Mendiko eskia

Martinez de Albornozek zilarra eskuratu du Val Thorenseko Munduko Kopan

Basque Teameko mendiko eskiatzaileak inoizko emaitzarik onena lortu du maila honetako proba batean, denboraldiko lehen lasterketan.

Iñigo Martinez de Albornoz zilarra Val Thorenseko Munduko Kopan
Iñigo Martinez de Albornoz, Val Thorenseko probaren ondoren. FEDME
ramon olasagasti
2023ko azaroaren 27a
12:25
Entzun

Iñigo Martinez de Albornoz mendiko eskiatzailea (Donostia, 1996) urrats sendoak ematen dabil etengabe: aurreko denboraldian erakutsi zuen hautagai sendoa dela bi urte barru Cortina d‘Ampezzon (Italia) jokatuko diren Neguko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko, eta, hasi berri den denboraldian, lehiatzeko ez ezik, dominen borrokan egoteko aukera ere baduela berretsi du. Asteburuan, Val Thorenseko (Frantzia) Munduko Kopako esprint proban zilarrezko domina eskuratu du Martinez de Albornozek.

Hasiera-hasieratik oso ondo ekin zion eskiatzaile donostiarrak Val Thorenseko probari: sailkatze txandan hirugarren sailkatu zen, 03.11.20 denbora lortuta; final-laurdenetan lehen postua eskuratu zuen kronoa, 03.14.42an geratuta, eta finalerdian bigarren bukatu zuen. Final handia geratzen zen. Oriol Cardona kataluniarra hil ala bizi atera zen, baina erori egin zen abiatu eta lasterrera. Lasterketaren buruan Iñigo Martinez de Albornozek eta Arnol Lietha suitzarrak ezarri zuten erritmoa. Cardonak lehen trantsiziorako egin zuen bat aurreko taldearekin, eta, azkeneko zatian, aurrea hartu zion donostiarrari. 3.11ra helmugaratu zen Martinez de Albornoz. Thibault Anselmet frantziarrak osatu zuen podiuma, Cardonarekiko 5.88ra.

Iñigo Martinez de Albornoz zilarra Val Thorenseko Munduko Kopan
Iñigo Martinez de Albornoz Val Thorenseko probako oinezko zatian. @SKIMOSTATS

Pozik zen Martinez de Albornoz amaieran. Hala adierazi zion Basque Teameko komunikazio taldeari: «Gogoz nentorren eta entrenamenduetan oso ondo ari nintzen. Helburua finalera pasatzea zen, eta horrela izan da. Finalera pasatzea eta lehiatzea lortu dut, eta nire emaitzarik onena erdietsi dut Munduko Kopan. Gogotsu nago denboraldiarekin jarraitzeko eta hurrengo helburuei begira jartzeko».

Iñigo Martinez de Albornoz aurrera doa pixkanaka, pauso sendoak emanez. Argi du zeintzuk dituen erronkak, eta, ingeniari ona den aldetik (lan hau goi mailako kirolarekin uztartzen du), plangintza betetzen ari da. 2021-2022ko denboraldian hirugarren izan zen, Boi Taulleko (Katalunia) Europako Txapelketako esprint lasterketan; 2022-2023ko denboraldian, beste urrats bat egin zuen, eta, Boi Taullen bertan, mendiko eskiko Munduko Txapelketan seigarren postua eskuratu zuen esprint modalitatean, eta laugarren postua errelebo mistoan, Marta Garciarekin batera. Asteburuko zilarra urrats garrantzitsua da goranzko bide horretan.

Aitaren urratsei jarraituz hasi zen Iñigo Martinez de Albornozek kirol honetan —Candanchun mendiko eskia egiten lehenetarikoa izan zen aita—, eta hamar denboraldi daramatza nazioartean lehiatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.