Iparragirre aretoko dardara hura...

Josu Iztueta
2024ko martxoaren 20a
05:00
Entzun

1970eko hamarkadak sozialki asko izan zuen gazitik, baina pertsonalki, dezente izan zuen gozotik ere. Urte haietan, gerora ere bai, euskal mendi elkarte batzuek, soka berean lotuta eta seguruenik esfortzu handia eginda, lortu zuten Europako alpinista onenak gurera ekartzea. Besteak beste, Gaston Rebuffat frantziarra, Cesare Maestri italiarra eta Kurt Diemberger austriarra datozkit orain burura. Goi-mailako izarrak ziren, eskalada handiak egindakoak Alpeetan, Patagonian, Himalaian...

Halaxe, 1974. urtean, nik 16 urte nituela, gurean Tximist espedizioa zegoen puri-purian. Prentsan presentzia nabarmena zuen, eta ni bezalakoak, etxean telebistaren faltan, horman itsatsitako poster koloretsuari begira egoten ginen, besteen ametsak gure egin nahian. Espedizio hartan baziren eskaladako edo iraupen eskiko ikastaroetan gure monitore izandako batzuk, baina tolosarrik ez!

Laponia 1974 espedizioan, aldiz, herrikoak ziren David, Antxon eta Gorri; inguruko Aralarren hasi ziren iraupen eskia egiten, eta oso urrutira zihoazen... Seguruenik, Laponia hitza haiei entzun genien lehen aldiz. 500 kilometroko zeharkaldi horizontal hura egin eta gero, udazkenean, Tolosako Iparragirre zinean eman zuten dokumentala. Super 8ko pelikulek dardarizo berezia sortzen zuten pantailan; izan ere, ahotsarekin eta musikarekin batera, proiektorearen motortxoak berezkoa zuen zaratarekin nahastuta. Niri ere halaxeko dardara sortu zidaten irudi haiek.

Oso gogoan daukat egun hura. David Hernandezek paisaia elurtuak pantaila zurira ekarri zizkigun, eta ni txundituta geratu nintzen (orduan ez zen flipatuta esaten). Hogei eta gutxi urte bete arte eskalatzen, piraguan, bizikletan, mendi eskian, pilotan, arraunean... ibiltzen ginen. Garbi samar daukat alpinismoan jarraitu izan banu ez nintzatekeela orain lerro hauek idazten ariko, bidean geratzeko arrisku gehitxo hartzen baikenuen.

Beste kiroletan erdipurdikoak ginenez, eski zeharkaldiek gure neurrikoak ziruditen. Hamar urte geroago, 1984an, Jon Miren Begiristain, Angel Ortiz, Dina Bilbao eta laurok Laponia zeharkatu genuen Errusiako mugatik Nordreisara. Geroztik, Groenlandian, Alaskan, Eskandinavian... milaka kilometro egiteko zortea izan dut. Uste dut Iparragirre zinemako emanaldi haren dardarizoak jota-edo 1974an artean diagnostikatu gabe zegoen gaixotasun berezi batek harrapatu ninduela. Gerora jakin dut zein den gaitza: «Leku hotzek burua demasa berotzen didate».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.