Mendietxe museoak nazioarteko mendizaletasunaren historiari lotutako murgiltze gune berriekin jantzi du bere bigarren fasea

Museografia proposamen berritua zabaldu du: esperientzia sentsorialagoak, eskala errealeko birsortzeak eta pieza historikoak. Fase honetan nazioarteko proiekzioa indartuko dute. «Museoa gune bizi bihurtu nahi dugu», adierazi du Alex Txikonek.

Mendietxe museoaren bigarren fasearen inaugurazioa
Mendietxeren sustatzaileak eta erakundeetako ordezkariak bigarren fasea zabaltzeko ekitaldian, gaur. BIOK KOMUNIKAZIOA
Erredakzioa
2026ko urriaren 17a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendietxe museoak beste urrats garrantzitsu bat egin du bere ibilbidean, museo proiektuaren bigarren fasea zabaldu baitu gaur. Museoaren arduradunen hitzetan, zabalkunde horrek «jauzi kualitatibo handia ekarriko du, eta erabat berrituko du mendizale eta bisitarien esperientzia». Bigarren fasearen inaugurazioak «mugarri bat ezarriko du», Alex Txikon alpinistak eta Soraluze Elorza familiak gidatutako Mendiaren Etxea elkartearen egitasmoan, gaurko aurkezpenean azpimarratu dutenez. Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Sailaren eta Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailaren babesa du proiektuak.

Hori guztia dela eta, museoak ate irekien jardunaldi bereziak egingo ditu gaur arratsaldean eta bihar egun osoan, bigarren fasean jarritako murgiltze eremu berriak, bilduma historikoak eta esperientziak jendeari erakusteko asmoarekin. Sarrera doakoa izango da bi egunetan, baina aurrez izena eman beharko da bisitetan parte hartu ahal izateko.

«Gure asmoa da mendietxe bisitatzen duenak, objektuak edo argazkiak ikusteaz gain, mendia barrutik bizitzea; espedizio bakoitzean bizitzen ditugun emozioak, zailtasunak eta edertasuna sentiarazi nahi dizkiogu bisitariari»

ALEX TXIKON Alpinista eta Mendietxe museoaren sustatzailea

Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Mendietxera joateko deia egin die herritarrei: «Mendirako pasioa duten eta oraindik Mendietxe ezagutzen ez duten guztiak gonbidatzen ditut espazio paregabe honetaz gozatzera, aukera ematen duelako mendizaletasunaren mundu zirraragarrian murgiltzeko museotik irten gabe. Murgiltze esperientzia bat da, eta gure planetako tontor ikonikoenetako batzuetara espedizioan zoazela sentiarazten dizu».

Dominguezen iritziz, mendia ez da gure paisaiaren parte bakarrik: «lurralde gisa dugun nortasunaren, historiaren eta bizitza ulertzeko eta inguratzen gaituen naturarekin erlazionatzeko moduaren parte da, eta Mendietxek bikain transmititzen ditu balio horiek».

2024ko azaroan ateak zabaldu zituenetik, Mendietxe museoa nazioarteko alpinismoaren eta mendizaletasunaren aterpe da. Bigarren fasean, museoak edukiak zabaldu ditu, eta aurrerantzean «esperientzia murgiltzaileagoa, emozionalagoa eta parte hartzaileagoa eskainiko du», Txikonek nabarmendu duenez. Mendietxe museoaren bigarren faseak hiru solairutan banatutako 1.100 metro karratu baino gehiagoko eremua irekiko dio publikoari. Ondare historikoa, berrikuntza teknologikoa eta murgiltze eremuak uztartzen dituen ibilbidea proposatzen dute eremu berrituan, «bisitariari alpinismoaren errealitatea ikuspegi emozional, hezitzaile eta sentsorial batetik erakusteko», Txikonen hitzetan.

Mendia sentitzeko murgiltze esperientzia

Fase honen elementurik aipagarrienetako bat hirugarren solairua da. Eremu horretan, bisitariek ikus-entzunezko murgiltze esperientzia batez gozatu ahal izango dute, LED pantailez hornitutako 60 metro karratu baino gehiagoko ganga berezi baten azpian. «Eremu horretan, espedizio handietako irudiak, goi mendiko paisaiak eta dokumentalak proiektatuko dira, bertaratutakoek senti dezaten planetako mendi handietan daudela», azaldu du Txikonek.

Museografia proiektu berriak «historia, ezagutza eta emozioa» uztartzen dituzten gune tematikoak bildu ditu. Horien artean ermita bat, liburutegi espezializatu bihurtua, ikerketarako eta hausnarketarako gune bat, eta mendiaren historiarekin lotutako argitalpenak, dokumentuak eta materialak jasoko dituen eremua.

Esperientziarik berritzaileenetakoa beheko solairuan egongo da: bisita gidatuen bidez, zero azpitik 20 gradutan egongo den benetako hozkailu ganbera batera sartzeko aukera, alpinistek goi mendiko espedizioetan izaten dituzten baldintzak modu errealistan bizi ahal izateko. «Esperientziak irauten duen bitartean, bisitariek muturreko hotza eta bisutsaren indarra sentituko dituzte, eta alpinistek zein himalaistek erabiltzen duten material teknikoarekin jantzi ahal izango dute, hobeto ulertzeko planetako ingurunerik gogorrenetan moldatzeak zer eskatzen duen fisikoki eta psikologikoki».

Ondareari dagokionez, Mendietxek Suitzako, Italiako, Japoniako, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Espainiako materialak, ekipamenduak eta objektu historikoak bildu ditu, eta, hala, museoari nazioarteko kutsu nabarmena eman. «Nolanahi ere, museoaren indargune nagusietako bat euskal mendizaletasunari lotutako ondarea izango da aurrerantzean ere, balio historiko eta sinboliko izugarriko piezak baititugu gurean». Horren adibide, Andres Espinosa aitzindariaren jatorrizko hainbat objektu egongo dira ikusgai, piolet eta kranpoi batzuk esaterako.

«Gure asmoa da Mendietxe bisitatzen duenak, objektuak edo argazkiak ikusteaz gain, mendia barrutik bizitzea; espedizio bakoitzean bizitzen ditugun emozioak, zailtasunak eta edertasuna sentiarazi nahi dizkiogu bisitariari. Bigarren fasean, museoa gune bizi bihurtu nahi dugu», adierazi du Txikonek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA