Mendi Film jaialdiak, Ternuak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak Mendi Film Bizkaia Ternua bekaren 7. ekitaldia iragarri dute. Mendiko kulturari loturiko proiektu zinematografikoak sortzea da beka horren xedea. Hauek dira aintzat hartuko diren hiru alderdi nagusiak: mendiko kulturarekin lotura duten proiektuak izatea –kirola, kultura, ikuspegi soziala, jasangarritasuna, ekologia, klima aldaketa eta abar–; egileen gaztetasuna; erabat edo zati batean Bizkaian filmatutako proiektuak izatea, eta haien izaera lokal-globala. Nolanahi ere, hiru baldintza horiek ez dira faktore baztertzaileak izango beka lortu ahal izateko.
Aurten, aurrenekoz, 18 urtetik gorako edonork jaso dezake beka, nazionalitatearen edo bizilekuaren mugarik gabe. Horrenbestez, nazioarteko egileei bidea zabaldu zaie lehen aldiz; izan ere, orain arte Espainiako nazionalitatea zutenentzat bakarrik zen beka.
Bekaren bidez, hautatutako proiektua garatzeko 10.000 euroren diru laguntza eta Itziar Garcia Zubiri ekoizle sortzaileak gidatutako aholkularitza programa eskuratuko ditu egileak.
Hautaketa prozesuak bi fase izango ditu. Lehenengoan, hurrengo fasera igaroko diren lau proiektu finalistak hautatuko dituzte. Bigarren eta azken fasea, berriz, BBK Mendi Film jaialdiaren 19. ekitaldian –abenduaren 4tik 13ra– egingo da aurrez aurre edota online, eta ikus-entzunezkoen komunitateko eta mendiaren munduko kideez osatutako epaimahai batek erabakiko du Mendi Film Bizkaia Ternua bekaren 7. saria zein proiektuk jasoko duen.
Urtebeteko lanketa tartearen ostean, 2027ko BBK Mendi Film zinemaldian estreinatuko da proiektua.
Proiektuak inskribatzeko deialdia 2026ko apirilaren 21etik irailaren 30era arte egongo da zabalik. Oinarriak eta izena emateko formularioa jaialdiaren esteka honetan daude eskura.
Askotariko gaiak landu ahal izango dituzte zinemagileek beren proposamenetan: mendiko kirolak (alpinismoa, eskalada, xenda zaletasuna, eskia, mendiko bizikleta, trail-runninga, kayaka, espeleologia, slack-line, parapentea, eta beste batzuk), abentura, esplorazioa, natura, beste jarduera kultural, artistiko, linguistiko, sozial edo ekonomiko batzuk, ekologia, jasangarritasuna eta klima aldaketa. Guztiak mendiaren eremuan garatuak.