Maitane Garmendia eta Julen Balerdi garaile Bidania-Goiazko lehen mendi duatloian

Euria eta lokatza izan zuen 92 partaideek, eta horrek gogortu egin zuen proba. Aurtengo zirkuituan lehen garaipena dute biek. Larunbat honetan Adunako probarekin eta ondorengo festarekin amaituko da 2026ko EHMDZ.

Bidania-Goiazko mendi duatloia
Pello Olaberria eta Josu Urrestarazu, ezker eskuin, Julen Balerdi garailea aupatzen. ZABALAFOTO
ramon olasagasti
2026ko azaroaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko (EHMDZ) ohiko irudiak ikusi ziren larunbat arratsaldean Bidania-Goiazko (Gipuzkoa) lehen mendi duatloian: aurpegi eta gorputz lokaztuak, irristadak eta erorikoak, erretiratuak ere ohikoak baino gehiago... Aurreko probetan, gutxiago edo gehiago, eguraldi eta ibilbide lehor samarra izan dute partaideek, baina larunbatekoa bete-beteko EHMDZko proba izan zen. Bakarka, 46 partaide lehiatu ziren, eta erreleboka, 23 bikote; guztira, beraz, 92 duatloilari.

Bidania-Goiazko herritarrek ibilbide dotorea antolatu zuten bi herriguneen inguruko bideetan, baina etengabeko euriak lokaztu eta gogortu egin zuen bidea, eta, zenbait zatitan, kirolariek kontu handiz ibili behar izan zuten. Korrikako lehen saioan 4,9 km egin behar izan zituzten; mendi bizikletakoan, 12 km eta korrikako azken saioan, beste 3,1 km.

2026ko zirkuituan, estreinako aldiz, Maitane Garmendia ibartarra (Gipuzkoa) eta Julen Balerdi idiazabaldarra (Gipuzkoa) izan ziren garaile.

Bidania-Goiazko mendi duatloia
Maitane Garmendia, korrikako lehen saioan. ZABALAFOTO

Maitane Garmendia ibartarra podiumeko postuetan ibili da aurtengo zirkuituan atera den probetan –Kanpezun, Ibarran eta Idiazabalen, hirugarren izan da hiruretan–, baina Bidania-Goiazkoa izan du lehen garaipena. Ibartarrak ia hiru minutuko aldea atera zion Izarne Maioz asteasuarrari eta ordu laurdenetik gorakoa Ainhoa Markinez idiazabaldarrari. Beraiek izan ziren hiru aurrenekoak. Ibilbide lokaztuak zaildu egin zuen duatloilarien jarduna, batez ere mendiko bizikletako saioan, eta aldeak bestetan baino handiagoak izan ziren.

Gizonezkoetan, Julen Balerdi ere aurreko postuetan ibili da 2026an atera den mendi duatloietan –Kanpezun bigarren, Ibarran bosgarren, Idiazabalen laugarren...– baina larunbatera arte garaipenik lortu gabea zen aurtengo zirkuituan. Josu Urrestarazu herrikidea eta biak batera helmugaratu ziren, aurpegi lokaztuan pozezko irribarre bat marrazten zitzaiela. Pello Olaberria mutiloarra (Gipuzkoa) izan zen hirugarren, eta zirkuituko liderra, Eneko Gurrutxaga, laugarren.

Erreleboka, Asier Antuña eta Koldo Herrera izan ziren garaile (01:28:07), Iban Goikoetxea eta Ekhi Sukia bigarren (01:30:32) eta Aitor Arakistain eta Unax Arratibel hirugarren (01:32:27). Errelebo mistoetan, berriz, Olatz Salaberria eta Iban Orbegozo gailendu ziren (01:54:28), Nagore Urkiza eta Iosu Garate izan ziren bigarren (02:19:14) eta Intza Mantzizidor eta Eritz Rodriguez hirugarren 02.25.10).

Bederatzi mendi duatloiren ondoren, larunbat honetan amaituko da 2026ko EHMDZ, Adunako (Gipuzkoa) probarekin eta ondorengo sagardotegi eta festarekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA