Hamar kilometrotik gorako ertza da Mazeno, eta Rupal eta Diamir isurialdeak banatzen ditu. Berau osotasunean gainditu eta Nanga Parbat mendiaren gailurrarekin lotzea da Himalayan gainditzeke dagoen erronka handienetakoa. Saioak izan dira; ez nolanahiko mendizaleek egindakoak, gainera. Doug Scott, Erhard Loretan, Voytek Kurtyka... guztiek eman dute amore zazpimila metrotik gora zutitzen den zerra moduko ertzean.
Gorabehera etengabeak eta zazpimila metroak gainditzen dituzten zortzi tontor badira zeharkaldian. Ertza bera Doug Chabot eta Steve Swenson estatubatuarrek zeharkatu zuten, 2004an, baina Mazeno mendigunea eta Nanga Parbaten arteko lotura egiten duen lepora iritsi ziren. Nanga Parbatera doan Schell bidearekin bat egiten du ertzak lepo horretan, eta Chabot eta Swensonek handik behera egin zuten, Nangako tontorrera joateko ahalegina saihestuz. Handia egin zuten bi mendizaleek.
Alberto Zerainek eta Juan Carlos Arrieta Txingu-k ez dute zalaparta handirik sortu nahi. «Lehenik eta behin, Nanga Parbat Kinshofer bidetik igotzen saiatuko gara, pixkanaka-pixkanaka altuerara girotzeko. Mazeno ertza zer baldintzatan dagoen eta gu geu nola gauden ikusteko balioko digu, eta horren arabera hartuko dugu erabakia», jakinarazi du Alberto Zerainek.
Alpinoan, arin eta bizkor
Altuerara behar bezala egokitzea ezinbestekoa da halako erronka bati ekiteko. «Alpino eran saiatuko ginateke, noski, arin joatea ezinbestekoa delako. Gutxienez bost egun behar dira ertza zeharkatzeko; kilometro asko ditu, luzea da, eta arin ibili behar da, 7.000 metrotan egunak pasatu ahala neke asko pilatzen delako», argitu du mendizaleak.
Ekainaren 19an abiatuko dira Zerain eta Txingu Euskal Herritik Pakistanera, eta Islamabad hiriburutik Skardura joko dute handik. Han hasiko dute mendira eramango dituen zeharkaldia. Aurrez, datorren astean eman asmo dituzte espedizioaren xehetasunak. Nanga Parbatera joateko baimena Miguel Angel Vicente nafarrarekin partekatu dute, baina azken horrek Nanga Parbaten mendebaldeko horma gainditzen duen Kinshofer bidetik igotzen saiatuko da. Ikuskizun dago hara joateko baimena duten bederatzi espedizioek dituzten helburuak.
Mendia. Espedizioak
Mazeno ertzetik Nangara
Erronka potoloa eramango dute Alberto Zerainek eta Txinguk Karakorumera; Mazeno ertza zeharkatu eta Nanga Parbateko tontorrarekin lotzen saiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu