Maider Unanue eta Aitor Ugarte gailendu dira lasterketa bertikalen Euskal Herriko Kopan

Larunbatean jokatu zen laugarren lasterketa bertikala, Anboton, eta han ere gailendu ziren. Igandean, Sorginen Lasterketan, Oihana Zubillaga eta Aitor Ajuria nagusitu ziren, eta Zumaiako Flysch Trail lasterketan, Leire Urritegi eta Amets Aranberri.

2026ko Sorginen Lasterketa probako podiuma
2026ko Sorginen Lasterketa probako irabazle guztiak podiumean. MAIALEN ZUAZUBIZKAR
ramon olasagasti
2026ko urriaren 6a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den larunbatean bukatu zen lasterketa bertikalen Euskal Herriko Kopa. Anbotoko kilometro bertikala izan zen egutegiko laugarren eta azken proba, eta bai Anboton eta bai Kopako sailkapen nagusian Maider Unanue eta Aitor Ugarte gailendu ziren, faborito nagusiak.

Anbotoko kilometro bertikalak hamazazpigarren ekitaldia zuen aurten. Arrazolatik abiatu, eta 3,8 kilometro tentetan 1.092 metroko desnibela gainditu behar zuten korrikalariek Anboto tontorreraino. Emakumezkoetan, Maider Unanue lazkaotarra (Gipuzkoa) izan zen azkarrena (51.26). Minutu erdi eskasera (29 segundo) iritsi zen Garazi Abasolo aretxabaletarra (Gipuzkoa), eta minutu bat eta lau segundora Oihana Zubillaga anoetarra (Gipuzkoa).

2026ko Anbotoko kilometroko bertikaleko podiuma
2026ko Anbotoko kilometro bertikaleko podiuma. EMF

Gizonezkoetan, lehia ederra izan zen Aitor Ugarte aramaioarraren eta Daniel Izquierdo espainiarraren artean. Azkenean, 32 segundoren aldearekin iritsi zen Ugarte Anbotoko kaskora (38.10). Aitor Ajuria otxandiarra (Bizkaia) izan zen hirugarren, bi minutu eta 12 segundora.

Txindokiko, Ardibidepikuako, Beriaingo eta Anbotoko lasterketa bertikaletako emaitzak batuta, Maider Unanue eta Aitor Ugarte izan dira Euskal Herriko Kopako txapeldunak. Emakumezkoetan, Garazi Abasolo izan da bigarren, eta Leire Elola hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, Aritz Unamuno izan da bigarren, eta Iñigo Lariz hirugarren. Master A-C kategorietan, Maite Zabaleta izan da txapeldun emakumezkoetan, eta, gizonezkoetan, berriz, Iñigo Lariz A kategorian eta Anartz Etxeberria B kategorian.

2026ko Anbotoko kilometro bertikaleko podiuma
Daniel Izquierdo, Aitor Ugarte eta Aitor Ajuria, Anbotoko kilometro bertikaleko podiumean. EMF

Anbotoko kilometro bertikaleko sailkapen guztiak esteka honetan.

Larunbatean kilometro bertikala, eta igandean Sorginen Lasterketa: mendian korrika egitea maite dutenentzat bete-beteko asteburua izan zen aurrekoa Durangaldeko mendien altzoan. Sorginen Lasterketan, bezperako protagonista bertsuak izan ziren; izan ere, Anbotoko kilometro bertikalean podiumeko hirugarren koskara igo ziren biak izan ziren irabazle: Oihana Zubillaga eta Aitor Ajuria.

Sorginen Lasterketak hemeretzigarren ekitaldia zuen. 500 korrikalari batu ziren Axpen, bi distantzietakoak. Lasterketa luzeak 21 kilometro zituen, eta 1.700 metroko desnibela; laburrak, berriz, 11,7 kilometro eta 890 metroko desnibela. Proba luzean, lehia polita izan zuten Oihana Zubillagak eta Eder Zubeldia amezketarrak (Gipuzkoa). Anboto gailurretik Zubeldia pasatu zen aurrena, baina Zubillagak aurre hartu zion beheranzkoan, eta ia minutu baten aldea. Zubillagaren denbora: 2.34.17. Leire Uribe otxandiarrak (Bizkaia) osatu zuen podiuma.

Gizonezkoetan, Aitor Ajuria otxandiarrak hasieratik bukaerara menderatu zuen lasterketa, eta ibilbidea bi ordu eskasean osatu (2:01:41). Irazu Aranburu mallabitarra (Bizkaia) izan zen bigarren (2:04:20), eta Aritz Kortazar durangarra (Bizkaia) hirugarren (2:04:37).

Proba laburrean, Naia Cob izan zen garaile, Zutoia Odriozola eta Norah Muzasen aurretik. Gizonezkoetan, Victor Bernedo nagusitu zen, Peio Ziarsolo izan zen bigarren, eta Anartz Azpiroz hirugarren.

Sorginen Lasterketako sailkapenak hemen.

Zumaiako Flysch Trailen, %45 emakumezkoak

Larunbatean izan zen Zumaiako Flysch Trail lasterketa beteranoaren hamazazpigarren ekitaldia ere; ohi bezala, bi distantziatan (24 km eta 14 km). Aurtengo berrikuntza nagusia horixe izan da, hain zuzen: proba larunbatez jokatzea. Egun aldaketak kalera eraman zuen lasterketaren inguruko giroa, korrikalariak ez ezik, herritarrak eta bisitariak ere bildu baitziren lasterketaz gozatzeko. Guztira, 650 korrikalari baino gehiago elkartu ziren bi distantzietan, eta emakumeen parte hartzea inoizko handiena izan zen: parte hartzaileen %45 izan ziren emakumeak, iaz halako bi.

2026ko Zumaia Flysch Traileko irudia
Emakumezkoen parte hartzea %45ekoa izan da aurten Zumaiako Flysch Trailen. GORKA ZABALETA

Aurtengo beste berrikuntzetako bat ingurumenari lotutakoa izan da. Anoa guneetan ez zen izan behin erabili eta botatzeko edalontzirik, eta parte hartzaile bakoitzak bere edalontzia, kantinplora edo edateko beste ontzi bat eraman behar izan zuen.

Lasterketa luzean (14 km), Leire Urritegi eta Amets Aranberri izan ziren garaileak. Aranberri izan zen lehenengoa helmugara iristen. Haren denbora: 1:45:23. Korrikalari zestoarrak hasieratik hartu zuen aurrea, eta hamar minuturen aldea atera zion Jokin Gijarro zumaiarrari (1:55:18), eta ia hamabi minuturena hirugarrenari, Eñaut Urdanpilletari  (1:57:20).

Emakumezkoen artean, Urritegi izan zen azkarrena (2:10:28). Oiartzuarrak lau minuturen aldea atera zion bigarrenari, Bidania-Goiazko Irene Iturriari (2:14:42), eta 13 minutu baino gehiagorena Amagoia Iribar oriotarrari (2:23:56). Hiru horiek osatu zuten podiuma.

Lasterketa laburrean (14 km), berriz, Ania Hernandez gasteiztarra eta Asier Medina zumaiarra izan ziren garaile. Hernandezek 1:06:50eko denboran osatu zuen ibilbidea, eta Medinak ordubete eskasean (1:00:17).

Emakumezkoetan, bi herritar izan ziren bigarren eta hirugarren: Garazi Artola (1:09:17) eta Jule Olaizola (1:09:35), hurrenez hurren. Gizonezkoetan ere herritar bat izan zen bigarren, Julen Alkorta (1:01:55), eta Aimar Iraola getariarra hirugarren (1:02:15).

Zumaiako Flysch Traileko sailkapenak lotura honetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA