Remi Bonnet suitzarra eta Axelle Gachet-Morallet frantsesa izan ziren irabazle atzo Comapedrosa Andorrako Munduko Kopako bertikalean. Pal Arinsal estazioan jokatu zen proba, 3,5 kilometro eta 690 metroko desnibeleko ibilbide bizian. Proba Les Marrades pistan abiatu zen, 1.580 metroan, eta Xalet Igloo inguruan amaitu, 2.300 metro inguruan. Bezperan Ingrid ekaitzak gogor astindu bazuen ere, atzo su etena eman zuen Pal Arinsaleko pistetan. Hogei herrialdetako 90 eskiatzaile aritu ziren lehian, 56 gizonezko eta 34 emakumezko. Bonet bosgarrenez izan zen garaile Andorrako proban, eta Gachet-Morallet, laugarrenez.
Malen Osa Ansa (Oñati, Gipuzkoa, 2002) gora egiten ari da mendiko eskiko probetan ere. Courcheveleko bertikalean, urtarrilaren 16an, zazpigarren izan zen oñatiarra, eta atzo, Andorran, zortzigarren. Munduko hamar onenen artean egotea bada zerbait. Nesketan, bost aurrenekoak berberak izan ziren Courchevelen eta Andorran, ordena berean, gainera. Axelle Gachet-Morallet oso nagusi izan zen hasieratik. Atzetik, Emily Harrop frantsesa izan zen jarraitzaileen tropelean onena, eta Sarah Dreier, Margot Ravinel eta Giulia Murada helmugaratu ziren ondoren.
Gizonezkoetan, Remi Bonnet, Munduko Kopako espezialitateko txapelduna, tartea zabalduz joan zen hasieratik. Astean zehar burutik beherakoarekin ibili zen suitzarra, baina atzo ez zuen eragozpenik izan garaipen sendoa eskuratzeko. Atzetik, Paul Verbnjak austriarra izan zen bigarren, eta Matteo Sostizzo italiarra hirugarren, Samuel Equy frantsesarekin esprint estuan arituta.
Andorrako sailkapen guztiak, Skimostats webgunean.
Causiat Extrem, baldintza zailetan
Etxetik gertu, Candanchun, mendiko eskiko Euskal Herriko Kopa jokatu zen larunbatean, oso baldintza zailetan: Causiat Extrem. Ostiraleko eta larunbateko elurteek ikaragarri zaildu zuten lasterketa, eta Candanchu Ski Alp taldeko antolatzaileek ez zuten zeregin erraza izan proba aurrera ateratzen. Errepideen egoera zela eta, Candachura iristea bera ere lan nekeza zen larunbatean.
Elur-jausien arriskua, lainoa, ikusmen eskasa eta eguraldi makurra kontuan izanda, Zapatillako hodiaren azpialdean bi igoera eta bi jaitsiera markatu zituzten antolatzaileek, eta Candanchuko iraupen eskiko eta biatloiko zirkuituarekin osatu zuten ibilbidea. Partaideek bi itzuli eman behar izan zizkioten ibilbideari.
Daniel Izquierdo soriarra eta Claudia Rodriguez asturiarra izan ziren garaile Candanchun. Gizonezkoetan, bi nafar sailkatu ziren Izquierdoren atzetik: Ander de Miguel bigarren eta Asier Labairu hirugarren. Emakumezkoetan, berriz, Uxue Loizu nafarra izan zen bigarren, eta Chloe Fourmigue frantsesa hirugarren.
Mendiko eskiko Euskal Herriko Kopako lehen proba ere izan zen Causiat Extrem. Kopa horretako sailkapenari begira, senior mailan, Uxue Loizu izan zen lehen euskal herritarra, Andrea Zarranz bigarrena eta Oihana Zubillaga hirugarrena. Gizonezkoetan, berriz, Ander De Miguel izan zen aurrena, Asier Labairu bigarren eta Aitor Ugarte hirugarren. 14 urtez azpikoetan, Aiur Hernani Garcia izan zen lehen euskal eskiatzailea; 16 urtez azpikoetan, Kimetz Korta Iñarra; 18 urtez azpikoetan, Ibai Hernani aurrenekoa eta Unax Sologaistoa bigarren; 20 urtez azpikoetan Hugo Robles aurrenekoa, Markel Barrio bigarren eta Unax Hernando hirugarren. 40 urtetik gorakoetan, Imanol Rodriguez izan zen lehen euskal herritarra; 50 urtetik gorakoetan, Mikel Navarro, eta 60 urtetik gorakoetan, Angel Olaso.
Aurtengo ekitaldia Mariano Arrazola mendiko eskiatzaile donostiarraren oroimenezkoa izan da. 2025eko abenduan zendu zen neurozirujau eta eskiatzaile ezaguna.
Causiat Extremeko sailkapen guztiak, hemen.