Mendiko irudi ikusgarrienak sarituko dituzte bihar Donostian

Rainer Eder argazkilari suitzarraren ‘Michelangelo’ irudiak irabazi du CVCEPHOTO nazioarteko argazki lehiaketaren 11. edizioko sari nagusia. Bihar egingo dute sari banaketa, EMFren galan.

Rainer Eder suitzarraren 'Michelangelo' argazkia. RAINER EDER
Rainer Eder suitzarraren 'Michelangelo' argazkia. RAINER EDER
ramon olasagasti
2025eko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Crodo herriko (Italia) harrobi zahar bat, zain beltzak harri grisaxka ebakitzen, arrakala perfektu bat eta eskalatzaile bat —Fred Moix— gorputz egokiera ezin hobean, bere artelana gauzatzen. Michelangelo izenburua eman dio Rainer Eder argazkilari suitzarrak bere obrari, eta horrekin irabazi du aurten CVCEPHOTO nazioarteko lehiaketako sari nagusia. «Lehen aldiz toki hori ikusi nuenean, berehala konturatu nintzen argazkiak ateratzeko leku berezia zela. Urruneko muino batean jarri, eta teleobjektiboarekin atera nuen argazkia», azaldu du Rainerrek.

Bihar egingo dute nazioarteko argazki lehiaketa entzutetsu horren sari banaketa, Euskal Mendizaletasunaren 29. Galaren barnean. Aldapeta Maria ikastetxeko auditoriumean izango da ekitaldia, 18:30etik aurrera. Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak berak antolatu du gala, bere 75. urteurreneko ekitaldien artean.

2025eko CVCEPHOTO nazioarteko lehiaketako argazki sarituak
Patagoniako Fitz Roy mendia, Alex Wides egilearen 'Climbing' panoramikan. ALEX WIDES

Bigarren saria Italiako Alex Wides argazkilariarentzat izan da, Climbing (Eskalatzen) irudiarengatik. Konposizio konplexu eta landua da: hainbat argazki elkartuta 360 graduko panoramika harrigarri bat sortu du egileak. Emaitza: Patagoniako mendiguneek eta haranek inguratzen duten Cerro Chalten edo Fitz Roy mendia, berez den baino kasik ikusgarriago.

2025eko CVCEPHOTO nazioarteko lehiaketako argazki sarituak
Segoviako Valsain herriaren inguruetan ateratako argazki honek jasoko du hirugarren saria. PATRICIA VALERO

Hirugarren saria Patricia Valerorentzat izan da, Bailando en el río (Errekan dantzatzen) argazkiarengatik. Irudia Valsain herrian (Segovia, Espainia) atera zuen, eta bloke eskaladaren dinamismoa eta errekako uraren leuntasuna uztartzen ditu. «Ibaiaren barruan tripode bat jarri, eta flasharen bidez eskalatzailea argitu nuen. Meritu guztia Guillerena da, zenbait segundoz eutsi baitzion posturari, efektua lortzeko», azaldu du egileak. Epaimahaiak bereziki baloratu du irudiak sortzen duen giroa, basoko txoko batean; «izan ere, lasaitasuna transmititzen du, eta ez eskaladako irudietan ohikoa izaten den adrenalina eta mugimendua».

Sari bereziak

Aipatutako sari nagusiez gain, urtero hainbat sari berezi ere izaten dira lehiaketa horretan. Euskal Herriko Argazkirik Onenaren EITB Sari Berezia, aurten, Aritz Gordorentzat izan da, Neguko oreka lanagatik. Irudia Buetraitz mendiaren magalean atera zuen (Aizkorri-Aratz parke naturala), elur jasa handi baten ostean. Argazkian, Markel Uriarte txirrindularia ageri da pinu elurtuen artean, simetria perfektuaren eta isiltasun zuriaren erdian.

2025eko CVCEPHOTO nazioarteko lehiaketako argazki sarituak
Markel Uriarte elurretan orekak egiten, Aloña mendilerroan, Buetraitz mendiaren magalean. ARITZ GORDO

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren urteko kartela ere lehiaketa honetatik sortzen da. Aurten, sari berezi hori Julia Roger Veyerrentzat izan da, The Cave (Haitzuloa) lanagatik. Irudia Chamonixeko Mer de Glace glaziarrean dagoen izotz naturaleko kobazulo batean atera zuen. Egileak izotzezko paisaia efimeroak esploratzen ditu, haien argi aldakorrek eta ozeanoen antzeko atmosferak erakarrita. «Izotzak liluratu egiten nau: haren itxura aldatu egiten da argiaren eta urtaroaren arabera, eta paleta desberdin bat sortzen da beti», azaldu du argazkilari frantziarrak. 2025a glaziarren urtea den heinean, arriskuan dagoen ondare natural horren ikono bilaka daiteke irudi hau.

2025eko CVCEPHOTO nazioarteko lehiaketako argazki sarituak
'The Cave', 2025eko Mendi Filmeko kartela. Chamonixeko Mer de Glace glaziarrean ateratako irudia. JULIA ROGER-VEYER

Sari nagusiez gain, epaimahaiak hamabost ohorezko aipamen egin dizkie munduko hainbat lekutako egileek aurkeztutako argazkiei, haien originaltasuna, konposizioa eta indar bisuala aintzat hartuta.

Lehiaketako argazki guztien galeria ikusgai dago CVCPHOTO lehiaketaren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.