Iragan igandean jokatu zen Font Romeuko mendi lasterketa, Languedoc-Rosellon eskualdean (Okzitania); emakumezkoetan Monica Grajera (1975, Sant Esteve de Sesrovires, Bartzelona) izan zen nagusi.
Bosgarren urtea bete du lasterketak, eta aurten ere lau distantziatan lehiatu dira parte hartzaileak: bost kilometro, hamabi kilometro, 25 kilometro eta berrogei kilometro. Negu betea izanik, baldintza gogorretan egin zen lasterketa: zero azpiko tenperaturak eta elurra zoruan. Urteko lehen mendi lasterketa ezagunetakoa da, eta, urtero bezala, mendiko korrikalari asko bildu dira denboraldia prestatzen hasteko: guztira, 1.340 dortsal lau lasterketetan. 243 lagunek amaitu zuten lasterketa nagusia, berrogei kilometrokoa, eta tartean hainbat euskal herritar izan ziren.
«Duela pare bat urtetik joan nahi genuen lasterketa honetara, eta azkenean lagun talde bat aurten joan gara abenturara. Helburua gozatzea zen, sekula elurretan korrika egin gabe nengoen eta. Gainera, ez nuen zirkuitua ezagutzen, ezta ingurua ere, eta elurra nola zegoen ere ez genekien», azaldu du. Grajerak bost ordu eta 53 minutuan amaitu zuen berrogei kilometroko lasterketa, tartean 3.200 metro desnibel metatu gaindituta. «Egia esan, urtarrila da oraindik, eta ez naiz asko entrenatu eta zalantza asko neukan. Ondo ariko nintzen, zer zapatila eraman, kranpoiak.... Zati askotan ongi egin zitekeen korrika, elurra ondo zegoen eta. Beste zati batzuetan, belaunerainoko elurra aurkitu genuen, eta oso zaila zen aurrera egitea, baita oinez ere. Eskiko pista beltzetan jaitsiera ikusgarriak egin genituen, eta baso zoragarriak zeharkatu genituen, zuhaitz elurtuen artean», azaldu du, pozarren. Ongi sentitu da lasterketa amaituta, «motibatuta eta gogotsu».
Grajera betidanik izan da kirolaria, baina orain lau urte hasi zen mendiko lasterketetan lehiatzen, eta distantzia luzeetan ibiltzen da batez ere. Hainbat lasterketa irabazi ditu, eta, esaterako, 2011n bigarren egin zuen G2Hn (Goierriko 2 Handiak, 88 km) eta eta iaz hirugarren EHMEn (Euskal Herriko Mendi Erronka, 65 km). Aurten ere lasterketa asko ditu buruan: «Proba asko ditut begiz joak, baina, denen gainetik, Zegama-Aizkorri egitea gustatuko litzaidake. Eman dut izena; ea zozketan zortea daukadan». Beste euskal herritar batzuk ere izan dira Font Romeuko lasterketan, eta Joseba Gurpegi gipuzkoarrak zortzigarren egin zuen.
Mendia
Monica Grajerak irabazi du Font Romeuko lasterketa
Alkizan bizi den katalanak bost ordu eta 53 minutuan egin zituen mendiko berrogei kilometroak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu