Luis Arrietaren ‘Sustraiak’ lanak mendizaletasunaren balioak hobekien adierazten dituen filmaren saria eskuratu du Trentoko jaialdian

Zinemagile nafarraren azken dokumentalak ‘Mario Bello’ saria eskuratu du joan den asteburuan. Hainbat etorkinek eskaladaren bidez gizarteratzeko egindako bidea erakusten du lanak.

Luis Arrieta Trentoko mendi zinemaldiko Mario Bello sariarekin
Luis Arrieta, Trentoko jaialdian eskuratutako sariarekin. TRENTO FILM FESTIVAL
ramon olasagasti
2026ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendiko zinemagintzako jaialdien artean entzutetsuenetako bat da Trentokoa (Italia). Europako zaharrena ere bada: 1952tik zinemaldi horren historia eta alpinismoarena estu-estu loturik joan dira, eta mendiko kulturaren arragoetako bat da. Aurreko astean egin da jaialdiaren 74. ekitaldia, eta sarituen artean Luis Arrieta mendizale eta zinemagile nafarrak ondutako Sustraiak filmak Mario Bello saria eskuratu du: mendizaletasunaren balioak hobekien islatzen dituen lanari ematen zaiona, hain zuzen.

Luis Arrietaren filmak Nafarroara iritsitako gazte migratzaile batzuek egindako bidea azaltzen du, nola lortu duten, besteak beste eskaladaren bidez, gizartean leku bat egitea. Zehazki, El-Bachir Saidi, Hiba Barkoui, Manan Abdullah eta Abderahmane Bari gazteen istorioak kontatzen ditu filmak. Zinemagileak helburu izan du estereotipoak eta aurreiritziak bazter uztea, eta mendia eta eskalada gazteok egunerokoan dituzten oztopoen eta mugen ikur bihurtu ditu: «Eskalatzen eta mendian ibiltzen, denak gara berdinak. Gailurrera igotzea da denon helburua, eta paretak ezartzen dizkigun oztopoei egin behar diegu aurre».

Film hau ontzeko, 2024ko Mendi Film Beka eskuratu zuen Arrietak, eta iazko Mendi Filmen bertan estreinatu zuen. 2025eko jaialdi horretan, gainera, Kultura eta Naturako film onenaren saria lortu zuen. Urtarrilean, mendiko jaialdietatik zinema aretoetarako jauzia eman zuen, eta Iruñeko eta Bilboko Golem zinemetan estreinatu zuten. Apirilean, berriz, Bernako (Suitza) Film Alpinoen Festibalean beste sari bat lortu zuen. Beraz, Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere bidea egiten ari da Arrietaren lana.

Trenton jaso duen sariak Mario Belloren izena darama. Italiako Klub Alpino (CAI) taldeko Zinemagintza Batzordeko presidente izan zen Bello 1954 eta 1962 bitartean, eta mendiko zinemagintzari emandako bultzada handiagatik nabarmendu zen. Mendizaletasunaren balioak hobekien islatzen dituen filmari ematen zaio geroztik sari hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA