Mendiaren ertz ugariei buruzko solasaldia bihar Tolosan

Malen Osa Ansa mendi korrikalaria, Iñaki Antiguedad hidrogeologo eta mendizalea, Mattin Iñiguez Ormazabal parapentelari eta alpinista, eta Kontxi Franco Montes Solidarios elkarteko kidea mendiaz gozatzeko aukeraz eta ikuspegi ugariei buruz ariko dira.

Aralar eta Txindoki
Txindoki eta Aralar: ertzak eta goi lautadak. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS
ramon olasagasti
2025eko urriaren 29a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

BERRIAren Mendia kanalak mendiari buruzko aktualitatearen berri ematea eta hainbat ibilbide eta proposamen eskaintzea du helburu, mendia bere hedadura zabalean aintzat hartuta. Mendiari euskara ematea eta euskarari mendia, hori ere bada asmoa. Nolanahi ere, dimentsio digital hutsetik harago, aurrez aurreko esperientziak ere antolatu izan ditu. Horren adibide, aurreko urteetan BERRIAlagunekin eginiko bi txangoak: Mikel Arrizabalaga gidari zela Beriain tontorrera eta Euskal Herriaren erdigunera eginikoa, eta Josean Gil-Garciaren eskutik Kuartangoko ibarrean barna egindakoa.

Irakurleengana hurbiltzea, komunitateko kideak elkartzea eta herritarren interesen berri jakitea da, besteak beste, egitasmo horien xedea. Asmo horrekin berarekin, oraingo honetan solasaldi bat antolatu du BERRIAk, oso profil desberdineko mendizaleen arteko mahai ingurua. Bihar, urriak 30, izango da ekitaldia, Tolosako Kultur Etxean, 19:00etan, eta itzal handiko solaskideak ariko dira mendiaren ertz ugariei buruz hizketan: Malen Osa Ansa mendi korrikalari eta eskiatzailea, Iñaki Antiguedad hidrogeologo eta mendizalea, Mattin Iñiguez Ormazabal mendiko parapentelari eta alpinista, eta Kontxi Franco Montes Solidarios elkarteko kidea.

Mendiaren dimentsio eta ertz guztiei leku egitea da kanalaren borondatea –izan alpinismoko albisteak, eskaladakoak, mendiko lasterketei loturikoak, mendi apalagoetako jarduera klasikoak, mendiko eskikoak, iraupen eskikoak...– eta asmo hori bera du biharko solasaldiak ere. Lau solaskideek mendiarekin loturiko hainbat gairi buruz eztabaidatu eta hausnartuko dute, nork bere ikuspegitik. Mendia eta lehia, masifikazioa, ingurumenaren zaintza, mendia eta inklusioa... hainbat gai jarriko da mahai gainean. Truke bat izango da, nor beretik arituko da, baina besteena ulertzeko ahaleginean.

Bertaratzen direnek eta mendiaren gaineko interesa eta kezka duten guztiek aukera izango dute, nola ez, lau solaskideei beren galderak egiteko eta mahaira beren gaiak ekartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.