Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Mendia
Alpinista
Juan Vallejo: «Mendi batzuk galdu arren, beti geratuko dira lekuak egiazko alpinismoa egiteko»
Patagonian izan zuen istripu larriaren osteko eriondoan «bizipenak ordenan jartzen hasi», eta bere ibilbideari buruzko liburua ondu du alpinista gasteiztarrak: ‘Zero azpitik. (Istorioak)’. Alpinismoa ulertzeko modu zintzo baten lekukotza da argitalpena.
Juan Vallejo, aurkeztu berri duen liburuarekin. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Goizean San Fauston eskalatzen ibili eta gero, arratsaldearen hondarrean egina da elkarrizketa. Eskalada beti aurretik; liburua gero. Igotako gailurrek baino gehiago igo gabe utzitakoek erakusten dute hobeto nor den Juan Vallejo (Gasteiz, 1970): Makaluko Mendebaldeko Pilarea, Ogro, Nuptseko hegoa, Gasherbrum II Txinako aldetik... Asmo zailak guztiak, eta estilo arin bati jarraituz eginiko saiakerak. Everest gaina 2001ean jo zuen, «familiako zor zahar bat kitatu» zuen, Angel Vallejo Rosen aita birritan egon baitzen lortzeko zorian. Baina Everesten bertan, gailurretik goragoko asmoak izan ditu, Hornbein korridoreko saiakerak, adibidez.
2019ko martxoko istripuarekin abiatu duzu liburua. Zirrara handia sortzen du pasarteak. Istripua berriro jaiotzearen parekoa izan zen zuretzat, eta istripuari ‘esker’ jaio da liburua ere, ezta?
Istripua erabateko aldaketa izan zen nire bizitzan. Beldurgarria izan zen. Gauzak normal joan izan balira, nireak han egin behar zuen. Bizitzaren aurreko ikuspegia aldatu zidan ezbeharrak. Hasieran, uste nuen ez nuela berriro eskalatuko, hantxe bukatu zela dena. Asko pentsarazi zidan, etorkizunari buruz, egindakoaz, zertarako gai izango nintzen etorkizunean... Istripuaren ondorioz, hilabete askotan, are urte askotan, ezin nuenez lehen adina eskalatu, nire bizipenak eta oroitzapenak ordenatzeari ekin nion. Ordura arte bizitza oso bizia, azkarra eta intentsitate handikoa izan nuen: espedizio asko, jarduera asko, pasarte asko... Eta denak nahasita neuzkan, edo erdi ahaztuta. Orduan, horiek ordenatzen hasi nintzen, hasiera-hasieratik. Niretzat.
Liburu bat idazteko inolako asmorik gabe.
Hori da, inoiz ez dut liburu bat idazteko asmorik izan. Ni ez naiz idazlea, eta ez dut asmorik idazle izateko. Niri bizitza ordenatzeko asmotik, zeharka, sortu zen liburua. Istripuaren ondorioz, zazpi aldiz egin behar izan zidaten ebakuntza eta, ondoren, osatzeko egonaldi luzeak etorri ziren. Jabetu nintzen idazteak lasaitu eta entretenitu egiten ninduela.
Gaur egun, zer moduz zaude?
Tira, oraindik ere baditut istripuaren ondorio batzuk, baina ezer seriorik ez. Ikusitakoak ikusita, uste dut nahiko ondo geratu naizela. Aurrez egiten nuen ia guztia egiten dut. Eta lehen adinako ilusioarekin eskalatzen dut eta lehen bezain ondo pasatzen dut.
Juan Vallejo eta Juanito Oiarzabal, Everesten, Mallory eta Irvineren igoera biziberritzeko 2000. urtean eginiko espedizioan. JUAN VALLEJOK UTZITAKOA
Berriro jaiotzeaz ari garela, ez zinen edozein familiatan jaio. Aita, Angel Vallejo Rosen, euskal mendizaletasunaren historian nor izan da. Eta Juan Vallejoren bizitzan, nor izan da?
Alpinismoa arnasten zen etxe batean jaio nintzen, eta, txikitatik aitak eskalatzera edo mendira eramaten gintuen. Ia konturatu gabe, eskalatzaile bihurtu nintzen txikitatik. Gerta daiteke arbuioa sortzea, baina nire kasuan markatu egin ninduen. Aita bakarrik ez, ama ere mendizalea zen, eta oso modu naturalean sortu zen dena.
«Istripuaren ondorioz, zazpi aldiz egin behar izan zidaten ebakuntza, eta, ondoren, osatzeko egonaldi luzeak etorri ziren. Jabetu nintzen idazteak lasaitu eta entretenitu egiten ninduela»
Himalaiako lehen espedizioa, 1993an, nora eta Everestera.
Deskalabru handi samarra izan zen hura! Denboraren talaiatik begiratuta, erokeria handi samarra izan zen, orduko eskarmentuarekin, Everestera joatea. Han nengoela bete nituen 23 urte, eta gaztetasunaren suhar hori nuen. Etxetik atera eta bidaiatzeko gogoa, leku harrigarri batera joateko aukera... Baina oraintxe bertan, nik eta taldekideetako batzuek orduan genuen eskarmentuarekin joan nahiko lukeen inori epelak esango nizkioke. Ikasketa handia izan zen, nolanahi ere, zentzu guztietan. Hantxe geratu ez nintzenean! Bridatu gabeko moxalak ginen. Hego Lepora igo nintzen, altuerara behar bezala girotu gabe, bakarrik, eta han geratu nintzen, gorago joan ezinik. Han gertatutakoak balio izan zidan konturatzeko hura ez zela jolasa, eta hurrengoetan erneago ibiltzeko.
Gero, Makalu eta Lhotseko igoerak etorri ziren, baina hurrena, Shisha Pangman, beste kolpe handi bat jaso zenuten: Jose Luis Zuloaga Zulu-ren heriotza.
Kolpe gogorra izan zen Zulurena. Ordura arteko espedizioetan ez genuen inolako arazorik izan, baina Shishan lagun bat galdu genuen eta gureak ere ia egin zuen. Elur-jausiak arrastan eraman gintuen beste taldekide batzuk ere eta gogorra izan zen. Hor konturatzen zara mendi handi horien arriskuaz, horrelakoak gerta daitezkeela, eta onartu egin behar duzu. Edo bestela utzi.
Everesten, lehen esperientzia ez zen ona izan, baina 2001ean beste Everest bat ezagutu zenuen.
Ez nuke esango beste Everest bat. Beste bide bat zen, Tibetetik, iparretik, baina hura ere ohiko bidea zen eta eskalatzeko modua antzekoa: jende asko, xerpa asko, soka asko... Oroitzapen ona dut, gailurrera iritsi ginen, baina eskalatzeko moduak halako zapore gazi-gozoa uzten dizu. Batez ere gerora egindako igoera eta ahaleginekin alderatuz gero. Everesten bertan, 2006an eta 2009an Hornbein korridorean eginiko bi ahalegin haien oroitzapen askoz hobea dut, adibidez, nahiz eta gailurrera ez iritsi. Saiakera haiek, bai, benetako alpinismoa izan ziren. Gure ibilbideko jarduerarik onenetakoak izango dira, seguruenera.
Ferran Latorre, Mikel Zabalza, Juan Vallejo eta Alberto Iñurrategi Gasherbrum IV mendiaren iparraldeko gailurrean.
Liburuan, Hornbein korridoreari buruz aipatzen duzu zure «ametsetako bidea» izan dela.
Alpinista ororen gailurra litzateke. Nekez egingo genukeen ezer hoberik inoiz. Everestera Hornbein korridoretik estilo alpinoan igotzea sekulakoa da, behin bakarrik egin da historian, eta jarduera horrek nire alpinista aspirazio guztiak beteko zituzkeen. 2006an hurbil geratu ginen Alberto [Iñurrategi] eta biok, eta sentipena izan genuen lor genezakeela. Baina niri argi gorri bat piztu zitzaidan buruan, muga bat gurutzatzen ari ginela, eta jaistea erabaki genuen. Denborarekin, agian zuhurregiak edo kontserbadoreegiak izan ote ginen pentsatu izan dut, baina nork daki, muga hura gurutzatu izan bagenu, agian ez ginatekeen hemen egongo. Une hartan oso garbi ikusi nuen. Mendian, gainera, bakarrik ginen: hiru lagun baino ez Everest osoan. Gaur egungo Everesteko irudiak ikusita, gezurra dirudi. Iparreko ohiko bidean inor izan balitz, seguruenera igoko ginen, gero ohiko bidetik eta soka finkoen babesean jaisteko. Baina korridoretik jaitsi behar genuen, eta hura beste kontu bat zen. Pena pixka bat badut, baina erabaki horiek han zaudela hartu behar dira.
Juanjo San Sebastianek hitzaurrean dio zure ibilbidea hobeto erakusten dutela porrotek, zazpimilako eta zortzimilako askotan bide zailetatik eta estilo arinean egindako ahaleginek, lortutako gailurrek baino.
Espedizio horietaz sentitzen naiz harroen, hala da. Zenbat eta erronka zailagoa, orduan eta zailagoa da gailurrera iristea. Ez gara Loretan izan, baina jarduera esanguratsuak izan dira gure ibilbidean. Gailurrera iristea ere ondo dago, ilusioa egiten du, baina egiazko alpinismoak gehiago asebetetzen zaitu.
«Broad Peaken hiru gailurretako zeharkaldiak izugarri exijitu zigun. Sokaldi gisa egin dugun igoerarik onenetakoa izan da»
Egiazko alpinismoko jarduera horietako bat eraman duzu azalera: Broad Peakeko hiru gailurretan Alberto Iñurrategik, Mikel Zabalzak eta hirurok egin zenuten zeharkaldia.
Mikelen argazkia ere ikaragarri ederra baita. Eta jarduera bera ere egin dugun onenetakoa izan da. Gainera, Broad Peaken, bai, gailurrera iritsi ginen. Bide berri bat zabaldu genuen, gainera, eta ez da erraza zortzimilako batean bide berri bat aurkitzea eta zabaltzea. Iparreko gailurrera iritsi ondoren, oso gaizki pasatu genuen Erdikora iristeko. Elurra oso baldintza txarretan zegoen, ordu asko egin genituen elur ustelean borrokan eta tentsio handiz pasatu ginen. Ia gauez heldu ginen tontorrera, denda apurtu batean, ia kale gorrian egin behar izan genuen lo... Broad Peakeko jarduerak izugarri exijitu zigun. Sokaldi gisa egin dugun igoerarik onenetakoa izan da. Mikel eta biok ezin izan ginen azken gailurrera iritsi eta zeharkaldia osatu. Lehertuta ginen. Albertok, berriz, indarra atera zuen bibakeko dendatik atera eta azken gailurrera iristeko eta zeharkaldia osorik egiteko.
Gasherbrum IVko igoera ere beste upel bateko sagardoa izan zen. Kapituluaren izenburuan diozun moduan, distira handiko gailurra.
Mendi ikaragarria da Gasherbrum IVa. Laugarren edo bosgarren igoera izan zen gurea. Gutxi ziren ordura arte igotakoak, alpinista handiak guztiak. Egoa puzten duten jarduera horietako bat izan zen, estilo arin samarrean... Iparreko gailurra lortu genuen, gailur nagusia baino zertxobait baxuagoa, baina guretzat gailurra izan zen, finean. Alpinista ororen ibilbidean beti daude lauzpabost jarduera iltzatuta geratzen direnak, eta hori da horietako bat.
Iparraldeko Broad Peakeko gailurrean, mendi horren hiru tontorretako zeharkaldian.
Kanadan, Eskalaezinen Zirkuan izan zineten 1997an, erabat bakarturik. Liburuan diozu bakartze horrek ez duela inondik ere bat egiten dena gertatu ahala kontatzeko egungo joerarekin.
Komunikatzeko batere modurik gabe halako leku batera joatea zuhurtziagabekeria izan zen, agian, baina garai hartan ez genuen beste aukerarik izango, seguruenera. Orain beste muturrera igaro gara: argazki bat atera eta unean berean non zauden esan behar hori, gailur batera iritsi eta berehala sareetara eramate hori... Ez dakit, alferreko itxurakeria iruditzen zait. Jendeak zukua aterako dio agian, eta babesleak lortuko ditu horrela. Niri ondo iruditzen zait istorioak kontatzea, dokumentatzea, baina uste dut iparra galdu dugula pixka bat. Jendeak ergelkeria asko, baliorik ez duten igoera asko, jartzen ditu sareetan, like gosez. Ez nago sareen kontra, baina zentzua pixka bat galdu dugula iruditzen zait.
«Niri ondo iruditzen zait istorioak kontatzea, dokumentatzea, baina uste dut iparra galdu dugula pixka bat. Jendeak ergelkeria asko, baliorik ez duten igoera asko, jartzen ditu sareetan, 'like' gosez»
Patagoniako istripuaren ondoren, 2023an itzuli zinen Himalaiara, Phurbi Chyachu mendira. Espedizio garrantzitsua izan zen zuretzat, ezta?
Istripuaren ondoren, ez nuen oso garbi egin ahal izango ote nuen berriro halako jarduera motarik. Eta, bai, garrantzitsua izan zen: konturatu nintzen, tira, oraindik ere zerbait egin nezakeela. Bide zail, tekniko eta konpromisozkoa zabaldu genuen Mikel Zabalza, Iker Madoz eta hirurok, eta neure buruari erakutsi nion, nahiz eta nire ibilbidearen gailurrean ez egon, oraindik ere banintzela alpinista. Behar nuen egiaztapen hori.
Juan Vallejo Patagoniako Saint Exupery orratzaren gailurrean. Atzean, Cerro Torre.
Estilo bati eta mendia ulertzeko modu bati leial jarraitu diozu zure ibilbidean. Zer ikuspegi duzu gaur egungo Himalaiako panoramari buruz?
Askotan hitz egiten dugu gaiari buruz gure artean. Iaz Manaslun izan nintzen gidari lanetan, eta jota itzuli nintzen. Banuen mendien komertzializazio basatiaren berri, aspalditik dator, baina iaz bertatik bertara hain gordin ikustea gogorra izan zen. Egoerak okerrera egingo duela uste dut, mendi batzuk galdutzat eman beharko ditugu, baina beti geratuko dira mendiak bide berriak zabaltzeko eta egiazko alpinismoa egiteko. Jendeak jarraitzen du horrelakoak egiten, gurekin ez da ezer hilko, ezta gutxiagorik ere. Garaiak aldatuz doaz, hala ere. Gure garaian, Himalaia eta mendi handiak ziren erdigunea, eta orain, agian, mendi txikiagoetan jarduera teknikoagoak egiteko garaia da. Kalitatezko alpinismoa beti izango da; jendeak jarraituko du eskalada zailak eta gogorrak egiten, nahiz eta gutxiengo bat izan. Euskal Herrian bertan ere badabil jendea jarduera oso onak egiten. Kirol eskaladan jende gehiago dabilela? Bai, baina alpinistak ere beti izango dira.
'ZERO AZPITIK (ISTORIOAK)'
Egilea: Juan Vallejo Argitaletxea: Sua Prezioa: 24 € Orrialdeak: 192