Munduko biderik zailena, hatz puntetan

Iker Pourentzat eta Eneko Lasagabasterrentzat mugarria da Tommy Caldwell eta Kevin Jorgeson eskalatzaile estatubatuarrek Yosemiteko Kapitainean kateatutako Dawn Wall bidea. Estilo librean egin dute, hemeretzi egunean.

Tommy Caldwell, 13. luzea eskalatzen. Kevin Jorgeson dago haren azpian, zain. TOM EVANS / ADIDAS OUTDOOR.
2015eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Horma izugarria. 914 metrokoa. Estilo librean, oin eta esku hutsean, segurtasun soka batekin. Tommy Caldwell eta Kevin Jorgeson estatubatuarrek hemeretzi egunean kateatu dute Kapitainaren (Yosemite, Kalifornia, AEB) horma bertikala, munduko zailena.

«Balentria gogoangarria». «Txapela kentzeko modukoa». Hala azaldu dute Iker Pou (Gasteiz, 1977) eta Ander Lasagabaster (Arrasate, 1980) euskal eskalatzaileek estatubatuarren lorpena. Warren Harding estatubatuarrak (1924-2002) 1970ean zabaldu zuen The Nose bidea Kapitainean. Orain arte, baina, inork ez ditu igo Egunsentiaren horma deitutakoaren 914 metroak Caldwellek eta Jorgesonek egin duten bezala: estilo librean, segurtasun soka batek lagunduta. Ezinezkoa zena eskalatzera zerk eraman dituen galdetu diete askok bi eskalatzaileei: «Gure mugak non dauden badakigula uste dugu, baina, agian, oker gaude», erantzun zuen sare sozialetan Caldwellek. Kapitaina ezinezkoa zela esan dute orain arte askok. Ezinezkoa egingarri da orain.

AEBetako presidente Barack Obamak berak sare sozialetan zoriondu ditu bi eskalatzaileak. «Oso harro, Caldwell eta Jorgesonek Kapitaina konkistatu dutelako. Edozer posible dela gogorarazi diguzue».

Eskaladan orain arte egin den zailena izan da, Iker Pou gasteiztarraren ustez. «Oso horma zaila da, eta hamabi luze dauzka 8 zailtasunetik gorakoak. Gainera, gogorra da hemeretzi egun hamaketan, horman egitea. Eguraldia eta hormaren baldintzak alde izan dituzte, baina sekulako erronka egin dute. Kostako da beste bide bat egitea halako zailtasunekin», gehitu du. Azken lorpena bakarrik ez, zazpi urteko ibilbidea ere goraipatu du Ander Lasagabasterrek: «Munduko luze zailenak dauzkan bidea kateatzea munduko hormarik mitikoenean; bikote gaindiezina da. Hala ere, lorpena harago doa. Zazpi urtez aritu dira lanean, eta hori izugarria da. Eskalatzaileok badakigu zer den helburu bat jarri, eta hori lortzeko lan egitea. Alde horretatik, dedikazio eta motibazio txalogarria erakutsi dute».

2014ko abenduaren 27an ekin zioten Kapitainaren 11. saialdiari Tommy Caldwell eta Kevin Jorgeson estatubatuarrek. Dawn Wall proiektua, ordea, orain zortzi urte sortu zen bi eskalatzaileen barruan. Caldwellek lau bide askatuak zeuzkan Kapitainean, eta hormak dauzkan hamahiruak askatzeko erronkari bueltaka hasi zen. 2007a zen. Bi urte geroago Kevin Jorgeson sartu zen proiektuan. Zazpi urte egin dituzte proiektua lantzen, horma ezagutzen, bideak zabaltzen. Ezustekoak ere izan dira tartean: 2011n, esaterako, Jorgesonek erorikoa izan zuen 16. luzean, eta orkatileko lotailuak hautsi zituen. Bi urte geroago, Caldwellek saihets batean min hartu zuen. Gorabehera guztiak gaindituta, 2014aren hondarrean iritsi zitzaien zazpi urtez ondutakoa burutzeko unea.

Hamaika eguneko korapiloa

Igoeraren lehen herena oso azkar egin zuten. Zortzigarren luzean (8b) presa zorrotzek hatzak zaildu zizkietela jakinarazi zuten jada eskalatzaileek. Igoera ez zen erraza izango. Hamabigarren eta hamaseigarren luzeen artean daude zailtasun nagusiak. Hamabigarren luzea bera (8C) ezinezko izan zitzaien bi lagunei 2010ean, baina oraingoan bigarren saialdian kateatu zuten. Hamalaugarren luzea da ibilbideko gogorrena: First Traverse, 9a zailtasunekoa.

Gauez egokitu zitzaien zati horiestatubatuarrei. Hamabosgarren luzeak (9a) osatzen du Grand Traverses saila. Caldwellek erraz antzean kateatu zuen, baina Jorgesoni gehiago kostatu zitzaion, hatzetako mina zela medio, eta, atseden egunak tartekatuz, guztira 11 egun behar izan zituzten saila osatzeko. Hamaikagarren saialdian lortu zuen aurrera egitea bi eskalatzaileetan gazteenak: «Inpultsua indar ahaltsua da. Zure alde dagoenean errazagoa dirudi denak; uzten zaituenean, berriz, lokatzetan zaudela dirudi», idatzi zuen Jorgesonek berak sare sozialetan.

Wino Tower zatirainoko luzeak iritsi ziren gero. Hamaseigarrenean Dyno Pitch ezaguna Loop Pitch bariantetik kateatu zuten, 8c+ igarobidea 8b+ bihurtzen duena. Wino Tower gaindituta, bi egun baino ez zituzten behar izan azken bururainoko 11 luzeak (7c+ zailtasunerainokoak) kateatzeko. Urtarrilaren 14an iritsi zen bi eskalatzaileen arteko gailurreko besarkada.

Oihartzun historikoa

Eskalatzaileak sabaira iritsi zirenean, 25 lagun zeuden gailurrean, eta 25 haiek izan ziren bi eskalatzaileen arteko besarkadaren lekuko. Birtualki, ordea, ehunka mila lagunengana iritsi zen besarkada hura. Hemeretzi egunez, ehunka mila zalek jarraitu dituzte eskalatzaileen gorabeherak: presaz presa, luzez luze. Inoizko oihartzun mediatiko handiena izan baitu Caldwell eta Jorgesonen espedizioak. Eskalatzaileek eurek une oro argitaratu dute informazio eguneratua Instagramen, Twitterren eta Facebooken, eguzki energiaz hornitutako bateriadun sakelakoekin. Horrez gain, hedabide askok zuzeneko jarraipena egin diete. San Jose Mercury News hedabideak zuzeneko emisioa eskaini zuen Internetez, eta azken lau luzeak nola askatu zituzten ikusi zuten milaka jarraitzailek. Oihartzun mediatiko hori dela eta, Kapitaina hedabidez gainezka egon dela ere salatu dute zale askok.

Bidea askatzeko bi eskalatzaileek erabilitako logistikak ere eman du zeresana. Hemeretzi egun egin dituzte horman, bai, baina laguntza talde handia izan dute materiala eta jatekoa bideratzen eta eskalatzaileen zaborra jasotzen. Ildo horretan, kirol erronka eta abentura bereizi egin ditu Pouk: «Caldwell eta Jorgesonentzat Yosemite oso erosoa da eskalatzeko, etxetik hamar minutura daukatelako eta, horri esker, lagun asko izan direlako haiei laguntzen. Beraiek eskalatu egin dute, bai, baina gainerako guztia (materiala, jana, edana) laguntzaileek antolatu diete». Halako horma batean baino ezin da egin halakorik, Pouren iritziz, horma oso luzea eta zaila izanagatik oso inguru erosoan dagoelako, hiritik eta jendearengandik oso gertu. «Kirol aldetik, oso erronka zaila egin dute, baina, abentura aldetik, ez; hirian egon dira, eta oso eskura», gehitu du.

Yosemiten ohikoa den sokada estiloan eskalatu dute horma bi lagunek, hau da, biek librean eskalatu dituzte luze guztiak. Eskalatzaile puristenek, ordea, luze denak lehenengoaren gisan eskalatzea eskatzen dute, eta halakorik ez dute egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.