Amaitu da mendi lasterketen hirugarren Bortzirietako Kopa (Nafarroa). Aurreko larunbatean jokatu zen azken proba, Lizuniagako igoera, eta, lasterketa guztietako emaitzak kontuan hartuta, Nahia Pikabea eta Gwendal Larque izan dira irabazleak.
Lizuniagako azken proban, 62 korrikalarik hartu zuten parte, eta Nahia Pikabeak berak eta Aritz Arratibelek lortu zuten garaipena. Pikabeak 22.01ean osatu zuen 4.9 kilometroko igoera; haren atzetik, Amaia Etxartek (23.33) eta Mireia Ostizek (24.39) osatu zuten podiuma.
Gizonezkoetan, aurreko urteko irabazlea nagusitu zen, Aritz Arratibel, igoera 17 minutu eta 22 segundoan osatuta. Jarraian, Gwendal Larque helmugaratu zen (17.44), eta hirugarren, Eneko Garin (18,24).
Nahia Pikabeak zirkuituko azken bi lasterketak irabazi ditu, Agerrako Krosa eta Lizuniagako igoera, eta 395 puntu batu ditu, osotara, Bortzirietako Kopan. Sailkapen nagusian, Mireia Ostiz izan da bigarren, 370 punturekin, eta Saioa Garbisu hirugarren, 288 punturekin.
Gizonezkoen sailkapenean, Gwendal Larquek podiumeko postuak lortu ditu bortz lasterketetan eta Alkaiaga Trailen, gainera, garaipena eskuratu zuen. Guztira 395 puntu batu ditu. Haitz Telletxea izan da bigarren, 321 punturekin, eta Oihan Pikabea hirugarren, 316 punturekin.
Taldekako sailkapenean, Eziñin izan da Kopako hirugarren ekitaldiko irabazlea, 500 punturekin, Agerrako Runners (460) eta Zerbezeruk (455) taldeen aitzinetik.