Magali Albisu eta Eneko Gurrutxaga garaile Asteasuko mendi duatloian

Aurtengo EHMDZ egutegiko lehen proba jokatu zen larunbatean. Guztira 81 kirolari lehiatu ziren, 39 banaka eta 21 bikote erreleboka. Hurrengo proba larunbat honetan bertan izango da Zarautzen, Talai Mendi muinoaren inguruetan.

Magali Albisu Asteasuko mendi duatloiaren irabazlea
Magali Albisu, mendiko bizikletako saioan. EHMDZ
ramon olasagasti
2026ko irailaren 21a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abiatu da 2026ko Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuitua (EHMDZ), 16. ekitaldia aurten. Guztira bederatzi lasterketa izango dira, eta aurreko larunbatean Asteasun (Gipuzkoa) jokatutakoa izan zen lehenbizikoa. Iaz sartu zen Asteasuko proba Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituan, eta, joan den urtean bezala, egutegiko estreinakoa izan da aurten ere. Guztira 81 kirolari lehiatu ziren: 39 banakako modalitatean eta 42 bikoteka. Errelebokako modalitate horretan, lau izan ziren bikote mistoak. Eguraldi eguzkitsua izan zuten larunbat arratsaldean Asteasun, eta tenperatura bero samarrak aukeran.

Emakumezkoetan, banaka, hiru lehiakide baino ez ziren izan, hirurak gipuzkoarrak, eta horien artean Magali Albisu oiartzuarrak irabazi zuen. Korrikako lehen tartean, Maite Murgia lazkaotarra izan zen azkarrena, Izarne Mayoz asteasuarra bigarren eta Magali Albisu hirugarren. Mendiko bizikletan, ordea, Albisuk espezialista handia dela erakutsi zuen, eta korrika galdutako denbora berreskuratzeaz gain, tarte zabala atera zien bi lehiakideei. Albisuren denbora: 2.02.35. Bigarren Izarne Mayoz izan zen (2.11.38) eta hirugarren Maite Murgia (2.15.54).

Eneko Gurrutxaga Asteasuko mendi duatloiaren irabazlea
Eneko Gurrutxaga helmugaratzen. ASIER IMAZ / ATARIA

Mutiletan, Eneko Gurrutxaga amasarrak lortu zuen garaipena, eta hor ere gipuzkoarrak ibili ziren lehen postuetako lehian. Korrikako saioan, Asier Aburuza adunarrak egin zuen denbora onena, baina oso gertu izan zituen Aitor San Sebastian zizurkildarra eta Eneko Gurrutxaga bera. Mendiko bizikletako saioa hartu orduko, ordea, Gurrutxagak diziplina horretan espezialista handia dela erakutsi zuen, eta aldea atera zien aurkariei. Bi gurpilen gaineko saioan, dena den, Endika Mantecon segurarra izan zen azkarrena. Bi sektoreetako denborak batuta, Eneko Gurrutxaga izan zen irabazle (1.29.58), Endika Mantecon bigarren (1.30.43) eta Aitor San Sebastian hirugarren (1.31.37).

Horrenbestez, Gurrutxagak 2026ko zirkuitua irabazteko hautagai sendoa dela agertu zuen Asteasun. Amasarrak hiru aldiz jantzi du txapela, azkena 2024an.

Asteasuko mendi duatloieko podiuma: Izarne Mayoz, Magali Albisu eta Maite Murgia
Izarne Mayoz, Magali Albisu eta Maite Murgia, Asteasuko podiumean. ASIER IMAZ / ATARIA

Erreleboka, Iban Goikoetxea eta Ekhi Aierbe ataundarrek (Gipuzkoa) irabazi zuten, Aitor Zuriarrain eta Adei Zuriarrain idiazabaldarrak (Gipuzkoa) bigarren izan ziren, eta Jon Flores eta Alex Gaztañeta herritarrak, hirugarren. Bikote mistoen artean, berriz, Ane Galartza (Zizurkil) eta Enaitz Roteta (Asteasu) izan ziren azkarrenak, Elixabet Mendizabal eta Jokin Alberdi bigarren eta Irati eta Mikel Insausti anai-arrebak hirugarren.

Sailkapen guztiak, Triatloi Federazioaren esteka honetan.

Asteasuko mendi duatloieko podiuma: Endika Mantecon, Eneko Gurrutxaga eta Aitor San Sebastian
Endika Mantecon, Eneko Gurrutxaga eta Aitor San Sebastian izan ziren lehen hiruak Asteasun. A. IMAZ / ATARIA

Zirkuituko bigarren proba datorren larunbatean izango da — irailak 26—, Zarautzen, Zarauzko Triatloi Elkarteak antolatuta. Zarauzko mendi duatloia aurten batu da EHMDZko egutegira, eta Gran Camping Zarautz, gainera, zirkuituaren babesle nagusia izango da 2026an. Hala, Talai Mendi muinoaren eta kanpinaren inguruetan egingo da duatloia. Izena emateko epea irekita dago oraindik, esteka honetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA