Laponia 74: arrasto «zoragarri» hura...

Duela 50 urte Gipuzkoako sei eskiatzailek 570 kilometroko zeharkaldia egin zuten Ivalo (Finlandia) eta Nordreisa (Norvegia) artean, 21 egunetan. Euskal Herrian espedizio polar horizontalen aitzindaria izan zen zeharkaldi hura.

Taldekideetako bi zeharkaldian lerei tiraka. DAVID HERNANDEZ
Taldekideetako bi zeharkaldian lerei tiraka. DAVID HERNANDEZ
ramon olasagasti
2024ko martxoaren 20a
05:00
Entzun

1974. urtea zen. Tximist espedizioko kideek bertikalean igo litekeen mendirik handiena hartu zuten jomuga: Everest. Eta garai berean, beste mendizale batzuek, trazu xumeagoz, amets horizontalago bat marraztu zuten Eskandinaviako maparen ipar-iparrean, Laponian: 600 kilometro inguruko eski zeharkaldi bat, samiek elur oreinekin batera egiten zuten transhumantzia bideari jarraituz. Euskal Herrian inork ez zuen artean halako eski zeharkaldirik egin. «Kanpora ateratzeko irrikaz ginen. Aldizkari batean ikusi genituen eskiatzaile suediar batek Laponian, Groenlandian eta abar berak bakar-bakarrik eginiko zeharkaldi batzuen artikuluak, eta harekin harremanetan jarri ginen. Eta hark bidalitako informazioarekin plan bat egin genuen: aurrena Laponian zeharkaldi bat egin, gero pare bat urtera Groenlandiara eta hurrena Ipar Polora», azaldu du David Hernandezek, espedizio haren buruak.

Laponiakoa, beraz, zailtzeko eta ikasteko probarri bat zen, «gerora, pixkanaka, asmo handiagoko proiektuak egin ahal izateko», espedizioaren txostenean zehaztu zuten moduan. Izan ere, memorian ez ezik, kutxatxo batean ere ondo gordeta dauzkate balizko babesleei aurkezteko txostena, garaiko mapak, haiek eskuz eginikoak, diapositibak, super 8ko zintak, handik bidalitako postalak...

Laponia 74 zeharkaldia. PABLO DENDALUZE

Sei taldekide izan ziren, azkenean, Laponia 74 espedizioan: Hernandez bera, Jose Luis Lekuona Gorri, Antxon Bandres Euskal Mendizale Federazioko lehendakari izandakoa, Mikel Zabala, Jose Mari Rebollar eta Alfredo Feliu kazetaria. Jose Luis Lekuona Gorri-k gogoan du bere kontura jarri berria zela lanean, beste bi bazkiderekin, baina ez zuen zalantzarik egin: «Haizea hartzera bidali nuen dena. Esan nien lankideei ezin nuela aukera hura alferrik galdu».

Hegaldi eta bidaia guztiak, material teknikoa, zinema eta argazki materiala, elikadura... txostenean ondo xehakatuta agertzen da espedizioaren aurrekontua: 666.510 pezeta, gaur egungo 4.000 euro, sei lagunen espedizio oso-osoa. Horra mendi erdi bateko zimurrak adieraz ditzakeen beste datu bat. «Gu Tximist espedizioaren erabat itzalean ginen, eta ez genuen babeslerik lortu. Jesus Maria Alkain, gerora Donostiako alkate izan zena, Banco de Vizcaya banketxeko zuzendaria zen orduan, eta hark esan zidan epe luzerako mailegu bigun horietako bat emango zigula», oroitu du Hernandezek. Diruz eskas, baina gogoz gainezka, zorrak bueltakoan «nola edo hala» itzultzekotan abiatu ziren.

Zeharkaldiaren aurretik, Vasaloppet

Martxoaren 3an, iraupen eskiko Vasaloppet proba entzutetsuan atera ziren taldeko hiru, Hernandez, Gorri eta Rebollar. Iraupen eskiaren zaleentzat meka moduko bat zen orduan ere Vasaloppet, Suediako Salen eta Mora artean egiten den 90 kilometroko proba. «10.000tik gora atera ginen urte hartan. Atze-atzean jarri ginen, eta erdiak pasa genituen. Gogoan dut inbutuetan eroriz gero jendea gainetik pasatzen zitzaizula», ekarri du Gorrik duela 50 urteko oroitzapena. Vasaloppeten ondoren, Helsinkin elkartu ziren sei taldekideak, eta handik Ivalora (Finlandia) joan ziren hegazkinez. Ivalo, Errusiako mugako herri huraxe izan zen zeharkaldiaren abiapuntua. Han hornitu ziren: lerak, eskiak, janari guztia, oinetakoak... «Eskiak iraupenekoak baino zabalagoak eraman genituen, kablezko lokailuekin. Oinetakoak, berriz, katiuska berezi batzuk, kautxuzkoak, feltrozko estaldura batekin», azaldu du Hernandezek.

Laponia 74 espedizioa
David Hernandez eta Jose Luis Lekuona 'Gorri', duela 50 urte eskuz eginiko mapak aztertzen. PABLO DENDALUZE

Ivaloko urki basoen artean abiatu ziren, hiru lera handitatik tiraka (lera bat bi laguneko) eta motxilatzarrak bizkarrean hartuta. Handik lasterrera, Inari lakuaren hedadura zabalak harrituta utzi zituen. Inoiz eskiatu gabeak ziren laku izoztu baten gainean. «Gozamena zen bost zentimetroko elur hautsetan aintziretako gainazal lau haietan kilometroak egitea. Basoan, aldiz, gehiago hondoratzen ginen eta neketsuagoa zen», azaldu du Gorrik. Inari lakuan bertan ikusi zuten elur oreinen lehen artaldea. Hura gurutzatu eta Karigasniemira heldu ziren. «Gure asmoa zen lerro zuzen samar bat egitea ekialdetik mendebaldera, Ivalotik Norvegiako kostaldeko fiordoetara. Helsinskin, ordea, Norvegiako enbaxadakoek esan ziguten ezin ginela zenbait lekutatik igaro, iparraldera desbideratu behar genuela, gero Kautokeinora jaitsi eta han bertako polizia etxean aurkeztu. Astebetean egin nahi genuena bi astean egitea zekarren horrek. Ondorioz, ibilian-ibilian inprobisatuz joan ginen», jakinarazi du Hernandezek.

Laponia 74 espedizioaren mapa
Laponia 74 espedizioko kideek eginiko zeharkaldiaren mapa, David Hernandezek eskuz marraztua.

Hamabost egunera Kautokeinora iritsi zirenean, polizia etxera joan ziren, enbaxadan agindu zieten moduan. «Baina zertara zatozte hona?», galdetu zieten. «Enbaxadan esandakoa betetzen ari ginela erantzun genien. Oslora deika hasi ziren, ea zer egiten genuen guk han. Tarte hartan, gelen artean galdu nintzen, eta, haietako batean, NATOren puntu estrategikoz jositako mapa bat ikusi nuen, eta ‘ene, non sartzera gindoazen...’, pentsatu nuen nire artean», oroitu du Hernandezek. «Hurrengo egunetan, eguerdiro, helikoptero bat pasatzen zitzaigun gainetik; kontrolatu egiten gintuzten», erantsi du Gorrik.

Super 8ko film hura

Herrietan, basoan edo aintziretan tartean-tartean topatzen zituzten samiek jakinarazi zieten urte hartako negu hura ez zela gordinegia izan. «Tenperaturarik hotzena 32 gradu zero azpitik izan genuen. Hotz handirik ez genuen pasatu», dio Hernandezek. «Gosea bai», erantzun dio Gorrik atzetik. «Ez ginen gelditu ere egiten. Apis lata batzuk eraman genituen, baina barrukoa dena izoztuta zegoen. Ahoan ordu erdi eduki behar zen urtzeko, eta ondoren irentsi. York urdaiazpiko lata handi bat ere bagenuen, baina, leraren barnean, su txikiarentzako alkohol etilikoa irauli, eta haren zaporearekin jan genuen. Ez ginen hil gazteak eta osasun onekoak ginelako, kar-kar-kar. Nik zazpi kilo galdu nituen; Antxon Bandresek, hamabost...». David Hernadezek, berriz, kilo bat hartu zuen: «Galdu beharrekoa aurrez galdu nuen. Nik likenak nituen, arroka gainetatik kenduta, eta ez ziren txarrak». Barrez hasi da Gorri: «Hara bestea, ardiak bezala, kar-kar-kar…».

Azken egunetan, Reisalva erreka izoztuaren ibilguari jarraitu zioten, Nordresaraino. Amaiera aldera, ur jauzi izoztuetan bizi izan zituzten zeharkaldiko unerik arriskutsuenak. «Izotza ere urtzen eta ura azaleratzen hasi zen, eta hainbat kilometrotan uraren gainean joan ginen eskiekin eta lerekin». Zailtasunak zailtasun, martxoaren 27an heldu ziren Nordreisa herrira (Norvegia), itsasora, zeharkaldiaren amaierara.

LAPONIA 74 ESPEDIZIOA
Sei taldekideetatik bost, Nordreisara iritsi berritan. Antxon Bandres falta da. DAVID HERNANDEZ

Handik bueltan, Laponia 74 filma muntatu zuen Hernandezek, Super 8ko kamerekin hartutako irudiak baliatuz. 3 minutuko berrogei bat kartutxo eraman zituen motxilan, eta pare bat ordu ekarri zituen filmatuta. Tolosako Iparragirre zineman eman zuen lehen emanaldia, eta leporaino bete zen aretoa. «Ondoren, laurogei bat eskolatan eta 35 bat mendi taldetan eman nuen pelikula. Leku askotatik deitu ziguten. Nolabait itzuli behar genuen mailegu bigun hura. Jendeak bazuen jakin-mina. Hainbatek esaten zigun ‘handiak zarete, heroi batzuk zarete’, eta nik esaten nien oker zeudela, gurea edonork egin zezakeela…», horrela pentsatu izan du beti Hernandezek; alegia, espedizio hura horizontala zela zentzu guztietan.

1974ko Laponiako eski zeharkaldia
Laponia 74 espedizioko kideetako bat aintzira izoztu bat zeharkatzen. DAVID HERNANDEZ

Mende erdi geroago, ez Hernandez ez Gorri ez dira begirada atzera asko botatzekoak, ez dira iraganeko aintzan bertan goxo egitekoak, gehiago dira unean-unekoarekin gozatzekoak, eta, horregatik, gaur egun ere ez daude geldirik. Gorri bizikletan gelditu gabe dabil oraindik, 83 urterekin, eta Hernandez Marxa Beret proban atera da aurten bilobarekin, 87 urterekin. Nolanahi ere, ez zaie ahaztu zer gozatu hartu zuten zeharkaldi hartan, eta oroimenean ederki iltzatuta daukate aintzira izoztuetan, bost-sei zentimetroko elur hautsetan «lerak atzean uzten zuen arrasto zoragarria». Arrasto horren uberan etorri ziren gerora beste hainbat zeharkaldi, Laponian bertan, Groenlandian...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.