Aralarko Malloen ospelean, Balerdi, Soilabizkargaina, Aldaon, Ttutturre eta beste mendi batzuen besoetan, hainbat herrixka eta baserri bizi dira, haiek ere Malloen gorputz: Gaintza, Intza, Azkarate, Errazkin... Malloen itzalari loturik iragan da Araitz bailarako herri haien bizimodua mendez mende: hango larreetan bazkatu dira artaldeak, hango basoetatik atera da baserriak eraikitzeko zura eta sutarako egurra, mendi haietan behera jausten diren iturburuetatik iristen da ura etxeetara, eta erroitz haietan zaildu hango bizilagunen izaera. Mendiak eta Herriak, biak bat izan dira Araitzen ere.
Aspaldian Araizko Gaintzan bizi da Felipe Uriarte (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1944). Duela 50 urte pasatxo, 1974an, Tximist espedizio gogoangarrian Everesten lehen aldiz izan zenean jabetu zen Uriarte Chomolugma handiaren altzoan ere bazirela herriak, bizi zela jendea. Ordurako mendian zaildua zen, ordurako irakurria zen Gaston Rebuffat gidariaren Étoiles et tempĂªtes (Izarrak eta enbatak) liburu mitikoa ere. «Eta iruditu zitzaidan oso bizitza egokia zela mendi gidariena. Euskal Herrian artean ez zegoen halakorik. Hala, Everestetik bueltan, 1976an, Mendiak eta Herriak sortzea erabaki nuen. Garbi ikusi nuen nire tokia mendian zegoela», oroitu du Uriartek 50 urteren buruan, Balerdiri beha.
«Iruditu zitzaidan oso bizitza egokia zela mendi gidariena. Hala, Everestetik bueltan, 1976an, Mendiak eta Herriak sortzea erabaki nuen. Garbi ikusi nuen nire tokia mendian zegoela»
FELIPE URIARTE Mendizalea
Eguzkia Balerdiren eta Artubiren bizkarrean ostentzen ari den orduan elkartu dira Gaintzan bertan zortzi lagun, erreportaje honen aitzakian eta afari-merienda oparo baten bueltan: Felipe Uriarte bera eta Garo Azkue (1980, Donostia) Mendiak eta Herriak-eko gidariak, eta haien eskutik mendian asko-asko ibilitako sei mendizale, Irene Sarrionandia (Zornotza, Bizkaia, 1948), Josean Rodriguez (Bilbo, 1950), Ainhoa Petralanda (Zornotza, 1972), Edu Larreina (Mutriku, 1965), Imanol Soroa (Donostia, 1980) eta Aitor Sarriegi (Beasain, 1976).

Irene Sarrionandiak eta Josean Rodriguezek gogoan dute Mendiak eta Herriak-ekin, Feliperekin berarekin, Pirinioetan eginiko lehen zeharkaldi hura. «Izango dira 45 urte. Guk orduan Pirinioak ez genituen ezagutzen. Autorik ez geneukan. Angel Orus aterpetik lauzpabost eguneko zeharkaldia izan zen. Oroitzapen oso-oso onak ditut», ekarri du gogora Sarrionandiak. Motxilaren astuna ere gogoan du Rodriguezek. «Dena gainean generaman, janari guztia, butano bonbona...».
«Aconcagua, Cervino... hainbat menditara igo gara Mendiak eta Herriak-i esker. Cervinon, esaterako, biok bakarrik ezingo genukeen»
IRENE SARRIONANDIA ETA JOSEAN RODRIGUEZ Mendizaleak
Pirinioetako zeharkaldi haiek izan ziren Mendiak eta Herriak-en aurrenetako irteerak, Julio Villar eta Felipe Uriarte gidari zirela. «Astebeteko irteerak izaten ziren. Pirinio gogorrak. Juliok eta biok zortzi aste egiten genituen jo eta su, talde batekin larunbatean bukatu eta igande gauean hurrengoa hartu. Bi baldintza izaten ziren zeharkaldi haietan: aterpeetan ezin genuen lo egin, eta bizkarrean eraman behar genuen astea pasatzeko behar genuen guztia: sokak, materiala, janaria, lo zakua, aldatzeko arropa... Irteera haietan errotu zen, nolabait, Mendiak eta Herriak-en arima: baliabide gutxirekin, mendizaletasun ahalik eta garbiena egitea, mendiari lotuta».
Julio Villar, Xabier Erro, Martin Zabaleta...
Uriarte eta Villar hasi ziren lehen irteera haiek gidatzen, eta 1980an Xabier Erro eta Martin Zabaleta batu zitzaizkien. «Juliok eta biok 13 urte egin genituen elkarrekin Pirinioetan, zeharkaldiak gidatzen. 1991. urtean, berriz, Everesteko nire hirugarren saiakeraren ondoren, adiskidetasun handia egin nuen Zulurekin [Jose Luis Zuloaga]. Zulu Chamonixen bizi zen garai hartan, eta Alpeetara jauzia egiteko garaia zela pentsatu nuen. Azken batean, Alpeak dira mendi gidarion eskola eta trebaleku onena».

Kanpoko lehen bidaia Peruko Vilcabamba mendigunera eginiko trekking espedizioa izan zen, 1977an. Gogoan du Uriartek hilabete osoa, hegaldiak eta den-dena barne, 80.000 pezeta zela pertsonako, 500 euro inguru. 1977 urte hartan gidatu zuten Aconcaguako lehen igoera ere. «Zortzi lagun joan ginen, Manu Iurrita, Joseba Egibar, Paco Pou –Eneko eta Ikerren aita–, Fede Colomina... Gerora, Xabierrek Aconcaguako 27 igoera gidatu zituen, nik 20, Iñaki Zuzak beste lauzpabost... Aconcagua izan da gure ikurretako bat».
«Jendea gidatzen dudanean ere beti saiatzen naiz horretan: leku maiztuetatik ateratzen, inguru lasaiak bilatzen, aldian behin bibaken bat egiten...»
GARO AZKUE Mendi gidaria
Garo Azkue jaio gabe zegoen artean, Mendiak eta Herriak lehen zeharkaldi eta bidaia haiekin hasi zenean. Jaio aurretik hasi zen Garo bera ere mendian, amaren sabelean. «Gerora, hemen, Gaintzan bertan, gurasoek borda bat konpondu zuten, justu hor parean. Eta, bertatik bertara, noizbehinka bisitatzen genuen Felipe, ni oso txikia nintzela. Duela gutxi gurasoek kontatu zidaten hiru urte nituela eskiatzen ibili nintzela Salardun (Katalunia), haiekin, Feliperekin eta Mikel Casbesekin. Lanbidea ere pixkanaka haiek erakutsi zidaten: Felipek, Iñaki Zuzak, Leo San Sebastianek, Luis Angel Rojo Gorri-k...». 2015etik da goi mendiko gidaria Garo Azkue, eta Mendiak eta Herriak-en arima horren oinordekoa, nolabait.
Pirinioetan, Alpeetan, Andeetan, Karakorumen, Himalaian, mundu zabalean, ezin konta ahala irteera, bidaia eta espedizio egin ditu 50 urteotan Mendiak eta Herriak-ek; ezin konta ahala izan dira urteotan guztiotan haiekin mendian ibilitakoak; eta ibili horietan ere gidari asko aritu dira modu jarraituan lanean: aurrez aipatutakoez gain, Ramon Vera, Julen Reketa, Igor Lasa, Pello Aranbarri Gorrixa, Karmel Leizaola...

Ainhoa Petralanda eta Edu Larreina aspalditik dira mendizaleak, baina duela bost urte, «pauso bat aurrera emateko asmoz», alpinismoko ikastaro bat egin zuten Julen Reketarekin, eta hurrena Espigueteko ipar-ekialdeko korridorea eskalatu zuten. Eta hurrena Monte Rosako Goi Ibilia edo Spaghetti Tour egin zuten, Garo Azkuerekin... Eta urratsari urrats, aurten Boliviara doaz: «Alpamayo Txikia, Illimani, Huayna Potosi... horietara igotzea da asmoa», azaldu dute.
«Konfiantza, segurtasuna...»
Boliviari buruz hizketan, begiak pizten zaizkie Petralanda eta Larreinari. Eta halatsu Aitor Sarriegi bertsolariari ere, aurtengo neguan Lofoten uharteetan (Norvegia) mendiko eskia egiten igarotako astea gogora ekartzean. Mendiak eta Herriak-ekin mendiko eskiko irteerak egin izan ditu batez ere Sarriegik: Carros de Foc, Silvreta zeharkaldia, aurten Lofoten... Felipe Uriarterekin ere ibilia da Nepalen, euskara-xerpera hiztegia lantzeko egitasmoan laguntzen, eta solasaldian sarri aipatu den hitza ekarri du: konfiantza, «gidariak ematen duen konfiantza, babesa eta segurtasuna».
«Gidaria arduratzen da iragarpenez, bideaz, eta guk gozatu egiten dugu. Bestela, gure kabuz, agian, toki txarretan edo egoera zailetan sartuko ginatekeen, eta guk mendira gozatzera joan nahi dugu»
AINHOA PETRALANDA ETA EDU LARREINA Mendizaleak
Imanol Soroak, adibidez, «konfiantza itsua» du Garorekin. «Berak ondo daki zer gustatzen zaidan, nola nabilen, eta horren arabera edo baldintzen arabera aukeratzen du mendi hura, ertz hura, korridore hura... Eta beti gordetzen du ezustekoren bat. Garori esker, sekulako parajeak ezagutu ditut eta inoiz imajinatuko ez nukeen jarduerak egin ditut. Mendian ibilitakoa naiz, baina jende gehiena ibiltzen den lekuetan, eta Garorekin noanean, konturatzen naiz zer gutxi ezagutzen ditudan Pirinioak, Alpeak...». Ainhoa Petralandak eta Edu Larreinak ere «beste lasaitasun» batekin joaten direla adierazi dute: «Bera arduratzen da iragarpenez, bideaz, eta guk gozatu egiten dugu. Bestela, gure kabuz, agian, toki txarretan edo egoera zailetan sartuko ginatekeen, eta guk mendira gozatzera joan nahi dugu».
Irene Sarrionandiak eta Josean Rodriguezek ere asko estimatzen dute gidarien lana. Duela hamar urte, esaterako, Cervinora igo ziren Garo Azkuerekin, eta «aspaldiko amets bat» bete zuten. «Aconcagua, Cervino... hainbat menditara igo gara Mendiak eta Herriak-i esker. Cervinon, esaterako, Irenek eta biok bakarrik ezingo genukeen. Ez daukagu horretarako adinako teknikarik, baina gidariarekin, bai, ahal izan genuen», adierazi du Rodriguezek, pozik. «Eta ikaragarri ondo igo zineten, gainera», erantzun dio ondotik Azkuek, poz berarekin. Besteen poza baita gidariaren poz handiena. «Jendeari ametsak eta eta ilusioak betetzen laguntzea». Eta Sarriegik inoiz Felipe Uriarteri entzundakoa ekarri du harira: «Gailurrak oparitzea, ez al da hori zuen lana?».
«Beti gordetzen du ezustekoren bat. Garori esker, sekulako parajeak ezagutu ditut eta inoiz imajinatuko ez nukeen jarduerak egin ditut.»
IMANOL SOROA Mendizalea
Mendi gailur hartan egindako bibaka, Pic d’Aulon magaleko etxola trauskil hartan igarotako gauak, gorputzeko hotza astintzeko piztutako suaren txingarretan erretako saltxitxen aho-zaporea, izerdiaren eta kearen arteko lurrin berezi hori... oroitzapen horiek dira eguneroko bizitzarako erregai. «Urtean zehar sarri berreskuratzen ditut mendian bizitako une bizi horiek, eta bestelako animo eta poztasun bat ematen didate, egunerokoan», nabarmendu du Soroak.

Hori da Mendiak eta Herriak-en 50 urteotan metatutako kapitala: gailurrak, bibakak eta sutondoak, tarteka haserrealdiren bat –«bizitzan bezala mendian ere izaten baitira horrelakoak»–, gidari-bezero harremanaz gaindi lagunarte zabalak eta adiskidetasun estuak... Errei zabaletik eta ohiko lekuetatik kanpoko irteerak eskaintzeko egindako ahaleginaren emaitza. Horrela nabarmendu du Azkuek: «Eskola hori eduki dut nik, gurasoen aldetik eta nire aurreko gidarien aldetik, eta jendea gidatzen dudanean ere beti saiatzen naiz horretan: leku maiztuetatik ateratzen, inguru lasaiak bilatzen, aldian behin bibaken bat egiten. Uste dut horrelakoetan denok gozatzen dugula gehiago».
Bai Euskarari sariaÂ
Hasi zirenean, duela 50 urte, dena «zailagoa zen», eta errazagoa, aldi berean. Gaintzan telefono bakarra zegoen, ez zegoen Internetik noski, eta bidaiak eta irteerak kudeatzea ez zen gaur egun bezain erraza. «Nepalera joateko, adibidez, Tolosara jaisten nintzen, eta handik fax bidez lotzen nuen guztia Pemba Tsering lagunarekin», oroitu du Uriartek. Hasiera hartan, ordea, aitzindariak izan ziren neurrian, ez zegoen beste agentziarik inguruan, eta, alde horretatik, «samurragoa zen dena». Gaur egun, berriz, Internet, Wikiloc, Instagram eta abar, asko aldatu da haien lana. «Alde batera, kudeaketa erraztu egin da, baina, bestera, honetatik bizi ahal izateko burdindegi bat antolatu behar duzu, denetarik eskaintzeko: bonbillak, entxufeak, mila gauza», adierazi dute Uriartek eta Azkuek.
Garai batean, urteko eskaintza bat antolatu eta jendeak baterako edo besterako izena ematen zuen. «Orain banakoak etortzen zaizkizu, mendi jakin bat edo jarduera jakin bat eskatzen dutenak, eta zailagoa da taldeak egitea», azaldu du Uriartek. «Eta, gero eta gehiago, kudeaketa lana egitea eskatzen digute: adibidez, Vanoiseko Itzulia egiteko ibilbidea prestatzea, trakak bidaltzea, aterpeak lotzea... Gidari gabe joaten dira, baina dena guk antolatuta».
«Gailurrak oparitzea, ez al da hori zuen lana, gidarion lana?»
AITOR SARRIEGI Mendizalea
Duela 16 urte, beste proiektu bat jarri zuten martxan, mendiak, herriak eta euskara uztartzeko asmoz: Oxigenoa euskarari. «Araban hasi ginen. Hamasei irteera egiten ditugu neska-mutikoekin, mendiaz gozatzeko eta, aldi berean, eskolaz kanpo ere euskaraz aritzeko», azaldu du Azkuek. 2018an, berriz, espedizio bat antolatu zuten Nepalera. Euskal Herri osoko 12 gaztek eta Nepalgo bertako beste hamar xerpa gaztek osatu zuten taldea. «Bi seimilakotara igo ziren, eta hizkuntza bakoitzeko hitzak jaso eta trukatu zituzten, 600 bat hitz guztira. Huraxe izan zen euskara-xerpera hiztegiaren ernamuina, gerora Uriartek eta Sarriegik hura bultzatu eta lantzeko. «Espero dugu aurten argitaratuko dela liburu formatuan, 50. urteurrena ospatzeko», adierazi du Uriartek. Ez da tresna txarra hiztegi bat hizkuntzak lotzeko, Mendiak eta Herriak lotzen jarraitzeko. Trenkatze horretan egindako lanaren adierazle, Bai Euskarari elkarteak emandako sarietako bat jasoko du gaur Mendiak eta Herriak-ek.