora utzi ditut bakarrik. Gurasoak, bi seme-alabak, emaztea eta bi anai-arreba ditut nire kargu, eta nire lanaren baitan bizi dira. Gainera, aita elbarri dago mendian izandako istripu batengatik. Haiek nola egongo diren pentsatze hutsak tristura handia eragiten dit. Gutxinaka animoa errekuperatzen ari naiz, baina oso gogorra egiten ari zait haien hutsunea.

Zein izan da orain arte izan duzun unerik gogorrena?

Nik oso argi neukan ez nituela hatzak galduko. Hona etorri nintzenean, horretarako etorri nintzela uste nuen. Galdu egingo nituela baieztatu zidatenean, oihuka hasi nintzen. Oso-oso gaizki pasatu nuen lehen une hartan.

Medikuek hasiera-hasieratik esan zuten ebakuntza oso ondo joan zela.

Bai, hori esan zidaten. Orain pozik nago. Hatzak galduko nituela onartzea besterik ez zait geratu, eta denborarekin lasaituz joan naiz. Oraindik ez dut imajinatu ere egiten nola joango den errekuperazioa. Gaur-gaurkoz, ez dut ikusten berriro ere mendian lanean aritzea. Orain ez daukat minik eskuetan, baina ezin dut ahaztu anestesia eman zidatenean sentitu nuen mina.

Zer esan dizute medikuek?

Hurrengo bi hilabeteetan oso garrantzitsua izango da hatzetako sendaketak ondo egitea. Galdu ditudan hatz batzuetan, oraindik ere infekzio apur bat daukat, eta bi asterako sendagaia eman didate. Sendagileak oso pozik daude, ikusi baitute hamar egunetan onera egin dudala nabarmen. Hatzak oso azkar sendatzen ari direla esan didate, eta horrek ere lasaitasuna eman dit. Orain, atseden hartzea besterik ez zait geratzen. Medikuek egin beharreko lana amaitu dute, baina infekzioa ez bada desagertzen, oraindik ere beste ebakuntzaren bat egin beharko didate agian.

Izozketak izan zenituenetik ia bi hilabete igaro dira. Nolako bilakaera izan duzu Euskal Herrira etorri aurreko denbora tarte horretan guztian?

Izozteak izan ondoren, bi aste pasatu nituen Skarduko ospitalean. Ondoren, etxera bidali ninduten. Hatz guztiak belzten hasiak ziren. Lehen hilabete osoan lorik ere ezin nuen egin. Pilulak eman zizkidaten osatuz joateko; baina, onera joan beharrean, okerrera joan zen. Hura ikusita, pilulak hartzeari utzi nion. Gutxira, Alex Txikoni argazki bat bidali nion nire hatzen egoeraren berri emateko. Egun berean, bi mexikarrei ere argazki bera bidali nien. Mexikarrek ez zidaten laguntzarik eskaini. Eskua nirea zela besterik ez zidaten esaten. Lur jota nengoen, baina, zorionez, Txikonek laguntza handia eman dit, eta horregatik nago orain Euskal Herrian.

Gogoan al daukazu amesgaiztoa hasi zen une hura?

Uztailaren 17an hasi zen amesgaiztoa. Broad Peak mendira (Karakorum, Pakistan, 8.051 metro)gindoazen bi zamaketari, Sebastian Arizpe eta Max Alvarez mexikarrekin batera. Hirugarren kanpalekutik gailurrera bi oxigeno botila eraman behar genituen bakoitzak alpinista bakoitzarentzako. Guk ez generaman oxigenorik. 8.000 metrora geundenean, ordubete egon behar izan genuen zain eguraldiagatik, eta, hezetasunarengatik, eskularruak busti egin zitzaizkidan. Hatzak ez nituen sentitzen. Hortik aurrerakoa ez dut oso ondo gogoratzen.

Atzetik zetorren Lukas Worle austriarra; hark artatu omen zintuen.

Lukas Worlek bertan behera utzi zuen gailurrera iristeko saiakera ni laguntzeagatik. Niregana iritsi zenean esan zidan lagundu egingo ninduela, Broad Peak mendia gero ere hor egongo zela. Gutxinaka jaitsiz joan ginela esan zidan, eta amerikarrez osatutako talde bateko gidariek oxigenoa utzi zidaten, errekuperatzen hasteko. Nik ez nuen erabili nahi gainean neraman oxigenoa, banekielako, bestela, oinarrizko kanpalekuan mexikarrek ordainarazi egingo zidatela. Hirugarren kanpalekuraino jaistea lortu genuen. Hara iristerako, jada hobeto nengoen. Bertan geundela bi mexikarrak iritsi ziren, baina ez ziren batere arduratu nola nengoen jakiteaz. Hitzik ere ez zidaten egin. Hurrengo egunean, hatzak ez nituela ondo ikusi zutenean, eskularru batzuk eman zizkidaten. Jada berandu zen.

Hirugarren kanpaleku guztia jaso behar izan zenuen, hatzak horrela edukita.

Bai, hala izan zen. Uztailaren 19an dendak, soberan zegoen janaria eta beste zenbait gauza jaso behar izan nituenhirugarren kanpalekutik, eta oinarrizko kanpalekuraino jaitsi. Denera 35 kilo ziren. Behera iritsi nintzenean, hatz guztiak oso gorri eta handituta nituen. Egun horretan, eta nire egoera ikusita, militarrek Skarduraino jaitsi ninduten helikopteroan.

Zer tratu zenuten mexikarrekin?

Gu ez geunden gailurrera igotzera behartuta. Mexikarrek orain esan dute guk ere gailurra zapaldu nahi genuela datorren urtean ere lana izateko, baina ez da horrela. Guri ez zaigu axola gailurra. Gailurreko egunean, eta hirugarren kanpalekuan geundela, mexikarrek esan ziguten haientzat bi oxigeno botila eraman behar genituela. Beste aukerarik ez zitzaigun gelditzen. Une hartan haien esklabo ginen.

Etorkizunera begira, zerk ematen dizu beldur handien?

Umeek etorkizunean izan ditzaketen arazoak. Nik lanean jarraitzen ez badut, haien etorkizuna beltza izango da, eta ez nuke hori nahi. Bizitza guztirako desgaitua gelditzeak ematen dit beldur handien. Horrek benetako izua sortzen dit. Gure seme-alaben etorkizuna hobea izatea amesten nuen. Orain, eta nire egoera ikusita, ez dakit hori dena posible izango den.

Azken hilabetean oso ezagun egin zara istripuaren ondorioz, baina zu ez zara hasi berria mendian. Noiz egin zenuen lehen espedizioa zamaketari gisara?

13 urterekin joan nintzen estreinakoz espedizio batera. 2012. urtean izan zen, eta gure bizilagun batek zeukan agentzia baten bidez joan nintzen. Espedizio txinatar bat zen, eta Gondogoroko [Karakorum, Pakistan, 5.585 metro] zeharkaldia zuten helburu nagusi.

Oraindik gogoratzen duzu estreinako hura?

Nola ez dut gogoratuko! Gainean izugarrizko pisua jarri zidatela ederki gogoratzen dut. 35 kilo inguru izango ziren, eta, 13 urterekin, ez zen erraza izan pisu hura eramatea. Pobreziatik ateratzeko saiakera zen hura. Aukera bakarra zen. Dirua irabazteko modubakanetakoa zen, eta zerbaiti heldu beharrean geunden. Gaur egun ezinbestekoa da mendiko lana nire bizitzan. Nire kargu ditudan pertsonek bizirik irautea dago jokoan.

Ondoren Gasherbrum I (Karakorum, Pakistan, 8.068 metro) igotzea ere lortu zenuen.

Bai. Ni kontratatu nindutenak gailurrean pozik ikusteak asko bete ninduen. Nire lana ondo egin nuen seinale ere bazen. Gerora, K2 [Karakorum, Pakistan, 8.610 metro] mendiko hirugarren kanpalekura igotzeko aukera sortu zitzaidan.

Muhammad Ali Sadpara alpinista handia zenaren iloba zara. Zer oroitzapen duzu osabaz?

Harekin egin nituen mendian eskalatzen ibiltzeko lehen urratsak:sokak eta jumarra nola erabili behar ziren ikasi, arnesa nola jarri... Dena hark erakutsi zidan. Ali Sadpara hil zenean, hiltzea bezala izan zen guretzat. Hark mantentzen gintuen gu ere. Gu denak batera bizi ginen, eta izugarrizko kolpea izan zen denontzat. Gaur egun, denak Lahoren bizi gara umeen ikasketengatik. Ali hil zenean, Sajid bere semearen kargu gelditu zen bere familia, eta, une berean, nik hartu behar izan nuen nire familiaren erantzukizuna.

Osaba ere zamaketari gisa hasi zen espedizioetan, alpinista handi bat bihurtu aurretik. Zuk ere horrekin amesten duzu?

Bai, batzuetan horrekin amesten dut. Baina lana egitea da gure lehenbiziko beharra. Alik zorte handia izan zuen Alex Txikon ezagutu zuenean. Txikonek bihurtu zuen Ali alpinista bat, baina hori ez da ohikoena. Babesleak lortu zizkion, eta zortzimilakoetara joateko aukera izan zuen, baina horrelakoak gutxitan gertatzen dira, ia inoiz ez.

Pakistango zamaketariek baldintza okerragoak dituzue Nepalgoen aldean?

Gaur egun, Himalaiako eta Karakorumeko espedizio gehienak Nepalgo hiru agentzia indartsuenen esku geratu dira. Ondoren, haiek Karakorumeko espedizioetarako bertako zamaketariak azpikontratatzen dituzte. Bitartekariek dirua irabazten dute halakoetan, eta guretzat oso diru gutxi geratzen da. Haiek baino askoz ere gutxiago kobratzen dugu, eta, Nepalgo zamaketariekin alderatuta, guk goi mendietan ibiltzeko dugun arropa ere askoz ere eskasagoa da.

Zortzimilakoetan, eta oro har mendian, gizatasuna galdu dela esango zenuke?

Agian, bai. Gauza bitxia da, hala ere, nire kasua. Ni kontratatu nindutenek mendian utzi ninduten, bakarrik, baina, aldi berean, beste alpinista batek lagundu ninduelako nago bizirik. Bere helburua albo batera utzi zuen ni laguntzearren. Asko diot eskertzeko. Mendian ere jende ona eta txarra dago. Bizitzaren isla da mendia ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.